Koronabirusa

Jaurlaritzak hogei milioiko Renove plan bat onartu du, kontsumoa bultzatzeko

Etxetresna elektrikoak eta ibilgailuak erosteko laguntzak emango ditu. Erregulazioan dauden langileen soldatak osatzea proposatu du

Urkullu lehendakaria, Gipuzkoako, Arabako eta Bizkaiko ahaldun nagusiekin, atzo. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
jokin sagarzazu
2020ko maiatzaren 28a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzak Renove programen bidez bultzatu nahi du herritarren kontsumoa eta berritu nahi ditu enpresak. Zehazki, honako laguntza hauek emango ditu: 2,5 milioiko plan bat sortuko du etxetresna elektrikoak berritzeko, eta beste horrenbeste leihoetarako. Ibilgailua aldatzeko, 5 milioi euroko beste poltsa bat sortuko du, zeina COVID-19aren krisiaren aurretik martxan jarritakoari batuko zaion—beraz, hamar milioi guztira—. Horiekin batera, oro har industriarako eta makina-erreminta berritzeko beste programa bat abiatuko du, 5 milioikoa hori ere. Diru kopuru totalaz gain —hogei milioi—, Jaurlaritzak ez du bestelako zehaztasunik eman.

Diru laguntza horien berri eman zuen atzo Iñigo Urkullu lehendakariak, EAEko Mahai Sozioekonomikoan. Foro horretan daude gobernuko hainbat sailburu, hiru foru aldundiak, UGT eta CCOO sindikatuak, patronalak eta merkataritza ganberak, besteak beste. Aurreneko bi bileretan parte hartu ostean, ELAk eta LABek ez jarraitzea erabaki zuten, izaera «propagandistikoa» duela iritzita. Zuzenean aipatu ez zituen arren, bi sindikatu horien eta beste eragile batzuen jarrera kritikatu zuen Urkulluk. «Egin behar dugun bidean eragileak egongo dira konpromisoa hartu eta gurdiari tira egingo diotenak eta beste batzuk gurpiletan makilak jarriko dituztenak. Euskal gizartea heldua eta jakintsua da, eta bakoitza bere lekuan jarriko du».

Bileran, lehendakariak aitortu zuenez, egoera ez da erraza, «eta ez da izango». Gogoratu zuen foru ogasunek %20 inguruko jaitsiera aurreikusi dutela aurtengo zerga bilketan, eta ohartarazi zuen horrek behartuko dituela Jaurlaritza eta gainerako instituzio guztiak euren aurrekontuak berrikustera.

Soldata osagarri bat

Aldi baterako enplegu erregulazioez ere mintzatu zen Urkullu. Adierazi zuen Jaurlaritzak Espainiako Gobernuari eskatu diola espediente horiek ekainaren 30az haratago luzatzeko, sektoreen beharrak aintzat hartuz, eta horien tramitazioa «errazteko».

Era berean, adierazi zuen Jaurlaritza prest dagoela egoera horretan dauden eta soldata txikia duten langileei osagarriak emateko, «Alemaniako ereduari jarraikiz». Horretarako, baina, «beste aldeak» ere —Espainiako Gobernua eta enpresaburuak— konprometitu behar direla uste du. Horren harira, lehendakariak azpimarratu zuen Madrilek baduela horretarako aukera, Bruselak gisa horretako laguntzak finantzatzeko sortu duen funtsean—Sure izenekoan— parte hartuko duelako. Gaur egun, ordainsari horiek gehienez soldataren %70 dira, 1.412 euroko mugarekin, baina lanaldiarekiko proportzionalak dira.

Bileraren amaiera eginiko adierazpenetan, lehendakariak lan erregulazioei buruz eginiko proposamena eskertu zuten CCOOk eta UGTk; dena den, gogoratu zuten Espainiako Elkarrizketa Sozialaren Mahaian lanean ari direla gai horren inguruan, hango gobernuarekin eta patronalekin batera. Eduardo Zubiaurre Confebaskeko presidenteak, berriz, adierazi zuen Jaurlaritzak enpresentzako eta autonomoentzako maileguak —1.000 milioi euro ingururenak— «motz» geratu direla, eta horiek gehitzeko eskatu zion.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.