Espainiako Kongresua. Eztabaida politikoa

Sanchezen dekretua aurrera atera da EAJren eta EH Bilduren babesarekin

Espainiako Gobernuak PPrekin negoziatu du ondorio ekonomikoei aurre egiteko araua, baina ez dira ados jarri. Kataluniako subiranistek aurka egin dute, espioitza kasuen harira izaniko jarreragatik

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea, bozketaren ostean, Kongresutik ateratzen. MARISCAL / EFE.
Jon Ordoñez Garmendia - Iosu Alberdi
2022ko apirilaren 29a
00:00
Entzun
Espainiako Gobernuak ozta-ozta atera du aurrera Ukrainako gerrak eragindako kalte ekonomikoei aurre egiteko ekonomia plana. Felix Bolaños Presidentetza ministroak adierazi arren bozkatzen zena «herritarrei laguntzea» zela, kongresuko eztabaidaren muina azken egunetan argitaratutako espioitza kasuak izan ziren atzo. Hala, Kataluniako alderdi independentisten babesa lortzeko aukerarik gabe, EH Bilduren aldeko botoek salbatu zuten porrotetik: lege dekretuak aldeko 176 boto jaso zituen, kontrako 172 eta abstentzio bat. Aurrez, baina, PPren abstentzioa eskuratzeko ahaleginak egin zituen gobernuak, ezezkoaren aldekoak indargabetzeko asmoz.

Ikusi gehiago: 'Baron Noir' kongresuan.

Atzokoan, lan erreformaren bozketaren atarian eginikoa errepikatzen saiatu zen Espainiako Gobernua; kasu honetan, PPrekin. Inbestidurako blokeko alderdi guztien aldeko botoak lortzeko aukerarik ez zuela ikusita, Alderdi Popularrarekin negoziazioak hasi zituen gobernuak. Azkenean, baina, ez ziren ados jarri, besteak beste gaia zerga jaitsiera batekin lotzeko nahiari eutsi ziolako PPk.

Hala, eztabaida parlamentarioa hasita iritsi zen lege dekretua onartzeko modua eman zuen erabakia. EH Bilduko eledun Mertxe Aizpuruak onartu zuen espioitza kasuek gobernuaren eta hura sostengatzen dutenen arteko arrakala ireki duela, baina koalizio independentistak «esaten duena egiten duela, eta egiten duena esaten duela». Hala, Aizpuruak argudiatu zuen herritarren ongizatearen mesedetan bozkatuko zutela dekretuaren alde.

PPk azken erabakia hartu aurretik egin zituen adierazpen horiek Aizpuruak. Hala, bere hitzaldian, PPko diputatu Jaime de Olanok kritikatu zuen Espainiako Gobernuak EH Bilduren alde egin izana, baina PPk azken unean izango zuen jarrera zehaztu gabe. Ordu erdi inguru geroago, ordea, PPko iturriek Efe albiste agentziari eman zioten azken erabakiaren berri: «Txeke zuriak, dilistak eta gobernuarekiko otzantasuna, bide horretatik ez». Beraz, PPk bat egin zuen Vox, Ciudadanos, Foro Asturias, eta talde mistoko Carlos Garcia Adanero, Sergio Sayas eta Pablo Cambronerorekin.

Ordurako, gobernua osatzen duten indarrek —PSOE eta Unidas Podemos— baieztatua zuten EAJ, PDeCAT, Mas Pais, Compromis, BNG, Teruel Existe, PRC eta Nueva Canaria alderdien eta Maria del Carmen Pita diputatuaren babesa. Idoia Sagastizabal jeltzaleak adierazi zuen ez daudela ados dekretuan jasotako neurri guztiekin, eta salatu hura ez dela taldeekin adostuta egin. Era berean, espioitza kasu «larriekin» ez lotzearen alde egin zuen, diru sailak enpresa eta familia askorentzat onuragarriak direlakoan.

Alderdi horiei guztiei eskerrak eman zizkien UPko eledun Pablo Echeniquek. Hark hitz onak izan zituen aurrez aurkako botoa iragarri zuten zenbait diputaturentzat ere. «Nire indar politikoa estatuko estoldek espiatu dute, eta eskertzen dugu gehiengo aurrerakoiaren parte direnek erakutsitako jarrera», esan zuen, besteak beste, ERCri erreferentzia eginez. Modu berean, Margarita Robles Defentsa ministroari egotzi zion «gehiengo aurrerakoi eta plurinazionala hausten saiatzea».

Katalanek argi dute

ERCk argi adierazi zituen aurkako botoa emateko arrazoiak. Montserrat Bassa diputatuak salatu zuen gobernuak ez dituela nahi espioitza kasuen inguruko erantzukizunak argitu. Are gehiago, ohar baten bidez berretsi zuten Roblesek dimisioa aurkeztu beharko lukeela. Bide beretik jo zuten JxCk eta CUPek ere, argudiatuta ez direla fio halako kasu baten aurrean «harrotasuna agertzen duen gobernu batez». Are gehiago, egoera PPrekin elkarrizketak hasteko erabili izana ere kritikatu zion ERCko eledun Gabriel Rufianek, eta «errusiar erruletarekin jolasten» ari dela gehitu: «Uste dut nahiko argi geratu dela PSOEk PPrekin ituntzeko gogoa duela».

Inbestidurako bloke deritzonak zenbait arrakala erakutsi ditu azken hilabeteetan; batez ere, PSOEren eta ERCren arteko ezin ulertuak direla medio. 2022ko aurrekontuen inguruko negoziazioetan, kostata egin zuten akordioa, eta, lan erreformaren ingurukoan, hori ere ez. Espainiako Gobernuak uko egin zion ERCren eta EH Bilduren proposamenak aztertzeari, eta Ciudadanosekin itxi zuen tratua. Ezin ulertu horiei Euskal Herriko eta Kataluniako buruzagi independentisten aurkako espioitza kasuak gehitu zaizkie orain. Are gehiago, Defentsa ministroak espioitzaren aldeko argudioak eman ostean, herenegungo biltzarrean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.