Legebiltzarrerako bozak Frantzian. Ezkerraren batasuna

Ezkerra batzeko akordioa lortu dute Frantzia Intsumisoak eta Berdeek

Frantziako Asanbleako bozetara baturik aurkeztea adostu dute bi alderdiek. Gaur jakinen dute alderdi sozialista eta alderdi komunista batuko diren. «Historikoa» da, ezkerreko eragileen arabera

Jean-Luc Melenchon Frantzia Intsumisoko burua, Frantziako presidentetzarako bozen lehen itzuliko gauean. MOHAMMED BADRA / EFE.
Oihana Teyseyre Koskarat.
2022ko maiatzaren 3a
00:00
Entzun
Frantziako ezkerra baturik aurkezteko lehen urratsa egin dute Frantzia Intsumisoak eta EELV Europa Ekologia-Berdeek. Herenegun, maiatzaren 1ean, egin zuten akordioa Frantziako Legebiltzarrerako bozetara elkarrekin aurkezteko. Programa bat finkatu dute, zenbait neurriren inguruan adostuta; tartean dira gutxiengo soldata 1.400 eurora emendatzea, erretreta 60 urtetan hartu ahal izatea, eta VI. Errepublika eraikitzeko aldarria.

Atzo, PS alderdi sozialistarekin eta PCF alderdi komunistarekin bildu ziren akordioa jada lortu duten bi alderdiak, Frantzia Intsumisoak Parisen duen egoitzan. Gaur jakinaraziko dute akordioa lortu duten ala ez. Gaurko egunez, 1936an, Fronte Popularrak irabazi zituen legebiltzarreko bozak Frantzian.

NUPES izanen du izena Frantziako ezkerreko alderdien batasunak: Herri Batasun Ekologista eta Sozial Berria. «Historikotzat» jo dute akordioa ezkerreko hainbat hautetsik, tartean Manon Aubry Frantzia Intsumisoko eurodiputatua. «Gure ardura hartu dugu, batasun hori nahi genuelako eta [Frantziako presidentetzarako bozen] lehen itzuliak itxaropena sortu duelako», adierazi zuen atzo.

Olivier Faure PSko idazkari nagusia honela mintzatu zen Frantzia Intsumisoko egoitzara heltzean: «Ez da bakarrik gobernuak egiten duenari aurre egiteko akordio bat, baizik eta gehiengo bat irabazteko aukera emanen duen akordio bat. Serioski ari gara eztabaidatzen, puntuz puntu, eta gure eskakizunak zein diren oroitaraztera etorri naiz. Jendearen bizitza alda dezakeen abentura bat da».

Melenchon, Matignoni so

Frantziako Asanblearako bozakekainaren 12an eta 19an iraganen dira. Hautagaiek maiatzaren 20ra arte izanen dute hautagaitza ezartzeko, eta kanpaina maiatzaren 30ean hasiko da. Jean-Luc Melenchon Frantzia Intsumisoko buruaren helburua da Asanblean gehiengoa lortzea, Emmanuel Macron Frantziako lehendakariari kohabitazioa inposatzeko. Legebiltzarrerako bozetarako kanpaina Melenchon lehen ministro leloarekin hasi dute.

Izan ere, presidentetzarako bozetan Melenchon izan zen gehien bozkatutako hautagaietan hirugarrena, bozen %22 eskuratuta. Politikariak Frantziako ezkerraren lidergoa hartu du geroztik, eta ez du ezkutatzen parlamenturako hauteskundeen ondoren lehen ministro izatea gustatuko zitzaionik. Beraz, hautagaitza bat bateratzeko, aldebiko elkarrizketak sustatu zituen EELV Europa Ekologia-Berdeekin, sozialistekin eta PCF Frantziako Alderdi Komunistarekin.

Oraingoz, EELVko ordezkariek eta Frantzia Intsumisokoek adostu dute Frantzian dauden 557 hautesbarrutietatik «ehun bat» izanen dituztela Berdeek. Nolanahi ere, zehazteke dago beste alderdiekin akordioa lortzen badute bakoitzak zenbat izanen dituen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.