Zuri-beltzeko orriak, testu ugarirekin eta lelo argiekin. Horrelakoa zen Gernikako Estatutuaren kanpainan egiten zen propaganda gehiena. Hala ere, tartean baziren koloretako txapelak, kaseteak eta hegazkin ikuskizunak ere. Alianza Popularrarenak izan ezik, gainerako guztien itsasgarriak, kartelak eta kanpainarako erabili zituzten bestelako materialak daude gordeta Lazkaoko (Gipuzkoa) Benediktarren Fundazioan. «Jendeak bere borondatez ematen dizkigu, eta oraindik iristen zaizkigu estatutuaren kanpainaren garaikoak ere», dio bertako langile Miren Barandiaranek (Beasain, Gipuzkoa, 1974).
Kanpaina ofizialki urriaren 5ean hasi bazen ere, alderdiek erreferendumaren dataren berri zuten abuztuaren amaierarako. Horregatik, lehenago hasi zen herritarrak konbentzitzeko prozesua. «EAJk, esaterako, Alderdi Eguna baliatu zuen horretarako», dio Barandiaranek.
Merchandising gehiena ere jeltzaleek egin zutela baieztatu du. Alderdi Egunerako Gernikako Estatutuaren aldeko lepoko zapi bat atera zuten, eta txapak, itsasgarriak, paperezko txapelak eta abar ere banatu zituzten herritarren artean. Horietan guztietan, hiru kolore ziren nagusi: zuria, gorria eta berdea. Alderdi barrura begira, berriz, kasete bat ere grabatu zuten, estatutuaren alde egindako hitzaldiekin. Kanpaina biribiltzeko, aireko ikuskizun bat antolatu zuten, Gasteizko aireportuan. «Hegazkinen akrobazien ikuskizuna, globo aerostatiko bat eta paraxutistak egotekoak ziren, baina eguraldi txarra zela medio, hegazkinak ez ziren iritsi, eta globoa ezin izan zuten aireratu», azaldu du Barandiaranek.
Baiezkoaren aldekoek bazuten Nestor Basterretxea artistak egindako irudi ofizial bat ere, Gernikako arbola eta juntetxea irudikatzen zituena. Gainontzeko alderdien propaganda, berriz, xumeagoa izan zen. Batez ere, testu askoko eta irudi gutxiko zuri-beltzeko paperak banatzen zituzten, baita itsasgarriak ere.
Hizkuntzari kasu gutxi
Kanpainan erabilitako koloreak edo mezuak zaintzen bazituzten ere, hizkuntzari ez zioten asko erreparatzen. Izan ere, estatutuaren aldekoek nahiz abstentzioa defendatzen zutenek gaztelania zerabilten, batez ere. «Beraiek badakite euskaraz, baina ez daude alfabetatuta edo ohituta», dio Barandiaranek. Hala ere, kanpainan bietara egiten saiatu zirela pentsatzen du: «Alderdi barruko dokumentazio gehiena gaztelaniaz dago. Kanpora begira, saiatzen dira euskaraz gehiago egiten, baina oraindik ez hainbeste».
Kalean egiten zuten kanpainaz gain, hedabideak ere erabiltzen zituzten horretarako. Prentsari dagokionez, batez ere Deia-n eta Egin-en agertu ziren. Barandiaranek esan du orri guztiko publizitatea ere jartzen zutela, baiezkoaren aldekoena nahiz abstentzioa defendatzen zutenena. «Egin-ek aldekoen propaganda ofiziala ere jarri zuen, baina EAJrena ez». Deia-n, berriz, estatutuak presentzia apalagoa izan zuen hasieran, baina, gero, asko azaldu zen. «EAJren iragarki handiak jartzen zituzten, baita abstentzioaren aldeko zenbait ere». Urriaren 11tik aurrera, estatutuari buruzko atal bat ere egiten zuten, eta, eguna gerturatu ahala, artikulu gehiago idatzi zituzten eta propaganda gehiago egiten zen. HBkoek, berriz, salatu izan zuten «ezkutatu» egin nahi izaten zituztela abstentzioaren aldekoen aldarriak. Horren adibide gisa, esan zuten orduan zegoen telebista kate bakarrak (TVE) kanpainari eskaini zizkion 490 minutuetatik hamabost bakarrik izan zirela beraientzat.
HBk aurretik hasitako proiektu batekin jarraitu nahi izan zuen kanpainan: Euskal Herriko Biltzarre Nazionalak estatutu moduko bat egitea. «Autonomia Estatutu propio bat onartu zuten, HBko hautetsiekin egindako ekitaldi batean. Hala ere, ez zen inora iritsi, eta ekintza sinboliko bat izan zen».
Testuinguru korapilatsua
Kanpainaren testuingurua erenahiko korapilatsua izan zen. Izan ere, HBren eta EEren arteko hausturak eragindako zauriak sendatu gabe zeuden oraindik, Iparraldeko errefuxiatuak errepresio gogorra jasaten ari ziren, ETAk atentatuak egiten jarraitzen zuen, eta Poliziaren indarkeria ere handia zen. Herriren batean liskar txikiak egon ziren batzuek pankarta bat jarri eta besteek kendu egin zutelako, elkarri siglak ezabatzen zizkietelako... Egoera horretan, baiezkoaren aldekoek propaganda asko egin zuten postaz bozkatzeko. «Batzuek abstentzioa eskatzen zutenez, baiezkoaren aldekoek pentsatzen zuten jende asko etxean geratuko zela beldurrez, batez ere herri txikietan». Horregatik, azkenera arte postaz bozkatzeko aukera eskaini zuten.
ETA ere presente egon zen kanpainan. Politiko-militarrak estatutuaren aldeko botoa eskatzen zuen; militarrak, aldiz, abstentzioa. Alde bateko nahiz besteko presoek gose greba egin zuten, bakoitzaren iritzia defendatzeko. ETApm-koek kanpainaren azken astean amaitu zuten; ETAm-koek, berriz, gehiago luzatu zuten. «Desberdintasun oso handia egon zen. Batzuek estatutua Nafarroa sartzeko aukeratzat hartzen zuten; besteek, berriz, Nafarroa kanpoan geratu zela ulertzen zuten», azaldu du Barandiaranek. Propaganda ere egin zuten. «ETA militarrarena pobrea baina bitxia izan zen». Eta politiko-militarraren propaganda ere «nahiko pobrea» izan zen, baina lan sakonagoak ere egin zituzten: esaterako, Hautsi aldizkariaren zenbaki bat eskaini zioten estatutuari.
Euskal gizartea nolakoa zen ikusteko balio du, beraz, Gernikako Estatutuaren kanpainak. Izan ere, argitara atera zituen ezinikusiak nahiz garai hartako arazoak, baina baita etorkizuna eraikitzeko grina ere.
GernikakoEstatutuak 40. urte. Kanpaina
Garai hartako gizartearen isla
1979ko urriaren 5ean hasi zen ofizialki erreferendumari buruzko kanpaina. Denetik egon zen: alderdiek elkarri ezabatutako siglak, presoen gose grebak eta EAJren propaganda erakustaldi nabarmena. Gizarte oso bat, irudi eta paskinetara eramana.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu