Baina ez ginen adostua pertsonala ere politikoa dela? Euskal Herri honek diskrezioaren alde hartu izan duen postura eskapismoa iruditu zait beti, hipokrisia orokorra mantentzeko ahalegina. Bill Gates eta Melinda emazteak banandu behar dutelakoa nekez hartu daiteke kontu pribatutzat, batzuek notizia zabaltzean saiatu bezala; munduko fundazio pribatu handiena bion izenean egoteak hor behar du zeresana.
Gurera etorrita, aurrekoan enteratu nintzen bi euskal politikari punta-puntakoak senar-emazteak direla, inguruan komentatu eta inork ez zekien zipitzik ere. Euskal Herriko botere harreman intelektual eta politikoak ez ditugu guztiz eta sakonki ulertuko prentsa arrosa serioski jorratzen hasi arte.
Saiakera batzuk egin ditugu. Entseatu gara, baina flakoki, hurbiltzen gara, baina ez aski. Joseba Sarrionandia Euskal Herrira etorri eta hor egon da bisita pribatua publiko eta nazional bihurtzeko ahalegintxoa, ez nahikoa, nik dakidala, inongo egunkarik ez duelako paparazzirik bidali Iurretara edo bertaraino hainbatek eginen zituzten peregrinazioak inork ez ditu dokumentatu. Iñigo Urkulluren begi operazioa ere iraizean pasatu da, begi poltsarik gabeko lehendakari bat edukitzeak politikoki ekar dezakeenari ezikusia eginez.
JIRA
Diskrezioa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu