Urtemuga, aro berri bati bidea irekitzeko

Guterres gerrillari ohia Ekialdeko Timorko presidente izendatu dute, independentzia egunaren hamabosgarren urteurrenean. Boterean belaunaldi aldaketa izateko eztabaida inoiz baino biziago dago Asia hegoaldeko irlan.

Urtemuga, aro berri bati bidea irekitzeko.
ander perez zala
2017ko maiatzaren 21a
00:00
Entzun
Egun berezia izan zuten atzo Ekialdeko Timorren, bi arrazoirengatik. Independentzia egunaren hamabosgarren urteurrena ospatzearekin batera, herrialdeko presidente berriak kargua hartu zuen. Zenbait hamarkadatan izandako borrokaren omenez edo, eta beste bi presidenteak bezala, estatuburu berria, Francisco Guterres, gerrillari ohia da. Fretilin Ekialdeko Timor Independentearen Aldeko Fronte Iraultzaileko hautagaiak —Lu-Olo ezizenez ezagutua— martxoaren 20an irabazi zituen hauteskundeak, lehen itzulian, botoen %57,08 lortuta. Hirugarren presidentea aurrekoen belaunaldi berekoa den arren, aro politiko berri baten atarian suertatu zaio kargua hartzea: belaunaldi aldaketaren eztabaida inoiz baino biziago dago irlan, eta asko dira jada belaunaldi berriari bidea ireki nahi diotenak, aro berri bat abiatzeko. Zeregin zaila izan daiteke, Jerasaun Tuan-en—1975eko belaunaldiaren— eta Jerasaun Foun-en —1999ko belaunaldiaren— arteko harremana ezinbestekoa baita herrialdearen kohesioari eusteko. 2002az geroztik, independentzia lortu zutenetik, erresistentziako gerrillari ohiak izan dira beti boterean.

Hamabost urte dira jada gobernuaren gehiengo direla 1975eko belaunaldikoak, baina azken urteotan agerian geratzen ari da bi jerasaun-en arteko talka; Guterresen garaipenak, ordea, ez du aldaketarik eragin arlo horretan. CNRT Ekialdeko Timor Berreraikitzeko Kongresu Nazionaleko Xanan Gusmaoren babesa izan du presidente berriak, Ekialdeko Timor independentearen lehen presidentearena. Bost urtez izan zen kargu horretan, eta hura ere erresistentziaren buru ohia da. Oraingoz, eta gobernu berriaren osaketa jakin gabe, aro politiko berriak ez du aireratzea lortu Asiako herrialdean.

Historia gatazkatsua du herrialdeak. 1975eko abenduan inbaditu zuen Indonesiak, Portugalek uhartearen ekialdetik alde egin ostean. Indonesiako diktadura amaitzean, independentzia galdeketa egin zuten, 1999an; %78 alde agertu zen. Hamabost urtean, ordea, arazoak izan dira. Langabezia, pobrezia eta ustelkeria dira, Ekialde Timorko herritarren ustetan, uharteak dituen arazo nagusiak, CAC Ustelkeriaren Aurkako Batzordearen arabera. Presidente karguak botere exekutibo gutxi duen arren, parlamentuaren lanari betoa jartzeko aukera du. Uztailean egingo dituzte ganberarako eta lehen ministroa hautatzeko bozak, eta haietatik aterako den gobernuaren eginkizun nagusien artean izango da arazo horiei aurre egitea.

Okupazio garaian ustelkeria handia zegoen arren, independente izateak ez du arazoa amaitu. CACen arabera, herritarren %58k uste dute boterean daudenak direla ustelkeriaren errudun. Eta hori da belaunaldi aldaketa egiteko arrazoietako bat.

Petrolioa eta gasa itsasoan

Gobernu berriak nazioarteko gatazka nagusi bati ere irtenbidea bilatu beharko dio. Urtarrilaren 9an lehertu zen albistea: 2006ko CMats Timorgo Itsasorako Zenbait Itsasoko Akordioari uko egin zion Ekialdeko Timorrek, Australiaren onespenarekin, eta bi aldeek itun berria negoziatzeari ekin diote harrezkeroztik, bien arteko itsasoko muga finkatzeko.

Ekialdeko Timor independentea denetik, bi herrialdeak etengabeko borroka politikoan izan dira gai horren inguruan. Giroa gaiztotu zen duela bost urte, jakinarazi zutenean Australiak beste aldeko gobernua espiatu zuela, negoziazioen erdian, ezkutuko gailu baten erabiliz. Gatazkarako arrazoia: bi herrialdeen artean dagoen Greater Sunrise erreserba —Ekialdeko Timortik 150 bat kilometrora eta Australiatik 450 bat kilometrora dago—, petrolio eta gasez betea, 36.000 eta 47.700 milioi euro arteko balioa izango lukeena. Muga toki batean edo bestean zehazteak bi aldeetako bati ahalbidetuko lioke erreserbaren zati handienaren ustiapena. Ekialdeko Timorrek nahi du muga bi kostekiko distantziakidea izatea; hain justu, Jose Ramos-Horta Ekialdeko Timorko bigarren presidente izandakoak Australiari eskatu zion hilaren 7an eskari alde batera uzteko; Ramos-Hortak Atzerri ministro zela sinatu zuen akordioa.

Dena den, uharteak sekulako mendekotasuna du petrolioarekiko eta gasarekiko, bere ongizatea finantzatzeko, eta Greater Sunriseko baliabideak pixkanaka amaitzen ari dira. Bere eredua aldatu beharko du pixkanaka irlak, eta agian Ekialdeko Timorko belaunaldi berriari egokituko zaio zeregin hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.