Durangoko 57. Azoka. Balorazioak

Mikatza gozatzeko urtea

Gaur itxiko da Durangoko 57. Azoka, eta poza agertu dute erakusmahaien atzean lanean egon diren saltzaileek. Elkargunea berreskuratu izana ospatu dute batez ere, baina salmentak «historikoak» izan direla ere adierazi du batek baino gehiagok

Behin-behineko balorazio bat eginik, baikor agertu dira Gerediagakoak, gaurko eguna falta bada ere oraindik. ARITZ LOIOLA / FOKU.
itziar ugarte irizar
Durango
2022ko abenduaren 11
00:00
Entzun
«Iaz, lankideei esaten nienean ondo samar ari ginela saltzen, begiratzen zidaten modu batera... esaten ezetz, hori ez zela ondo saltzea. Aurten ulertu dut». Iazkoa lehen urtea izan zuen Uxue Razkinek Ereineko editore gisa Durangoko Azokan, eta haren hitzek erakusten dute aurten itzulera urteak utzi duen sentsazioa: ohiko azoka arrakastatsuaren itxura berreskuratu du Durangok. 2019ko salmenta datuak gutxi-asko berdindu eta gainditu egin dituzte liburu eta disko saltzaileek, eta, horren poza ezkutatu barik, ostera ere elkar ikustearen aukera berreskuratu izanak gozatu die, batez ere, azken bi urteek mikaztutako aho zaporea.

Jendearen joan-etorria egunetik egunera irregularra izan bada ere, oro har, bero sumatu dute giroa azokan lanean egon direnek. Osteguna izan zen nabarmen egunik jendetsuena, eta berriz azokako zurrunbiloan sartzeko grina sumatzen zela aipatu du Lander Majuelo Igela argitaletxeko kideak: «Nire ustez, ostegunean gertatu zena izan zen pandemia ostean ekitaldi kultural askorekin gertatzen ari dena; antsietate izugarria, korrika sarrerak erosi, badaezpada korrika etorri... Momentu batean sekulako tapoia egin zen». Salmentetan ere inoiz izan gabeko zenbakiak lortu zituzten eurek: «Guretzat historikoa izan zen; baina ez bakarrik guretzat, baita albokoentzat ere [Katakraken erakusmahaia dute ondoan]. Eta hori guk ez ditugula autoreak hemen sinatzen ibiltzeko».

Poztu du, gainera, standera bildu zaizkien irakurleengan berritasunak sumatzeak. «Lehen itzulpenarekin zerikusia zuen jendea hurbiltzen zen gehiago, irakurle mota zehatz bat, baina aurten etorri da jende asko gustuko duen autore horren liburuaren bila, batez ere, jende gaztea». Alde horretatik, «literaturaren eta literatura itzuliaren arteko hesia» erortzen sumatu izana txalotu du. Salgai izan dituzten lanen artetik, Passoliniren Kale gorriko umeak eta Irene Pujadasen Puskak eskatu dizkiete gehien —«kuriosoa da, ze oso ezberdinak dira»—, baita Annie Ernaux aurtengo Nobel saridunaren lau itzulpenak ere. «Batez ere emakume gazteak etorri dira horien bila, pila bat».

Parez pare egon dira Susa argitaletxearen lau erakusmahaiak, eta edizio «oso ona» izan dela berretsi du bertako editore Leire Lopez Ziluagak ere. «Salmenta aldetik oso ondo aritu gara. Ohi den bezala, udazkeneko narratibak oso ondo funtzionatu du, baina bereziki pozgarria da bestelako liburuak ere, euren neurrian, funtzionatu izana». Poesia argitalpenei eta aurreko urteetako lanei egin die aipamena hor, eta nabarmendu du, esaterako, Ahotsenean, poema liburu baten aurkezpenean 70 bat lagun bildu izana dela beretzat bereziki berri ona. «Irakurleekin egoteko urteko aukera bakarrenetakoa da hau guretzat. Idazle eta irakurleen arteko topaketa ederrak gertatzen dira, eta hori beti gauza inportante bat da guretzat azokan».

Antzera mintzatu dira Txalapartako editore Ane Eslava eta Garazi Arrula ere. Ororen gainetik, Landako berriz «beteta» ikusteak ematen duen «indarra» nabarmendu dute, eta pozik agertu dira eurenean ere salmentak orekatuak izan direlako katalogo zabaleko sail eta bilduma ugarien artean. «Ez da egon bereziki nabarmendu den titulurik, eta hori polita da». Gaztelaniazko eta euskarazko lanak argitaratzen ditu Txalapartak, eta hizkuntzaren ardatzean antzeman dute aldaketarik aurten. «Egunero-egunero, gehien saldutako hamar titulutik zortzi-bederatzi euskaraz izan dira, eta lehen urtea da hain alde nabarmena duguna. Pozgarria da».

Lan izar bat bai egon da aurten Elkarren salmentetan: Harkaitz Canok, Unai Iturriagak eta Joseba Larratxek sinatutako Ni ez naiz Mikel Laboa komikia. Ekarritako liburu guztiak amaitu zitzaizkien lehen bi egunetan, eta, ostiral goiza ale bakar bat gabe izan baziren ere, lortu zuten arratsalderako beste edizio bat ostera eskuragai izatea, bigarrena. Gainontzean, Joan Mari Larrarte argitaletxeko kideak azaldu duenez, haur literaturak ohi bezain ongi funtzionatu du aurten, baina antzera joan da balantza beste adarretan ere, eta, ezer berezirik aipatzekotan, saiakeran goranzko interes bat sumatu dutela aipatu du. Baita lehen eguneko Ikasle Goizean ohikoan baino gehiago saldu izana ere. «Egileak eurak ere asko hurbildu dira aurten; denen aldetik sumatu da etortzeko gogoa».

Azokan berriagoak diren zenbait izenek ere ospatu dute aurtengo bisitariek egin dieten harrera. Consonni argitaletxeko Maria Murrek aurtengoa «pasada bat» izan dela errepikatzen zuen atzo, «historikoa» izan dela eurentzat. «Gure kasua berezia da, gainera; hizkuntza gutxituak itzulpenaren bitartez defendatzen ditugu, eta, azokan ezezagunakoak bagara ere, sentitu dugu jendeak ezagutzen gaituela».

Oraindik ere, «oasia»

Musikarien eremura ere hedatu da sentsazio gozoa. Disko fisikoen beherakada ikusita, kamisetak, poltsak eta bestelakoak saltzeko aukera izan dute lehen aldiz; hori izan da aurtengo nobedade nagusietako bat haienean. MusikaZuzeneanen erakusmahaian, Koldo Otamendik aitortu du bazuela beldur apur bat, «ez ote zen hau Zara bat bihurtuko», baina iruditu zaio azkenean nahiko orekatuak egon direla standak, eta musikari eman ziola, batez ere, garrantzia. «Diskoen gainbeheraren aurrean, standaren prezioa ordaindu ahal izateko aukera ona da, hala ere». Ahotsenean jo duten taldeen diskoak ere lehen aldiz egon ahal izan dira bertan salgai, Plateruenan, eta erabaki hori ere txalotu du Otamendik. «Beti sumatu dugu kontzertu ostean kolpe bat egoten dela talde horren erosketetan».

Aurtegoak utziko zuenarekiko mesfidantza puntuarekin jardun zuen azokaren lehen egunean BERRIAn Ritxi Aizpuru Baga Bigako kideak. Zehazki esan zuen 2019an lortutako salmenten %65 lortuta pozik legokeela, eta, hiru egun igarota, haren kide Iker Aginagak berretsi du baietz, pandemia aurreko azken azokaren pareko balantzearekin etxeratuko direla. ETS taldearen lan berria saldu dute gehien, aldearekin. Aizpuruak esan zuen 2.500 bat ale saltzea nahiko luketela, eta uste dute baietz, «gertu» ibiliko direla. «Jaitsiera bistakoa den arren, azokan jendeak jarraitzen du momentuz diskoak erosten; oasi bat da alde horretatik».

Tonu beretik joan dira Andres Kamio Jitu Elkarreko musika arduradunaren inpresioak ere. Atzo, larunbata, akaso jende gehixeago espero bazuten ere, azokaren balorazio «positiboa» egin dute haiek ere. «Nobedade asko atera dugu aurten, eta denak mugitu dira oso ondo». Eñaut Elorrietaren Fantasia-ren eta Ines Osinagaren #Itsasoadabidebakarra-ren bila joan zaizkie zale ugari, baina «transmisioari lotuago» atera dituzten lanek izan duten harrera ere ospatu du, batik bat, Imanol kantariaren inguru disko-liburuak. Klasiko bat ere errepikatu da aurten: «Taldeak gurekin baldin badaude, askoz gehiago saltzen dute. Lehengoan, esaterako, etorri zen Kristonak, eta sekulako giroa jartzeaz aparte, aurrez saldu ez zuten guztia saldu zuten bi ordutan». Eta beste klasiko bat: «Kortatu, Hertzainak, Deskontrol... funtsetako diskoak bost eurotan ditugu, eta aurten ere dozenaka mugitu dira».

Gerediaga elkarteak gaur egingo du balorazio ofiziala, baina parte hartzaile, sortzaile eta zaleen aldetik jasotako iritzia aldekoa izan dela aurreratu zuten atzo: «Azokak ohiko formatua berreskuratu duelako, edizio jendetsua izan delako, oso giro ona bizi izan dugulako, gazteak erakartzen jarraitzeko bidea ireki delako eta, salmentari dagokionez ere, kopuruak onak izan direlako». Astelehenetik aurrera Zu non, han DA! egitasmoak Euskal Herriko hainbat txokotara zabalduko du azoka, eta euskal kulturaribabesten jarraitzeko deia luzatu diete egunotan Landakotik igaro direnei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.