Iñaki Goikoetxea, 'Tabero'. Urdaibaiko arraunlaria

«Gogo handia zegoen bandera Bermeora eramateko»

Jarraian bigarren Kontxako Bandera eskuratu zuen Urdaibaik, joan den igandean. Bemeoko taldeak hobetzen jarraitzen du, eta zazpigarren bandera du palmaresean. Horietako lau altxatu ditu Iñaki Goikoetxeak.

AITOR ARRIZABALAGA / EUSKO LABEL LIGA.
pettan uralde
2023ko irailaren 12a
00:00
Entzun

Bederatzi urte egin ditu Iñaki Goikoetxea arraunlariak (Lekeitio, Bizkaia, 1987) Urdaibaiko tostetan, eta laugarrenez altxatu zuen igandean Kontxako Bandera preziatua. Behin baino gehiagotan irabazi badu ere, lehen eguneko «gose» berarekin jarraitzen du, baita «ilusio berarekin» ere.

Ikusi gehiago:Mar Larrea Arraun Lagunak-eko arraunlaria: «Inoiz gehien gozatu dudan estropada izan zen»

Balio bera al du irabazi zenuen lehen Kontxak eta igandean lortutakoak?

Berdin balio dute. Garaipenei garrantzia kentzeak adieraziko luke ilusioa galdu dugula. Niri gutxienez poztasun ikaragarria ematen dit, eta ez dakit hurrengo urtean jarraituko dudan, baina, jarraituz gero, lehen eguneko ilusio berarekin egingo dut.

Lehen igandean erreferentzia gabe aritu zineten arazo teknikoak direla medio. Herenegun, ordea, ez zen arazorik, eta hamabigarren minutura arte horiek gabe aritu zineten. Zergatik?

Ikerrek [Zabala] esan zigun bandera irabazteko estropada irabazi behar genuela, eta, lehenik, txanda. Lehen lau minutuak oso indartsu hastea zen estrategia, eta horren arabera aztertuko genuen non ginen. Baina geratu ginen hamabigarren minutura arte ezer ez zela esango Zierbenaren inguruan, arraunkera ez galtzeko, eta urduri ez jartzeko. Gerora eman ziren datu batzuk, baina ni ez nintzen askorik jabetu, eta nahikoa nuen amaierara arte dena ematearekin.

Zierbenak bere txanda bukatu zuenean zer pentsatu zenuten?

Gure txandakoak aurkariak dira, baina ondoan dituzu eta errazagoa da horiek kontrolpean izatea. Baina Zierbenak egindako estropadarekin, argi zegoen haiek gainditzeko asmoz joan behar genuela. Irteerara hurbiltzen ari ginela zalantzak izan nituen, batez ere haizea gorantz zihoala ikusten nuelako. Baina banekien gure lana ondo egingo genuela, eta irabazten ez bagenuen beste faktore batzuengatik izango zela.

Tentsio handiko estropada izan zen?

Beroketan tentsio handia zegoen traineruan, eta gogo handia zegoen bandera Bermeora eramateko. Estropadan zehar, uste dut sufrimenduaren barruan gozatu egin genuela.

Urduritasuna sentitzen da, ala normalizatua duzue?

Kontxako bigarren astea beti izaten da desberdina. Astean zehar askotan begiratu dut itsasoaren eta haizearen egoera, eta beti aldatzen zen. Onartu behar dut egunean bertan hiru edo lau aldiz ere begiratu nuela. Azkenean ez dakit noraino normalizatzen den. Ni oso urduria naiz, eta ingurukoak ere urduri jartzen ditut. Lehen esan dudan moduan, emoziorik sentitzen ez dudan momentuan, arrauna uzteko garaia izango da.

Badirudi liga eta Kontxa nahitaez irabazi behar dituzuela. Horrela da?

Derrigortuak gaudela ematen du, hala da. Sekulako taldea gara, baina barrutik ez dugu presio horrekin bizitzen.

Baina 14 estropada irabazi dituzue jokatutako 21etatik. Argi geratzen da taldeak duen maila.

Aurten, bereziki talde ona dago. Emaitzak onak izan dira urte osoan, eta ea liga irabazita biribiltzen dugun urte hau.

Bederatzi urte egin dituzu Bermeon. Hasi zinenetik talderik onena da aurtengoa ?

Ezaugarri desberdinetako taldeak izan dira denak. 2017an Kontxako errekorra egin genuen, eta sekulako taldea zen. Aurtengoa, adibidez, oso indartsua da, eta oso ondo landua dago. Ez dakit azken urteetako talde onena den, baina bere ezaugarriekin geratzen naiz.

Hainbeste urtez hain ondo aritzeak nekatu egiten du. Erretiroa gertu duzu?

Aste batzuk hartu behar ditut , deskonektatzeko, eta ondoren hartuko ditut erabakiak. Orain ez da momentua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.