TITANIOA BIHURRITZEN DUEN PAPERA

Aurten jokatuko da Bilboko Guggenheimen etorkizuna. Hogei urtez indarrean egon ostean indarrik gabe geratuko da euskal erakundeek Guggenheim fundazioarekin egindako hitzarmena, eta tratu berria negoziatzen ari dira orain. Sinatutakoak ezarriko du hurrengo urteetako araua, eta, adituen ustez, bada zer hobetua.

Bilboko Guggenheim museoaren kanpoaldeko titanio xafla bihurrien irudia. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
Bilbo
2014ko ekainaren 8a
00:00
Entzun
Azalekoa baino ez da naretasuna; sakonean, kiribiltzen ari da Bilboko Guggenheimeko titanioa. Aurten jokatuko da museoaren etorkizuna. Zarata handirik gabe doa oraingoz eztabaida, baina garrantzitsua da orain negoziazioa. Hogei urteren ostean, aurten amaituko da Bilboko Guggenheim museoa munduko gainontzeko Guggenheim museoekin lotzen duen hitzarmena, eta tratu berria negoziatzen dabiltza Solomon R. Guggenheim fundazioa, Eusko Jaurlaritza eta Bizkaiko Foru Aldundia. Pozik daude guztiak proiektuak orain arte jasotako emaitzarekin, eta ez da zalantza handirik: berritu egingo dute hitzarmena. Mantendu egingo du abizena Bilboko Guggenheim museoak. Baina hogei urteko ibilbidean maiz aipatu da autonomia handiagoaren beharra, eta euskal arteari ateak zabalago irekitzeko premia, adibidez. Eta garrantzitsuak izango dira horregatik hitzarmen berriaren ñabardurak. Paper horrek moldatuko du titanioa hurrengo urteetarako. Sinadura udarako aurreikusten bazen ere, litekeena da urte bukaera arte ez iristea, atzo museoko iturriek adierazi zutenez.

«Desorekatua». Halakoa da orain arteko tratua. Edo hala deskribatu du bere liburuetan Guggenheim kasua sakon ikertu duen Joseba Zulaika ikerlariak. Eta azaltzen du zergatia. Haren hitzetan, hitzarmen beharrean ziren bi aldeak 90eko urteetan. Sukurtsalizazio bidez eman nahi zion buelta orduko gainbeherari Guggenheim fundazioak, eta Euskal Herriak zuen bira ekonomikora moldatu nahian eta ikur mediatiko berri baten bila zebiltzan euskal erakundeak. Labur: titaniotan urtu nahi zuten hedabideetan euskal gatazkak hartu zuen zama. Eta antsia horiengatik Zulaikak aipatutako «desoreka». Hori da haren tesia. Egun bestelakoa da negoziazio mahaiko kideen egoera, eta ikusi egin behar okerrak zuzentzeko gai izango diren.

Ez da gardenegia titanioa, ordea. Indarrean den hitzarmena ez da publikoa, eta han-hemenka ateratzen diren datuak dira, beraz, hartaz jakin daitekeen guztia. Solomon R. Guggenheim fundazioak, Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak sinatu zutela. 20 milioi ordaindu zituztela Guggenheim markagatik. Aurten amaituko dela kontratua. Eta ez askoz gehiago. Eta iluntasun hori da Haizea Barcenilla arte kritikariaren kritika nagusietariko bat. «Sekretismoa Guggenheim museoaren parte garrantzitsua da. Hitzarmena ez da publikoa, eta pentsatu egin behar litzateke ea hori zer iruditzen zaigun. Finean, erakunde publikoek egindako hitzarmena da, eta larritzeko modukoa da hura ez ezagutzea».

Gardentasuna eskatzen du, eta baita kudeaketaren eta erosketa politikaren gaineko kontrol sistema zorrotzagoa ere. Hori oinarria. Baina dioenez, gainera, txikia da Bilboko Guggenheim museoak euskal kulturari egin dion ekarpena. Euskal erakundeek azken urteetan herritarren diruz bildumarako erositako 128 obren artean, adibidez, %30 dira euskal sortzaileek sortuak. Eta azken urteetan gora egin du euskal arteari eskainitako erakusketen kopuruak ere. Gutxi deritzo horri Barcenillak, eta ez du keinu horien atzean borondate argirik ikusten. «Euskal artisten erakusketak egin direnean, beti izan da konplitzeko». Hitzarmenean hartu-eman hori handitzeko gutxienekoak ezarri behar liratekeela dio horregatik. «Bilbora heldu dira AEBetako gauzak, baina kanpora inoiz ez dira heldu Euskal Herriko sorkuntzak. Inoiz ez da pentsatzen erakusketa horiek kanpora eraman daitezkeenik. Ez dute uste beste erakusketen maila ematen dutenik. Horren bidez zeharka onartzen da Bilbo dela AEBen satelite bat, eta hemen ez dagoela kulturarik».

Alde du txintxina, halere. Onartzen du hori Barcenillak, eta ezaguna da museoaren arrakasta turistikoa. Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiak aurkeztu zituen datuak orain hilabete batzuk, eta positiboa zen emaitza. 2.173 milioi euro sortu ditumuseoak zabalik egon den denboran. %70eko autofinantzaketara heldu zen 2012an, eta 15 milioi bisitari jaso ditu, orotara. Garaipenaren berme gisa aurkeztu dituzte erakundeek zenbaki horiek. Baina arrakasta ekonomiko horrek isildu egin du eztabaida artistikoa. Eta hor dago museoaren korapilo nagusietariko bat.

Argia da, adibidez, Ismael Manterola arte kritikari eta BERRIAko zutabegilearen balorazioa: arrakasta ekonomikoa izan du Guggenheimek, baina ez arrakasta kulturalik. «Bilbokoa arte museo bat baldin bada, arte zuzendari bat izan behar luke. Hitzarmenarekin hori lortuko balitz, niretzat aurrerapen bat litzateke. Hona ekarri egiten dira erakusketak, beste museoetan edo beste erakundeekin egindako hitzarmenen bidez, baina bertan sortutakorik ez dut ezagutzen».

Arazo labelduna

Hitzarmenarekin gauzak aldatuko diren esperantzarik ez du Manterolak. Bilboko museoak nortasun propiorik ez duela da arazoa, eta, areago: ez duela nortasun propiorik eduki nahi ere. «Intuizioa da. Lehen pentsatzen nuen autonomia falta zela, orain pentsatzen dut ezetz. Gero eta argiago dut problema gurea dela. Ekimena falta da. Eta ekimena ez da sustatzen, sakonean ez dutelako nahi. Ekimena balego, arazoak sortuko lirateke: aurrekontua handitu, beste antolaketa bat sortu, erosketa politika aldatu... Zuzendari artistiko bat sartuz gero, ez da izango iraultza, baina izango da museo bat. Baina problemak sortzen dizkiete museoek politikariei. Hori ikusten da Espainian batez ere. Eta hemen ere hala gertatzen da. Euskal Herria espainiartu da horretan asko».

Autonomia. Behin baino gehiagotan atera da ideia hori Bilboko Guggenheim museoari buruz aritzean. Aipatu dute haren beharra artistek. Eskaera egin dute kritikariek. Eta politikariek ere onartu dute behin baino gehiagotan defizita. 2012an izan zen, adibidez, museoari buruzko eztabaida Gasteizko parlamentuan. PSE, PP eta UPDk onartu zuten Guggenheim markarekiko askatasun handiagoa eskatzen zuen dokumentua orduan. Iradoki zutenez, Bilbokoago nahi zuten, Bilboko Guggenheima, eta ez hain Guggenheim. Urrundu egin nahi dute frankizia eredutik, eta fundazioaren programazioaz askeago aritzeko aukera proposatu zuten. EAJ testu horren aurka agertu zen legebiltzarrean, baina onartu egin zuen Bizkaiko Batzar Nagusietan. Orokorra da inpresioa, halere. Eta Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak ere museoaren «autonomia ziurtatu beharra» aipatu zuen iaz. Orokorrean arteari bultzada handiagoa eman beharra, eta baita euskal artea sustatu beharra ere, zehazki. Ikusi egin behar orain, ordea, negoziazio mahaian zer indarrez defendatuko dituzten ideia horiek.

«Museo hau sortzaileen beharretatik oso urrun dago». Ozen egin zuen oihartzun Iñaki Garmendia artistaren kexak Guggenheimeko auditoriumean iaz. Prozesua eta metodoa erakusketa aurkezteko zen bertan sortzailea, Erlea Maneros Zabala eta Xabier Salaberria artistekin batera. Haserre egin zuen alde aurkezpenetik, ordea. «Hau ez da nik egin nahi nuen erakusketa». Desagertuta dagoen Oteizaren pieza bat birsortu zuen erakusketarako. Baina museoko arduradunek plagioa izan zitekeela, eta legezko arazoak izan zitzakeela iradoki zioten. Pieza desagertuta zegoela azaldu zuen Garmendiak, eta ezinezkoa zela plagioa izatea. Batek tira eta besteak bultza, pieza erakusketatik kentzea erabaki zuen Garmendiak, azkenean, eta orduan plazaratu zuen kexa. Babesgabe sentitu zen. Nolabait, pieza kentzera bultzatu zutela antzeman zuen. Orduan kritika: «Museoa sortzaileen beharretatik oso urrun dago». Egunean bertan egin zuen atzera artistak, baina hor gelditu zen oihartzuna.

Autismo zantzuak

«Egia da museoa autista xamarra dela», aitortu du Maria Mur Dean Bilboko Consonni arte ekoizpen etxeko kideak. «Gehiago murgildu behar luke inguruko sarean». Kontua ez da noizean behin euskal artistei eskainitako erakusketa bat zabaltzea, Mur Deanen ustez, baizik eta hirian elementu aktiboago bilakatzea. «Guggenheimek badu Museoaren Lagunen figura, eta 6.000 bat lagun dituzte; badu, beraz, sostengu sozialik. Ezin da esan ez dutenik hiriarekin harremanik, baina hiriko sare artistikoarekin harreman txikia du. Harreman handiagoa dute babesleekin eta dirua ematen dietenekin, artegintzaren sarean gabiltzanokin baino». Gertuko zaionaz mintzo da Mur Dean. «Uste dut denok pentsatu behar dugula zein den panorama kultural onena denontzat. Elkarrekin dugun hori izan behar dugu gogoan basoak aurrera egin dezan. Eta horretarako beharrezkoa da ekosistema aberatsa lortzea. Bakoitzak berea egingo du, baina ongi legoke ideia hori presente edukitzea». Funtsean bat dator Mur Manterolarekin eta Barcenillarekin. Zuzendaritza artistiko baten beharra aipatu du berak ere, eta kritikatzen du ekimen falta eta euskal artearen presentzia eskasa. Baina ez da dena ikatz.

Onartu du Guggenheimek hiriari eman dion bultzada. Txalotzen ditu zenbait erakusketa. Aitortzen dio balio turistikoa. Baina sutu egiten du sakralizazioak. «Lehen hiri honetan baziren inolaz ere kritikatu ezin ziren bi gauza: Begoñako Ama Birjina eta Athletic. Orain hiru daude: Begoñako Ama Birjina, Athletic eta Guggenheim». Eta garrantzitsua da kritika, Mur Deanen hitzetan. «Oso garrantzitsua izan da zentzu askotan museo honen sorrera eta jarraipena hiriarentzat. Baina baditu baina asko ere, eta horiek konpontzen saiatzea da kontua. Museoa sakralizatzen saiatu dira, ordea, eta niri hori arriskutsua iruditzen zait, kritika neutralizatzen duelako». Ikurra totem ere bilakatu dela dio Mur Deanek, azken finean. Eta totema, tabu.

Autonomia aipatu du Miren Jaio Bulegoa Z/B arte eta jakintza bulegoko kideak. «Autonomia bai, baina autonomia zertarako? Ikuspegi edo irizpide bat ezarri ahal izateko, baina horretarako, ikuspegi eta irizpide bat eduki behar da. Eta oraindik lan handia du museoak egiteko. Negozio eta kudeaketa ekonomikoari begira badu ikuspegi hori, zuzendaritza indartsu bat du, baina lan handia falta du artearekiko izaera propio bat izatera heltzeko». Jaiok ez du ikusten bultzada argirik, eta museoak egindako erosketak jarri ditu adibidetzat. «Bilduma hori da azkenean geratuko zaiguna. Bildumak sortzen du etorkizunari begirako kontakizun bat. Eta webgunean agertzen denaren arabera, orain arte sortutako bilduman ez dut ikusten oso argi nondik norakoa den kontakizuna. Irizpide bat behar da. Gero gerta daiteke irizpide horrekin ados ez egotea, baina behintzat badago kontakizun sendo bat sortzeko nahia. Eta eskatu behar dira kalitatezko irizpideak erosketak egitean». Hori Jaioren eskaera, hori eta hasierakoa: gardentasuna.

Merkatuaren gidaritza

Jaiok ikertua du Bilboko Guggenheimen kasua, eta haren ikerketaren arabera, kultura ulertzeko modua aldatzen lagundu zuen Guggenheim efektuak mundu osoan. Eta dioenez, ez da onuragarria izan aldaketa Euskal Herriko arte sarearentzat. Azaldu du zergatik. Ikertzailearen hitzetan, alde izan zuen haizea proiektuak sorreran. Arte garaikideak boom garaia zuen, hiri markaren ideiak gora egin zuen, eta agintariak sinesten hasi ziren kulturak eragin ekonomikoa izan zezakeela. Orokorra zen giroa, eta faktore guztiek egin zuten bat Bilboko Guggenheimen sorreran. Horrek bilakatu zuen ikur. Baina arantza ere bazekarren arrosak. Eraldatu egin zuen museoak ordura arteko ekosistema. Museo enpresa handiak bihurtu ziren lege, eta irizpide ekonomikoa gidari ia bakar. Eta horrek ekarri zuen ordura arte Euskal Herrian indarrean ziren bestelako kultur sorkuntza ereduen gainbehera: merkatura errenditzeko eskatu zitzaien.

Baina 20 urteren buruan, akabo bidean da eredu hori, Jaioren ustez. Urperantz doa itsasontzi zaharra, eta formula berriak behar. «Bilbo bihurtu da paradigma zahar baten adibidea. Bartzelona ere izan zen kultur eta hiri-marka eredu horren adibidea, eta paradigma horren beherakadaren adibide oso argia da egun. Bilbon ere lehen aldiz sinatu zenean hitzarmena, bete-betean zegoen kultura ekonomiaren suspertzaile izan zitekeeneko ideia hori, baina orain beste garai batean gaude». Eta garai hori harrapatzen asmatzea izango da orain erronka. Mahai gainean da negoziazioa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.