Derbia San Mamesen. Mikel San Jose. Athleticeko jokalari ohia

«Derbietan funtsezkoa da burua ez galtzea»

Mikel San Jose 11 denboraldiz aritu zen Athleticen lehen taldean, eta, beraz, Realaren aurkako makina bat derbi jokatu zituen. Haren ustez, talde zuri-gorriarentzat «garrantzitsua» izango da «partida ondo hastea».

SASCHA STEINBACH / EFE.
haritz gallastegi
2023ko apirilaren 15a
00:00
Entzun
Mikel San Josek (Atarrabia, Nafarroa, 1989) 397 partidatan jantzi zuen elastiko zuri-gorria. Oroitzapen asko utzi ditu zaleen artean: Athleticen lehen gola sartu zuen San Mames berrian, eta 2015eko Espainiako Superkopako finalean zelai erditik sartu zion gola Bartzelonari. Erretiroa hartu eta gero, familiaz gozatzen ari da bizitzan zer egin erabaki artean. Halaber, goi mailako kirolak bizkarrean eragin dizkion arazoetatik osatzen ari da.

Ikusi gehiago:Alberto Lopez Realeko jokalari ohia: «Hobea nor den erakusteko partidak dira derbiak»

Zer oroitzapen daukazu Realaren kontrako derbiez?

Onak eta ez horren onak ditut: garaipen politak, porrotak, nire atean sartutako golen bat... asko jokatu nituen. Euskal derbiak partida garrantzitsuak dira, eta intentsitate handiz jokatzen dira.

Emaitzaren arabera asko aldatzen zitzaizuen aldartea?

Ez. Nik ez nuen aparteko sentipenik sumatzen taldean. Derbiak garrantzitsuak dira; irabazteko grina izaten genuen, eta bistan da azken emaitzaren arabera umorea aldatu egiten zela. Hala ere, derbi aurreko asteak pisu handiagoa izaten zuen ondorengoak baino.

Taldearen ibilbidean eragina duen norgehiagoka bat da, edo futbolean oso gutxi izaten dira mugarri izaten diren lehiak?

Derbiek emozio asko dute, eta, beraz, jarraitzaileengan eragina izan dezakete. Baina talde barruan bestelakoak izaten dira kontuak. Futbolaria, protagonista nagusia, hotzagoa da. Onerako zein txarrerako, oreka mantentzen ahalegindu behar da. Puntuek balio bera dute. Pentsa, San Mamesen gertatzen dena gertatzen dela, beste bederatzi partida jokatu beharko dituzte; ligaren laurdena da. Horregatik guztiagatik, talde kanpoan eta barruan desberdin kudeatzen da egoera.

Zer da garrantzitsuena sentimenduek indar handia hartzen duten partidetan?

Burua ez galtzea funtsezkoa da. Bihotza berotu daiteke, baina ezin da kontrola galdu. Derbiak luzeak izaten dira, eta 11 jokalarirekin errazagoak dira gauzak. Athleticentzat garrantzitsua izango da neurketa ondo hastea. Horrek lagundu egingo dio.

Jokalariak lortzen al du derbi astean partidak sortzen duen girotik aldentzea?

Bai. Jokalariak aukeratzen du zer egin gura duen. Derbiaren inguruan gertatzen ari den guztiaz jakinaren gainean egotea gura badu, erraz lortuko du, baina, era berean, lasai egon gura duenak ere lortuko du helburua. Talde barruan, gauzak beste ikuspuntu batetik bizitzen dira.

San Mamesen jokatuko dute gaur. Etxean jokatzeak zenbateraino baldintzatzen du derbiari aurre egiteko modua?

Asko aldatzen da. San Mamesen, gure afizioaren babesean aritzen gara. Indar hori asko nabaritzen du taldeak. Anoetara joaten garenean, kontrakoa izaten da giroa. Zaleen ekarpena oso garrantzitsua izaten da partida horietan.

Alfredo di Estefano zenak esan ohi zuen zaleek ez dutela golik sartzen. Jokalariak zenbateraino nabaritzen du harmailak egiten duen presioa?

Nabaritzen da. San Mames bero egoten da partida garrantzitsuetan. Etxekoei indarra ematen die, eta kanpokoei deseroso sentiarazi. Realeko jokalariek nabarituko dute, baina horrek ez du esan gura euren onena emango ez dutenik.

Athleticek Realak baino 11 puntu gutxiago lortu ditu.

Puntu asko dira, eta, seguruenik, merezita lortuko zuen alde hori Realak; oso ondo ari da, eta astez aste talde lehiakorra dela erakusten ari da. Athleticek, ordea, gorabehera gehiago izan ditu. Neurketa batzuetan oso ondo aritu da, eta beste batzuetan bere joko maila onenetik urrun ikusi dugu. Athleticek puntu premia handiagoa daukala uste dut.

Gustuko duzu Ernesto Valverderen Athletic?

Bai. Izan dudan entrenatzailerik onena da Valverde. Athletic ausarta da: irabazteko zelairatzen da, eta aurrera egiteko joera daukala ari gara ikusten. Sasoi hasierako Athletic eta azken partidetakoa gustatu zaizkit, baina tartean beherakada izan du.

Zer dauka Athleticek Realak baino hobea, eta zer dauka Realak talde zuri-gorriak ez duena?

Reala lan bikaina egiten ari da azken urteotan. Bete-betean asmatu du fitxaketekin: Silvak, Kubok eta Sorlothek asko eman diote erasoan; taldeari hazten lagundu diote. Defentsan ere ona da, baina, nire ustez, Athleticek atzeko lerro hobea dauka. Athletici mesede egingo dio etxean jokatzeak, eta Realari sailkapenak egin diezaioke mesede; hau da, Athleticek puntu behar handia dauka, eta horrekin joka dezake.

Realeko zein jokalari da kate motzean lotu beharrekoa?

Kubo da arriskutsuena. Joanekoan, erabakigarria izan zen: azkarra da, baloia oinetan duenean oso ondo mugitzen da, eta baloirik ez duenean ere oso ondo kokatzen da. Aurkariari min egiteko aukera ematen duten eremuetan mugitzen da zelaian. Fina eta argia da. Gainera, Merinorekin eta Silvarekin oso ondo moldatzen da. Brais Mendezek ere aurrepauso handia eman du. Guztiek bat egiten dutenean, asko ematen diote taldeari.

Athleticek nahikoa du zazpigarren izanda, edo anbizio handiagoa erakutsi beharko luke?

Anbizioa beti erakutsi behar da. Seigarren postua ez dago urrun, eta puntu asko daude jokoan. Halere, atzetik daudenak ez dira makalak, eta aurrera egin gurako dute.

Non eta zeinekin ikusiko duzu derbia?

Galdera ona da [barrez]. Gure txikia futbolean ari da, eta oraindik ez dakit non eta zer ordutan jokatuko duen. San Mamesera joateko asmoa daukat, baina akaso beste zelairen batean egongo naiz.

Emaitza bat?

Partida zaila da. Uste dut Iñaki Williamsek jarraipena emango diola bolada onari, eta haren golari esker irabaziko dugula.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.