1978ko uztailaren 8koa iruindarren memoria kolektiboan iltzatuta geratu diren egun horietakoa da, eta 44 urte iragan eta gero ez da ahantzi. Espainiako Polizia Armatua tiroka sartu zen zezen plazan, eta ondorengo orduetan kaosa eragin zuen hiria. Gerora zenbatu zenez, egun hartan gomazko 5.000 pilota, 2.000 ke pote eta negar-gas pote, eta 130 bala jaurti zituzten kaleetan eta zezen plazan.
Bi hildako eta balaz zauritutako 11 lagun izan zirela?
Iruñean, German Rodriguez hil zuten poliziek tiroz, baina edonor izan zitekeen, eta hildako gehiago izan zitezkeen, zezen plazan zein handik kanpo. Horregatik, hiriaren aurkako eraso bat izan zela uste dute askok. Egun hartan, ehunka zauritu izan ziren; horietatik 11, balaz. German Rodriguezen heriotzak sumin handia piztu zuen Euskal Herrian, eta hurrengo egunetan protesta andana izan zen. Donostian, polizia armatuek Joseba Barandiaran Astigarragako gaztea hil zuten San Bartolome kalean, tiroz. Duela gutxi, udalak plaka bat jarri dio hil zuten tokian.
Planifikatutako erasoa izan zela?
Trantsizioan, tentsio sozial handiko garaian eta Nafarroaren etorkizun politikoa jokoan zen urtean gertatu zen. Hori ez zen kasualitatea izan, ordea. Zantzu asko daude.
Poliziek indar guztiz tiro egiteko agindu zutela?
Batez ere polizien arteko irratietako mezuetako bat egin da oso ezaguna, han entzuten delako hiltzeko agindua, Vulcano 2 poliziak egindakoa: «Prestatu arma guztiak, eta tiro egin indar guztiz. Inor hilez gero ere, berdin du». Beste batek ohartarazi zion kontuz ibiltzeko zer esaten zuen irratian: «Ea, Vulcano 2, kontuz zer diozun, esan justu esan beharrekoa. Eta ez zaitez pasatu». Beste polizia batek zera esan zuen: «Gobernadorearekin [Ignacio Llano] eta teniente koronelarekin hitz egin du Segrek». Irratiaren bestaldean zen poliziak berriro ohartarazi zion «izenik ez aipatzeko irratian ». Eta besteak, burlaz erantzun: «Kartzelan ikusiko dugu elkar».
Kalte handia eragin zutela?
Kalterik handiena pertsonen aurkakoa izan zen, baina polizien eraso antolatuak ondorio ekonomikoak izan zituen. Peñen ikerketaren arabera, uztailaren 8ko istiluek 117 milioi pezetaren kalteak eragin zituzten. Gaur egungo diruaren balioan, inflazioa aintzat hartuta, bost milioi euro inguru.
Bost sumario ireki eta guztiak itxi zirela?
Ikerketarik zorrotzena peñek egin zuten. Auzitegiek bost sumario ireki zituzten; guztiak artxibatu ziren.