«Simone de Beauvoirren destinoa bitxia da», Irene Arrarats Lizeaga itzultzaile eta BERRIAko euskara taldeko arduradunak (Hernani, Gipuzkoa, 1967). «Familia dirudun batean jaio zen, baina, gaztetxoa zela, familiak kiebra jo zuen, dezente pobretu ziren, eta aitak bi ahizpei esan zien: 'Sentitzen dut, baina ez zarete ezkonduko, ez duzue doterik izango; ikasi egin beharko duzue, eta lan egin beharko duzue'». Eta erdi barrez itzultzaileak: «Desgrazia bat ematen zuen, eta, gero, seguru nago, Simone de Beauvoir oso pozik egongo zen gauzak horrela gertatu zirelako». Horri esker izan zuen aukera filosofia ikasteko, irakasle ibiltzeko, bere bidea egiteko. Eta horrela heldu zen feminismoaren testu fundazionaletako bat ematera: Bigarren sexua. 800 orrialdeko bi liburuki —Egitateak eta mitoak eta Bizi izandako esperientzia—, eta hamaika gairen disekzio zorrotza. Euskarara heldu berri da, argitalpenaren 70. urtemugarekin bat eginda, eta, denbora egon arren tartean, agerikoa da haren gaurkotasuna. «Bizi-bizirik dagoen liburu bat da, asko pentsarazteko bidea ematen diguna, oraindik ere».
Garrantzia du perspektibak. 1949. urtea, Paris. Lau urte dira II. Mundu Gerra amaitu dela; bost urte emakumeei boto eskubidea aitortu zaiela Frantzian. De Beauvoirrek 40 urte ditu, eta, urte batzuk geroago arte, ez ditu lortuko ez dibortziatzeko eskubidea eta ez kontu korronte bat bere izenean izateko eskubidea. «Iruditzen zaigu emakume bat zuria, frantsesa: orain esaten den bezala, pribilegiatua. Eta, bai, pribilegiatua izango zen beste batzuen aldean. Baina bigarren mailako herritar bat zen, Frantzian. Iraultza hori... Liberté, fraternité, égalite [Askatasuna, berdintasuna, anaitasuna], halakorik emakumeentzat ez zen izan».
1949rako, idazlea zen De Beauvoir, filosofo existentzialista. Gaztetatik esaten zuen idatzi egin nahi zuela. Umetatik esaten zion aitak: «Gizon baten adimena duzu». Baina horrekin esaten ari zitzaiona gerora hasiko zen politizatzen pentsalaria. Arraratsek nabarmendu duenez, ez baitzen feminista bere lanik entzutetsuena idazten hasi zenean, 1947an. «Berak nahi zuena zen ulertzea, analizatzea emakumea zergatik zegoen munduan zegoen egoeran; nola eragiten zion gizaki eme bati feminitateak, zer zekarkion bizitzan eta zer dela eta». Hala, aurrekaririk gabeko azterketa psikoanalitiko, antropologiko, historiko eta kulturala egin zuen, «zientzialari baten hoztasunarekin». Arrarats: «Sekulako errepasoa da. Agerian uzten du nola kulturak sortu dion emakumeari gizonen neurriko jantzi bat, baina emakumeentzat dena. Emakumeak existitzen gara, noski, baina enbalaje guztia, gizaki emeak izategatik omen dugun destino hori guztia gizonen kulturak asmatua da. Androzentrismo kultural horren analisi itzela egiten du».
Hor dator, bada, liburuko esaldirik goratuena: «Emakume ez da jaiotzen: egin egiten da».
Eskertua eta egurtua
Bigarren sexua giltzarria bada, bi olatu feministaren erdian «gontza lana» egiten duelako ere bada, Arraratsen ustez. «Sufragistek ia ehun urte pasatu zituzten eskubide politikoak eskatzen, baina gero itxi egin zen bide hori. Hurrengo olatu feminista ez zen hasi hogei urte barrura arte. Hau erdian dago, zubi lana egiten. Eta, halere, munduak hogei urte behar izan zituen Bigarren sexua-n esandakoak asimilatzeko». Izan ere, aurretik ez bezala, eskubide konkretuen aldarrikapena egitetik, egoera osoaren analisia egitera igaro zen De Beauvoir: «Aurreko feministek —Mary Wollstonecraft, Olimpe de Gouges, Flora Tristan...— aldarrikatu egiten zuten. Baina De Beauvoirrek ulertu egin nahi zuen, gero eraldatzeko. Ez da inondik ere panfleto bat, eta horrek balio handia ematen dio».
Argitalpenak nolabaiteko lurrikara bat eragin zuen orduko gizartean. Aste bakarrean 22.000 ale saldu ziren, eta emakume ugarik esker oneko eskutitzak bidali zizkioten egileari. Kontrakoak bortitzagoak izan ziren: lesbianismoaren eta abortuaren inguruko atalek arbuio berezia piztu zuten; Vatikanoak zerrenda beltzean sartu zuen; marxistek emakumearen zapalkuntza langilearenaren pare jartzea kritikatu zuten; eta ustezko giro aurrerakoiagoetan ere gogor eraso zioten. Albert Camus Nobel saridunak «gizon frantsesen aurkako eraso bat» zela esan zuen. François Mauriacek, Nobel sariduna hura ere, honela idatzi zuen: «Irakurri ostean, den-dena dakit autorearen baginaren inguruan. Nazkagarria da».
Aldi batez isilpean egon ostean, 68ko maiatzaren bueltan liburua biziberritu zuten orduko feministek. Arraratsen esanetan, «goraldi feminista hartan funtsezkoak ziren pentsalariek —Kate Millet, Monique Wittig...— De Beauvoirren lanetik edan zuten. Euskal Herriko orduko feministentzat ere fundazionala izan zen». Berori berretsi du Aurelia Arkotxa Mortalenak ere (Baigorri, Nafarroa Beherea, 1953): «Simone de Beuavoirrek 68ko generazioa hunkitu zuen osoki. Iraultza bat sortu zuen. Ni post 68koa naiz. Baina Lizeoan, Donibane Garazin, oso zuzen jaso genituen azken urteetako iraultza soziopolitikoak, orduko ideiak. Filosofiako irakaslea, esaterako, emazte bat zen, eta hark gintuen iniziatu feminismoan». Berak Bigarren sexua irakurri zuenerako «klasiko bat» zela oroitzen du. Ideia batekin geratu zen: «Emaztearen libertatea, nor bere jabe izatea. Hori da oinarri-oinarria. Zen eta da». Unibertsitatera joan zenean, orduko feministek «digestioa» egina zutela oroitzen du. «De Beauvoirren irakaspenak gizarteratuak ziren ni ibiltzen nintzen giroetan».
20 urte zituen, eta amaren eskutik jaso zuen Bigarren sexua Uxue Alberdi Estibaritzek (Elgoibar, Gipuzkoa, 1984). «Banekien amarentzat eta izebarentzat oso liburu inportantea izan zela». Izebari entzuna dio, esaterako, beretzat gatazka handi bat izan zela umeak izan edo ez izan erabakitzea, eta une hartan oso garrantzitsua izan zitzaiola liburua. Belaunaldi haren aldean, hala uste du bereaz: «Nire etxean emakume izateko modu normalena feminista izatea zen. Modu abstraktuan jasotzen nituen esaten zituzten asko, baina, era berean, saldu ziguten aukera berdinen ideiarekin nahastuta. Guri gauza asko ez dizkigute esplizituki debekatu, baina zenbait inposizio eta bideratze pixka bat helduagotan sentitu ditugu».
Esaterako, amatasunarena. Gaztelaniazko edizioa eskuetan hitz egin du BERRIArekin, eta orri artean topatu ditu 20 urterekin egin zituen azpimarrak. Tartean, hau: «Emakumea zuzenean ezin behartu denez erditzera, egin daitekeen guztia zera da, irtenbide bakarra amatasuna duen egoeretan giltzapetzea emakumea». Galdera marka bat jarri zion. «Obligatu ez, baina zenbait mezuk eta egiturak berak eraman zaitzakete irteera bakar bezala hori ikustera. Hori 20 urterekin ez nuen sentitzen, baina zerbaitengatik jarri nion galdera ikurra. Beldur bat behintzat ikusten nuen hor».
Eta azpimarra gehiago: «Nola emakumeok lotura indartsuagoak dauzkagun gure inguruko gizonekin beste emakumeekin baino; edo nola abstrakzioan ados egon arren, ekintza konkretura joatean agertzen direla mugak eta bistaratzen den eraikuntza».
Zapalkuntzaren muina
De Beauvoirrek argi uzten du emakumearen rol zapaldua; izan globalaren zabalean, izan etxearen estuan. Esaten du hori naturalizatzen duen interpretazio sistemak bermatzen duela hori horrela izan zedin; eraikuntza dela emakumearen zapalkuntzaren muina. Feminitatea naturalizatzeko mekanismoak bere horretan dirautela dio Arraratsek. Berdin gizonekin ere. Emakumea nola, gizona ere asmatua dela azaltzen du filosofoak; maskulinitatea, berdin, sozialki eraikia dela. Ez, ordea, maila berekoa. «Etengabe ari da zapaltzailearen eta zapalduaren arteko dialektikaz, eta esan beharrik ez dago zer bentaja dakarzkien maskulinitateak gizonei. Gauza txarrak ere bai, baina boterea da maila guztietan».
Gizonaren aurkaritzan definiturik, emakumea bestea dela erakusten du lanak. Halaxe idatzi zuen: «Proletarioek gu esaten dute. Beltzek ere bai. Hala, subjektu gisa jarrita, beste bihurtzen dituzte burgesak, zuriak. Emakumeek ez dute esaten gu; gizonek esaten dute emakumeak, eta emakumeek hitz horiek hartzen dituzte beren burua izendatzeko». Arrarats: «Gizonek beti jokatu dute klase gisa; emakumeek, ez. Gizarte primitiboenetan ere, ezkontza hitzartuak gizonen arteko hitzarmenak izaten ziren. Hori da munduaren historia, eta oso ondo bistaratzen du».
Horretaz konturatzea beretzat gakoa izan zela dio Alberdik. «Nola kostatzen zitzaigun gu bat osatzea emakume izatearen inguruan, eta zenbat kuestionatzen zitzaigun gu emakumeongatik esatea. Gu esaten dugun bakoitzean norbait uzten dugu kanpoan, baina beste gu batzuk ez dira hainbeste kuestionatzen». Adibidez: emakumeez osatutako bertso saioak dudan jartzen dira; gazteez soilik osatutakoak, ez.
Askatasunaren ideia ere nabarmentzekoa zaio Arraratsi, existentzialismotik datorkion ideia: «Esaten du: 'Esentzia ez da existitzen. Guk existentzia daukagu. Libre gara gure existentziarekin zer egin erabakitzeko. Libre gara, baina baldintzatuta gaude: zirkunstantziek baldintzatzen gaituzte. Daukaguna ez da gure izaera, baizik eta gure egoera. Eta egoera baldin bada, aldatu liteke'. Emakumeoi feminitatearen kondena kentzen digu; baina argi uzten du askatasuna ez dela benetakoa baldin eta posibilitate konkreturik ez baduzu hori aurrera ateratzeko».
Bat aurrera eta bat atzera
Argitaratu zenetik hona, emakumeen askapenerako manifestu mundial baten moduan hartu izan da Bigarren sexua. Gaurtik begira, zenbait puntu «zaharkituak» geratu direla aipatu du Arkotxak —1949an, pilula antisorgailua asmatu gabe zegoen, esaterako—, baina, oro har, gaurko feminismoak eztabaidagai dituen gaiak hor daudela dio: prostituzioa, ezkontza, heziketa... Baita gaurko agenda feministan gori dagoen beste puntu bat ere: irtenbide kolektiboen beharra. Honela idatzi zuen 1949an: «[Emakumeak] Azalberritu eta beretzako moduko arropa taxutu beharra dauka. Eboluzio kolektibo batek bakarrik emango dio hori lortzeko bidea». Eta hala dio Arraratsek 2019an: «Gaur daukagun pentsamendu neoliberal eta indibidualistarekin, hori etengabe ekarri behar dugu gogora. Indibidualki lor daiteke ihesaldiren bat, baina hori ez da konponbide bat. Bizimodu justu batera pasatzeko, borroka kolektiboa ezinbestekoa da. De Beauvoirrek oso garbi zeukan».
Itzultzailearen esanetan, «gaurko feminismoaren ernamuina» dago Bigarren sexua-n. «Bertako edukiak zaharkituta egongo lirateke aztertzen direnak gaindituta baleude. Nahiago nuke». Are, uste du feminitatea indartu egin dela azken urteetan. «Gauza batzuetan atzera goaz nabarmen. Ni umea nintzenean, bizikletak gorriak ziren, urdinak... Orain, neskato guztiak arrosez ikusten ditut, eta pena ematen dit. Feminismoa oso indartsu dagoela esaten da, baina hemen patriarkatua dago indar betean».
Ildo bertsutik Arkotxa: «Uste duzu urteak jin urteak joan progresoa badela, eta emazteak lortu duela duintasunez bizitzea hastapenetik bukaera arte; baina badira alor osoak batere gogoetatu ez direnak». Lorpenak, gainera, «hauskorrak» direla gogoratu du. «Konkistatuak diren alorrak galtzen ahal dira. Begiratu espainiar estatuan abortuarekin gertatu zena». De Beauvoirren figurari justizia egiteaz ere mintzo da, «feminismoaren kaxoira» zokoratu delakoan. Aitzitik, aurrerapausoak ere egin direla ere badio, eta horietan argiena subjektu politikoaren kontzientzian igartzen du berak: «Azken urteetan ikusi ditugun manifestaldi ikaragarri horiek, hori berria da».
Feminitatearen sendotzea eta subjektu politikoaren kontzientzia zabalduz joatea «emakume izateaz pentsatzeko bi indar» dira Alberdirentzat. «Bigarrenak askatu egiten gaitu; besteak, subordinatu. Subordinazio goxo bat da, gainera: feminitatearen gurtzak mendekotasuna opari bezala onartzera darama. Horrek ere sortzen du epeltasun bat; beste gu bat da, baina ez da askatzailea: jende asko uzten du kanpoan».
Gaztelaniaz irakurri zuten Alberdik eta Arraratsek, frantsesez Arkotxak, eta pozik dira euskaraz jasotzeko modua izango delako orain —katalanez 1968an atera zela gogoratu du Arkotxak, eta gaztelaniaz, zentsura frankistak iraun artean, Latinoamerikatik etorritako itzulpenak klandestinoki zabaldu zirela—. «Inportantea da, ematen zaiolako birjaiotza bat, berriro orainaldi bat», Alberdik. Eta inportantea da, Arraratsentzat, inportantea delako pentsamendurako sarbidea euskaraz ere izatea. Atzeranzko joera sumatzen du euskaltzaletasunean ere, eta zernahi euskaraz jasotzearen garrantzia aldarrikatu du. «Gizarteak beti ari dira mugitzen. Aurrera egiten ez baduzu, atzera egiten ari zara; geldirik ez zara geratuko. Horrek balio du feminismorako, eta balio du euskaltzaletasunerako. Sumatzen badugu geldirik gaudela, atzeraka goaz».
EMAKUME EZ DA GEHIAGO JAIOTZEN
Feminitatea eraikuntza kultural bat dela eta emakumearen zapalkuntzaren muina hor datzala bistaratu zuen Simon de Beauvoirrek 'Bigarren sexua'-n. 70 urte dira plazaratu zuela, eta urtemugarekin bat heldu da euskarara feminismoaren lan fundazionaletako bat den hori, Irene Arrarats Lizeagaren itzulpenarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu