Harkaitz Cano.
IRITZIA

Agurraren lezioa

2019ko azaroaren 22a
00:00
Entzun
Berri Txarrak taldeari buruz zerbait berria esatea, zerbait txarra esatea bezain nekeza da, kasik. Besaulki formatua eta gaztetxea, kiroldegia eta antzokia, makrojaialdiak nahiz bisean biseko kontzertu intimoak... Ez dago formaturik taldeari arrotz izan zaionik. Direnik eta lekurik berezienetan jo dute. Baita kasino batean ere, non eta Macaon. Ezagutzen dut bat baino gehiago, haien musikarekiko eszeptiko agertu eta kontzertu batera gonbidapena luzatu ondoren berrizale amorratu bilakatu denik; edozein liluratzeko modukoa da haien zuzenekoen sendotasuna eta zehaztasuna. Talde profesionala izateak ahalmendu die talde handia izatea, ala talde handia izateari esker profesionalizatu ahal izan dute? Ziur aski, erantzuna ez da bakarra eta biribila, bien arteko sorgin-gurpil bihurria baizik. Bokazio artistikoaren eta ogibidearen uztarketa ezbaian egon ohi den zerbait da beti —zer esanik ez, gurea bezalako eskala ttipiko kulturetan—, baina ukaezina da apostu itzela dagoela taldearen atzean. Fedea eta kemena, lan ordu zenbaezinak eta sakrifizioa dauden ber gisan. Bertan putzu ez geratzeko erakutsi duten sormen irrika eskergarriaz ez mintzatzearren. Hizkuntzaren auzia ere ez da gutxiestekoa: jo Youtubeko haien bideoetara eta jabetuko zara zenbat musikazale agertzen diren iruzkinetan kantuen hitzen itzulpenen galde, Euskal Herritik urrun izanagatik euskara ikasten hasteko bezain abduziturik. Zirrararen beroan esaten diren gauzak izan litezke, jakina, baina ez al da hori gauza ederra, euskara arrakasta lortzeko traba dela hainbeste aldiz entzun dugunean? Gorka Urbizu lemazain duen taldeak gure biografiako mende laurden bat zeharkatu du, akontezimenduz umezurtz eta erreferente katartikoz urri samar den jendarte baten gozagarri. Haien agurrak sortu duen sukarraren baliokideren bat gogoratzeko, Kortaturen Azken gudadantza-ra, edo Hertzainak zein Negu Gorriak taldeen garaira joan behar genuke. Modu honetako agurrak emozio bereziz bizi ditugu, gisako fenomeno gutxi dauzkagulako eta biziraupenaren Damoklesen ezpataren zama ez duelako gure inkontzienteak gainetik kenduko inoiz? Agur oro interpretatzen dugu nahi gabe katastrofe ttipi bat bezala, agian? Batek daki. Garbi dagoena da, Eider Rodriguezen ipuineko pertsonaia hura bezala, «erreserbista sentimental» hutsak garela, eta dantza, uju eta malkoekin hunkitu ginen uneen bilduma preziatua elikatu nahi dugula etengabe, badaezpada, hor kanpoan ez delako gerora ere negurik falta izango.

Agurraren emozioa iraunarazi nahi genuke, adio erabatekorik sekula esan gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.