Golak. 0-1: Villalibrek (84. min). 1-1.: Roberto Lopezek (89. min).
Laurogeita bost minutuan egin gabekoa bostean egin dute Realak eta Athleticek. Kopako finalak erabat markatutako neurketa batean astun ibili ziren bi taldeak, harik eta 84. minutuan Asier Villalibrek zuri-gorriak aurreratu zituen arte. Bost minutu geroago banakoa egin zuen Roberto Lopezek, eta hala amaitu zen partida. Horren aurretik, distira gutxi.
Bi entrenatzaileek partidaren bezperan aipatu zuten joan zen larunbateko finalaz gaindiko neurketa izango zela Anoetakoa, baina, egiari zor, Sevillakoak baldintzatu zuen ligako norgehiagoka. Ordukoa une oro giroan egon zen, partidaren ataritik hasita: Athleticekoek bi lerrotan kokatuta jaso zituzten Realekoak, garaikurra lortu izanaren omen gisa.
Asteburuko partidak Realaren hamaikakoan izan zuen eraginik handiena. Zenbait jokalari deialditik kanpo geratu ziren, min hartuta. David Silvaren eta Mikel Merinoren kasua izan zen. Gainera, Imanol Alguacil teknikariak bost aldaketa egin zituen, eta erabat itxuraldatuta agertu ziren txuri-urdinak.
Athleticen, berriz, minari zukua atera nahi izan zion Marcelino Garcia Toralek. Finaleko hamaikako berbera zelairatu zuen entrenatzaileak, eta porrotak utzitako gosea agerian utzi zuten zuri-gorriek. Erasokor hasi zuten neurketa, eta lotu egin zuten Reala. Hori bai, Alex Remiroren atean arrisku gehiegirik sortu gabe.
Bien bitartean, partidari tamaina hartzen saiatu zen Reala. Aldaketek eraginda, joko sistema ere egokitu egin zuen Imanolek: 4-4-2 itxurako marrazkia prestatu zuen, erasoko erreferentzian bi lagun kokatuta: Alexander Isak, eta Carlos Fernandez. Aldiz, Martin Zubimendik atzeko lerroari arnas pixka bat emateko lan egin zuen, baloi irteeran erdiko atzelariei lagunduta.
Athletic nagusi izan zen hasieran, baina ez zituen etxekoak gehiegi estutu. Larritasun gehiago izan zuten Yerai Alvarezek eta Aihen Muñozek; lehen ordu erdia betetzerako min hartu zuten bi-biek, eta Unai Nuñezek eta Nacho Monrealek ordeztu zituzten.
Lehen minutuetako oldarraldia kareletik bota zuen Marcelinoren taldeak, eta itzaltzera egin zuen pixkanaka. Realak, berriz, aurrerako urrats bat egin zuen. Txuri-urdinak soilik izan ziren gai atera jaurtitzeko, baina alferrik: hutsean amaitu zen lehen zatia.
Bigarren zatia ere makal hasi zen. Bi taldeek zirrikiturik aurkitu ezinean segi zuten lehendabiziko minutuetan, eta, beste behin, lesioek hartu zuten protagonismoa. Yuri Berchichek min hartu zuen, eta Mikel Balentziagak hartu zuen haren lekua. Bigarren zatia hasi eta gutxira, Athleticeko lau atzelarietatik hiruk aldageletarako bidea hartu zuten.
Bizigarri gutxiko partida jokatu zuten bi taldeek. Astuna. Halako batean, ordea, suspertzeko itxura egin zuen partidak. Alex Berenguerrek 0-1ekoa egiteko aukera izan zuen 55. minutuan. Baloia ondo egokitu eta gero, Robin Le Normandek saihestu zuen bisitarien gola.
Bi teknikariek taktikoki irabazi nahi izan zuten. Imanolek, esaterako, aldaketak baliatu zituen eskema aldatzeko: 4-2-3-1 amaitu zuen, Cristian Portu aurrelari bakar zela. Erasora egin zuten txuri-urdinek eta aurretik jartzeko aukera gehien izan zuten azken minutuetan. Athletic aurreratu zen, ordea. Bost minutu iraun zien pozak bilbotarrei: 84.ean aurreratu, eta 89.ean berdindu zuen Realak. Legezko emaitza izan zen.
Reala 1-1 Athletic
Amaieran bizitu dira
Realak eta Athleticek bana berdindu dute, Anoetan jokatutako ligako partidan. Partida astuna izan da; 84.ean heldu da lehen gola
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu