Kultur kritikari buruzko eztabaida eta diskurtsoak sarrienik krisiaren inguruko erretorikaren inguruan eraiki izan dira, eta gaur egun ere kritika hizpide hartzean hilzorian, gaixorik, krisian dagoen zeregintzat hartzen duten solasak izaten dira nagusi. Dela kritika merkatu-logikek eta interes komertzialek itotako jarduntzat hartzen delako, dela akademian gotortutako autokontsumorako zeregintzat hartzen delako. Etimologikoki kritika eta krisia senide ez urrunegiak izateak beharbada balio digu, ordea, pentsatzeko lotura hori aukera gisa irakur daitekeela, kritika izan daitekeela baliabide bat zenbait gizarte-diskurtso eta kultur logika dominatzaile krisian jartzeko. Kultur kritika eta, zehazki, kulturaren kritika feminista diskurtso dominatzaile horiek ezbaian jartzeko tresna izan daitekeela sinesteak batu gaitu artikulu honen sinatzaileok, eta horrexek eraman gaitu, beste lagun askorekin batera, Euskal Kultur Sorkuntza eta Kritika Feminista graduondokoa martxan jartzera, UEU eta EHUren arteko lankidetzan.
Jakina da kapitalismo globalizatuak merkatu-logikak jendarteko bazter ia guztietara hedatu dituela, baita kulturara ere, eta are gurea bezalako kultura minorizatuetara ere, nahiz eta hein txikiagoan izan. Kultura kontsumo-gai otzantzat hartzea edo ikusgarritasun mediatiko eta iragankorra balorazio-irizpide bakar izatea dira merkatuak kultur ikuspegietan eragindako aldaketetako zenbait. Aitzitik, uste dugu logika horien aurrean, kultur kritikak begirada zabala, kontrastatua, pausatua garatzeko gaitasuna izan behar duela, eta horrez gain, kultura bera produktutik harantzago ulertzeko ekarpena egin dezakeela. Marina Garcesek dioen moduan, «kultura ez da salgai dagoen produktu bat, ezta defendatu beharreko ondasun bat ere. Jarduera bizi, anitz eta gatazkatsua da, eta haren bidez gizon-emakumeok zentzua ematen diogu partekatzen dugun munduari eta orobat inplikatu egiten gara bertan». Kultur sorkuntzak jardun bizi eta gatazkatsu gisa dituen ertzak ikusarazten, kulturaren eta politikaren arteko harremanez hausnartzen lagun diezagukeen neurrian uste dugu izan dezakeela potentzialitaterik kultur kritikak. Izan ere, kultur sorkuntzak munduaren errepresentazio diren neurrian, sorkuntzari buruzko hausnarketa kritikoa bada mundu posibleez hausnartzeko bitartekoa ere.
Pentsamendu eta praktika feministek normalizazioaren inguruko diskurtsoen aurrean zapalkuntzak gogora ekartzea, normaltasuna ezbaian jartzea edo kontsentsua pitzatzea dakarten bezala, uste dugu kultur kritikak ere kulturaren eta jendartearen inguruko diskurtso eginetan pitzadurak sortzea, galderak plazaratzea izan behar duela helburu, eta puntu horretan egiten dutela topo kultur kritikak eta feminismoak. Horregatik daukagu kultur kritika feminista munduaren irudikapen patriarkalak ezbaian jartzen laguntzen digun zeregintzat, errepresentazio berriak pentsatzen laguntzeko bitartekotzat, kultur bitartekaritzan aritzeko modu horizontalagoak eraikiko dituen jardueratzat.
Feminismoak, mugimendu politiko eta sozial gisa, Euskal Herrian hartu duen indarrak, eta euskal kulturan emakumeen sorkuntzak eta kultura feministak irabazi dituzten espazioek are beharrezkoago egiten dute euskal kulturaren kritika feminista bat garatzea. Alde batetik, edozein kultur esparru eta ekoizpenek beharrezko duelako bere burua legitimatuko duen diskurtso bat, eta kultur kritika izan daitekeelako sorkuntza feministari legitimitatea aitortuko dion diskurtso bat, sortzen ari den kultura horri bozgorailua emango diona, hura interpretatzeko klabeak garatuko dituena eta sorkuntzen arteko loturak egingo dituena (diziplina, belaunaldi edo jatorri ezberdinetako obra eta egileak elkarrekin harremanetan jarriz, esaterako). Edonola ere, kultur kritika feminista ez da, gure iritzian, sorkuntza feministaz soilik arduratzen den kritika, ezpada kultur teoriak, diskurtsoak eta praktikak kritikoki aztertzeko tresnak emango dituen ikuspegia.
Bestetik, agerikoa irudi lezakeen arren, gaude ezinbestekoa dela euskal kultur kritika feministak bere diskurtsoa euskaraz eta kultur esparruaren barrutik garatzea. Pentsamendu eta mugimendu feministak ekarpen ezinbestekoak egin dituzte kultur sorkuntzak ulertu eta interpretatzeko; haatik, kultur esparrua eta esparru soziopolitikoa elkarrekiko dependentzian dauden arren, ez genuke ahaztu behar jendarteko logikak eta kultur esparruetako logikak ez direla berberak; misoginiak, matxismoak eta sexismoak ez baitute forma bera hartzen testuinguru sozialean edo kultur esparruan, eta kultur esparru batetik bestera ere aldakorrak baitira logika horiek, ez dira-eta gauza bera bertsolaritza eta zinema, musika eta arte plastikoak. Hartara, esparru soziopolitikoan garaturikodiskurtso feministek ez dute bere hutsean balio kultur sorkuntzak eta praktikak ikuspegi kritiko feministatik aztertzeko, kulturaz jarduteko tresna eta kontzeptu feminista berezituak garatzea beharrezkoa da. Era berean, nazioartean garatutako pentsamendu eta kritika feminista bidelagun ezinbestekoak ditugun arren, euskarazko kultur kritika feministak bere tresna propioak ere garatu behar dituelakoan gaude, zenbaitetan beste testuinguru batean sortutako eredu teorikoei itsuan jarraitzeak bertako kultur logikak behar bezala ez interpretatzea ekar dezake-eta. Azkenik, euskal kulturak transmisiorako dituen zailtasunen eta bideen inguruan pentsatzerakoan ere kritika feministak zeresana izan baduela uste dugu; transmisio oro baita generoak markatua, kulturaren transmisioari eta irakaskuntzari ikuspegi feministatik so egitea ezinbestekotzat dugu. Finean, jakintza-esparru berezitu hauek elikatuz, kultur eragileon ardura politikoetariko bati heldu nahi diogu, (Euskal) Kultur Teoria eta Kritika Feminista garatzeari, alegia.
Kultur kritika feministaz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu