Felix Zubia.
Koronabirusa. OSASUNA PENTSALDIAN

Onartuko al genuke zero COVID estrategia?

2021eko martxoaren 14a
00:00
Entzun
Aste honetan bete da urtebete gure zainketa intentsiboen unitatean lehen koronabirus kasua izan genuenetik, eta bitarte horretan, denetarik ikusteko aukera izan dugu. Duela urtebeteko leherketa, udara hasierako egoera ona, udarako neurrien lasaitzea eta lasaikeria, udazkeneko bigarren olatua, Gabon jaien ondorengo okertzea,... Orain datuak hobetu zaizkigun arren, kasuak ez direla guztiz desagertu ikusten da, eta badakigu ez direla guztiz desagertuko. Neurri hauekin, etengabeak izango dira tokian tokiko okertzeak, eta ondoren kasuen igoera etorriko da, berriz ere neurri gogorragoak eskatuko dituena. Hori guztia, noski, txertaketa modu zabalduan lortzen den bitartean.

Sorgin-gurpil honetatik irteteko modua, betiere txertaketa lortu bitartean, zero COVID estrategia bat ezartzea litzateke. Munduko hainbat tokitan egin da, Australia, Zeelanda Berria, Txina edo Vietnamen adibidez, eta emaitza oso onekin. Medikuntzaren aldetik soilik begiratuta, estrategiarik onena litzateke, baina ez dakit gainerako faktoreek gure artean ezartzea posible egingo luketen. Ez Europan, ez Amerikako kontinentean, ez da ezarri, eta zalantzak ditut gure egoera ekonomiko eta sozialak posible egingo lukeen. Argi gera bedi, beraz, lan hau ezjakintasunetik idatzia dagoela, eta berak dakarren umiltasunetik. Nik ez daukat erantzun ziurrik, baina eztabaida zilegi eta beharrezkoa iruditzen zait.

Zero COVID estrategiak hainbat oinarri ditu. Lehenik eta behin, kasuak desagerrarazi beharko genituzke, itxialdi labur baina zorrotz bat ezarriz. Horrekin, komunitatean transmisiorik ez dagoela ziurtatuko genuke, maiatz bukaeran genuen moduan bezala, adibidez.

Behin kasuak desagerrarazita, kanpoko pertsonen sarrera kontrolatu beharko genuke, eta datozen guztiei PCR probak eskatu, zenbait pertsonari berrogeialdiak ere ezarriz, kanpotik kasu berririk etorri ez dadin.

Gure artean agertzen diren kasu guztien baheketa eta ikerketa zorrotza egin beharko genuke, eta kasu hauen isolatzea eta kontaktuen berrogeialdia zaindu eta betetzen dela ziurtatu, laguntza ekonomikoa eta soziala eskainiz. Eta kontaktu jakinik gabeko kasu bat azalduko balitz, hau da, arrastorik ez bagenu, inguru horretako pertsona guztien itxialdi labur baina zorrotza ezarri, komunitatean hedatu ez dadin. Duela gutxi, Zeelanda Berriko Auckland hiriko 1,6 milioi pertsonaren 3 eguneko itxialdia ezarri zen, jatorri ezezaguneko hiru kasu izan zirelako, adibidez.

Estrategia honek koronabirusik ez izatea ziurtatzen du, eta osasunaren aldetik oso eragin txikia izaten du gaitzak. Bitarte horretan, bizimodu normala egin liteke. Jarduera ekonomiko guztiak zabalik daude, ikuskizun, kultura emanaldi, festa eta jende pilaketa eragiten duten ekitaldi guztiak barne. Barruko mugimendua librea da, eta ez dago beste mugarik. Ekonomiaren aldetik aztertu dutenek diotenez, askoz ere eragin txikiagoa du gure etengabeko mugekin bizitzeak baino.

Onartuko al genuke zero COVID estrategia? Posible al da estrategia hau gure artean?

Galdera zabalik uzten dut, eztabaida sano baten zain. Nik ez daukat erantzunik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.