Zinema gomendioak

Mito zaharren gaineko interpretazio berriak

Aretoak irekitzeko fasea noiz ailegatuko zain, zinema 'online' ikusteko eskaintzak hazten segitzen du

Brontzezko Aroan kokatzen da Harpetarra filma. BERRIA.
Gontzal Agote.
2020ko maiatzaren 9a
00:00
Entzun
Spielbergen film famatuan bezala, faseka bizi gara orain. Aspaldiko bideo jokoen pantailak nola, aurrerantzean horrela mugituko gara: bidean jartzen zaizkigun oztopoak gaindituta hurrengora; bestela, kieto edo atzera. Testuinguru horretan inoiz aretoen irekiera ailegatuko da, noiz izanen den argi jakiterik ez bada ere.

Normaltasun berriak esperientzia partekatuak ez ditu oso lagun, eta, hori dela-eta, hango eta hemengo aretoetan antxoaren kuoten gisako sistemak jarriko dituzte, ziurrenik, irekitzeko orduan. Baina ez dezagun iragan (hurbila) sobera idealizatu, aspaldian galdu baitzuen zinemak behialako izaera kolektiboa, bereziki mainstream-etik kanpokoak. Gauza batzuk aldatuko dira, seguru, baina agian ez uste dugun bezainbeste.

'Errementari'
Non ikusi: EITB.eus (Zinema Euskaraz).
Hizkuntza: Euskaraz ikusgai.

Oso sorpresa atsegina izan zen orain dela hiru urte estreinatu zen Paul Urkijoren lehen film luzea. Besteak beste, euskaraz egiten den zineman oso gutxi landu den genero bat ekarri zuelako gurera, fantastikoa edo terrorea. Era berean, filmak euskal kondaira ezagun baten interpretazio berritzaile eta iradokitzailea eskaintzen zuelako.

Lehenengo Gerra Karlistan dago girotuta istorioa, Arabako herrixka batean. Bertan, errementari misteriotsu bat bizi da. Herritarrek diotenez, bere etxean kontu ilunak gertatzen dira. Uxue izeneko neska batek, haren etxe beldurgarrian sartzea lortu, eta han benetan zer gertatzen den jakinen du.

'Margolaria'
Non ikusi: Liburutegi publikoetako eFilm plataforman, Filmin.
Hizkuntza: Euskaraz ikusgai.

Dokumentalaren generoaren barruan sartzen ahal dugu Oier Aranzabalen film hau, baina muga estuegiak ezarriko lizkioke halako definizioak. Sorkuntzaren inguruko gogoeta da Margolaria, sortzaileen ilusioak, dudak eta beldurrak bildu nahi dituen bidaia, fisiko zein artistikoa.

Abiapuntu bitxia du filmak: Alain Urrutia artistak koadro bat oparitu nahi dio Mikel Urdangarin musikariari, baina emateko baldintza bakarra jarriko dio: koadroaren bila joan beharko du Londresera. Urdangarinek onartu egingo du, eta bidaia batean abiatuko da.

'Roma'
Non ikusi: Netflix.
Hizkuntza: Ez da euskaraz ikusgai.

Orain dela bi urte zeresanik handiena eman zuen filma ez zen aretoetan estreinatu: Netlflix plataforma ahalguztidunak ekoitzi zuen hauxe izan zen. Batetik, Cannesen betoa jarri zioten; bestetik, Oscar sarietarako faborito nagusi bihurtu zen. Horrek guztiak zinemaren zabaltze eredu berriez eztabaida handia eragin zuen.

Polemikak polemika, film ederra da Alfonso Cuaronek egin zuena, bere haurtzaroan oinarrituta dagoena. Zuri-beltz dotore batek Mexikoko iragan mendeko 60ko hamarkadara eramanen ditu ikusleak, Roma izeneko auzunean bizi den familia baten bitartez. Pena bakarra da travelling zoragarriak pantaila handian ikusi ezin izana.

'Harpetarra'
Non ikusi: Liburutegi publikoetako eFilm plataforman.
Hizkuntza: Euskaraz ikusgai.

Animazio estudio erraldoiez gain, badira txikiagoak diren beste batzuk, ekoizpen askoz zainduagoa dutenak eta normalean, gainera, kalitatearen berme direnak. Horien artean dago Aardman ekoiztetxe britainiarra; mende hasieran Chicken Run eta Wallace and Gromit animazio filmekin ezagun egin ziren, eta geroztik filmen maila mantentzen jakin izan dute.

Haien azken film luzea 2018ko Harpetarra hau da: Dug Brontzezko Aroan bizi da, eta bere tribua mehatxupean da. Arriskuari aurre egin nahian, lagunei asmakizun berritzaile bat irakatsiko die: futbola.

'Marley'
Non ikusi: Argia.eus (Multimedia kanala).
Hizkuntza: Euskaraz ikusgai.

Bob Marleyren itzala musikagintzaz harago doa, mundu osoko pertsona askorentzat erreferente handia da. Dokumental honetan haren ibilbideari errepaso zabala egiten zaio; gainera, inoiz ikusi gabeko irudiak erakutsi zituzten, Marleyren familiak horretarako baimena eman baitzuen.

Kevin Mcdonald izan zen 2012ko film hori zuzendu zuena. Nonbait, gustura gelditu zen musikari ezagun baten inguruan lan eginda, handik urte batzuetara Whitney Houstonen inguruko beste dokumental bat egin baitzuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.