Gizakien artean komunikatzeko moduak asko aldatu dira urtez urte. Garai batean, gutun bat bidaltzea zen pertsona bati mezu bat helarazteko biderik azkarrena; ondoren, telegrafoa etorri zen, eta, gero, telefonoa. Gaur egun, ia edozeinek darama patrikan sakelako telefono bat, segundo batean hainbat formatutako mezuak bidaltzeko gai dena, izan mezu idatzi bat, izan ahotsezko bat edo bideo bat.
Ikusi gehiago:AURPEGIRIK GABEKO UGAZABA
Edonoiz komunikatu ahal izateak alde onak badituen arren, desabantailak ere baditu; esaterako, pantailak eta etengabeko interakzioa atzean ezin uztea. Eta hori lan mundura ere iritsi da. Gero eta ohikoagoa bihurtzen ari da lankideek edo ugazabek lanorduetatik kanpo langile bati idaztea, eta horrek asko zailtzen du lanalditik kanpo deskonektatzea. Komunikaziorako tresna berriek urteak badaramatzate ere, deskonexio digitalerako eskubidea ez zen 2018ra arte arautu Hego Euskal Herrian.
Datu pertsonalen babeserako eta eskubide digitalen bermerako legeak jaso du eskubide hori, haren 88. artikuluan. Dena den, Iratxe Ordorika ELA sindikatuko zerbitzu juridikoen koordinatzaileak dio ez dela funtsezko eskubide gisa hartzen: «Ez da oinarrizko eskubide bat, eta horrek esan nahi du eskubide horren urraketa jasan duenak ezin duela kalte ordainik eskatu. Hori ebatzi dute, behintzat, Asturiasko eta Kataluniako epaitegiek, baina oraindik jurisprudentzia gutxi dago. Espainiako Auzitegi Gorenak oraindik ez du gaia landu».
Hala ere, Ordorikak xehatu du horrek ez duela esan nahi eskubide hori urratu daitekeenik, ezta urratzaileak ondoriorik jasango ez duenik ere.
Lan itunen etorkizuna
Legea nahiko berria denez, hitzarmen gehienetan ez du lekurik deskonexio digitalak, eta hori etorkizuneko erronka dela uste du. Izan ere, aipatutako lege organikoaren 88. artikuluko bigarren puntuak dio eskubide hori negoziazio kolektiboaren bidez hitzartutakoan agertu beharko dela.
Artikulu bereko hirugarren puntuak dio enpresak barne neurriak arautu beharko dituela eskubide horretarako bidea emateko. «Gaur-gaurkoz, ez dakigu itunek nolako bilakaera izango duten, baina legeak garbi azaltzen du lanorduetatik kanpo langile batek ez duela zertan deirik eta mezurik jaso», azaldu du.
Ikusi gehiago:Ostikada digitalaz kaleratuak
Baina legeak dioenetik eguneroko errealitatera jauzi handia egoten da askotan. Ordorikak garbi du legeak deskonexio digitalerako eskubidea bermatzen badu ere askotan etengabe jasotzen direla mezuak eta deiak lanalditik kanpo. Eta uste du askotan langilea bera dela mugarik jartzen ez duena: «Batzuetan, bakoitzak bere buruari begiratu behar dio, eta zorrotza izan: 'Lanaldia amaitu da, eta orain beste egitekoak egingo ditut'».
Hori egoera jakin bat da, baina abokatuak salatu du beste kasu askotan enpresako arduradunen presioagatik erantzuten dituztela langileek lanalditik kanpoko dei edo mezuak: «Badago deskonektatzeko erabakia hartu dezakeen jendea, baina beste askok ezin dute, beren enpresan pentsatzen delako jendeak beti egon behar duela erantzuteko prest. Eta langile batek mugak jarri nahi baditu, badirudi nagia edo enpresako zelebrea dela».
Antsietate iturri
Aditu askok diote deskonektatzea beharrezkoa dela buru osasun ona izateko. Izan ere, hiperkonexioak estresa eta antsietatea areagotzen du, eta pantailen erabilera eta etengabeko estimuluekiko esposizioa mugatzea gomendatzen dute gehienek. Lan mundua bera, gainera, estresagarria da askotan, eta lanalditik at ez deskonektatzeak antsietatea areagotzen duela uste du Agnes Brossa psikologoak. Etengabeko estres hori fisikoki eta mentalki kaltegarria dela deritzo.
Ikusi gehiago:Whatsapp mezuak, lan harremanen erdigunean
Lan harremanak eta digitalizazioa. Deskonexio digitala
Deskonexio digitala, langileen eskubidea
Mundu hiperkonektatu honetan, gero eta zailagoa da etengabeko interakziotik ihes egitea. Hegoaldean, 2018ko eskubide digitalen lege organikoak dio langileek eskubidea dutela lanetik kanpoko deiei eta mezuei ez erantzuteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu