Borroka da bidea

Oskar Bizkai Bidankoze eta Filipe Bidarte
2021eko azaroaren 14a
00:00
Entzun
Aieteko ekimenak sekulako esperantza piztu zuen Euskal Herrian. Bost puntutan bildua zen bide-orria:1.- ETAk borroka armatua bazterrera utzi.2.- Bi gobernamenduak prozesuan sartu ETAk lehen puntua betetzen badu.3.- Elkarbizitza erraztuko luketen urratsak ematea bi aldeetako biktimak ezagutuz eta lagunduz.4.- Arduradun politikoek aterabide politikoei bidea zabaltzea.5.- Batzorde bat sortzea bide-orri horren obratzeko.

Baina hamar urte hauetan urtetik urtera aldebakarreko urrats bakoitzean, gero eta jende gehiago hasi da etsitzen. Zer bilakatu da nazioarteko pertsonalitate ezagunek babestu beharra zuten bake prozesu delako hori? Bake bideak egiazki hiru egun iraun du. Aietekoa 2011ko urriaren 17an egin zen eta ETAren adierazpena agertu zen hiru egun berantago, 2011ko urriaren 20an. Geroztik, deus ez. Bigarren puntua? Sekula ez! Bake bidea ETAren adierazpenarekin hilaurtu zen.

Hamar urtez, Frantzia eta Espainia prozesu horretarat hurbilarazteko esperantzan aldebakarreko urratsak egin dira, eta ez edozein: ETAk eragindako biktimak onartuz, presoei barkamenak galdeginaraziz, borroka armatuari bururatzea emanez eta, beste nehork armak har ez ditzan, armak etsaiei eskainiz, erakundea deseginez eta barkamena galdeginez egin kalteagatik. Urrats horiek guziak deusezaren truk, dohainik!!

Bakea adosten da elkarren kontra borrokan ari izan direnen artean. Noiz sartu dira jokoan Frantzia eta Espainia? Sekula ez. Frantzia malgutu omen da, urrats bat egin duelako Iparraldeko delegazio bat ministerioko bulego batean onartuz. Frantziak, egiazki, egiten ahal zuen gutien-gutienekoa egin du, preso batzuk hurbilduz Mont-de-Marsan-erat, gisa horretan bere legeak betez eta kito. Hamar urtez zer-nolako aitzinamendua!! Eta Espainia, berriz, hamar urteren buruan hasten da doi-doi presoak Euskal Herritik hurbiltzen. Presondegietako eskumena Eusko Jaurlaritzari utziko omen dio, Erkidegoan preso atxikiak izanen direnentzat. Eta Nafarroa Garaiko presoentzat zer? Dena den, presoak beti preso, eta ateratzen diren bakarrak beren kondena osoki eta sobera beterik ateratzen direla. Hori da dena, eta besterik ez!

Hamar urteren buruan, gelditzen diren 200 euskal presoek beren kondena bururaino bete gabe ateratzeko itxaropen gutti. Presoak maite ditugula, eta presoak direla gure arrangura lehena? 2021eko urriaren 18an, Aieteren hamar urteak ospatzean erraten delarik: «Gure egiten dugu haien mina», presoak direa gogoan? Ez, «ETAren indarkeriak eragindako biktimez» ari dira. Aldarrikapen horretan erraten delarik «baieztatzen dugu hura ez zela inoiz gertatu behar, inork ezin gogoko ukan hura guztia gertatu izana», euskal presoak dira gogoan? Ez! Euskal Herriak pairatzen duen zapalkuntza eta ukapena aipatzen da? Ez, beti «ETAren indarkeriak eragindako biktimez». 50 urteko borrokaren zilegitasuna gisa horretan ukatuz eta zangopilatuz euskal presoak direa gogoan?

Iduri du presoak zama bat bilakatu direla, traba bat Madrilekin eraman nahi den proiektuarentzat. Horregatik galdegiten zaie presoei beren izaera politikoa ukatzea eta eragindako kalteentzat barkamenak galdegitea, denbora berean Espainiako aurrekontuak onartzen direlarik Madrileko agintarien aldetik ongi ikusia izateko, kaleko errealitateari bizkarra emanez.

Bakeari bidea zabaltzeko, ez dira bakarrik ondorioak kontuan hartu behar baina baita ere borrokaren arrazoiak, arazo politikoa bere muinean, bere oinarrietan mahaigaineratu, azaldu, barneratu eta aterabideak jorratu, oinarrizko urratsak emanez. Holakorik ez prozesu honetan, ez Erkidegoan, ez Nafarroa Garaian ez eta Iparraldean. Baina hamar urteren buruan, aldebakarreko prozesu maingu horri merezimendu zerbait atera behar eta, zer ez da entzuten? Prozesu horri esker erdietsi dela Iparraldean Hiri Elkargoa!? Oroimen laburra daukagu eta historia hurbila desbideratzeko gaitasuna. Iparraldeko Hiri Elkargoa erdietsi izan da prozesu hori baino lehen eramana izan den borroka luzeari esker, Iparraldean euskal kontzientziaren indartzeari esker, eta Iparraldean 2000. urte inguruko estrategia aldaketaren ondotik eramaten ahal izan den euskal gizarte osoaren mobilizazioari esker. Eta, gainera, zer erdietsi da? Eskatzen genuena? Ez, bakarrik Frantziak ematen ahal zuen instituzio ttipien ttipiena, eskumen gutien-gutienekoa, Hiri Elkargoa, departamendu bat ere ez dena, eta eskualde eta departamenduaren pean kokatzen den instituzioa. 2011n abiatu den prozesu horrek ez du emaitza politikorik ekarri, ez Erkidegoan, ez Nafarroa Garaian, ez eta Iparraldean ere!

Haatik, prozesu horren aitzakian Euskal Herria kontrolpean atxikia izan da, kalapitak itoz, borrokak ezeztatuz edo kondenatuz, negoziaketak bazirela sinetsarazi nahiz. Baina borrokak ezeztatuz, hamar urtez gizarte arazoak larritu dira. Zer gertatzen ari da Iparraldean hamar urteko belaunikatze prozesu horren ondorioz? Etxebizitza arazoa sekula baino larriagoa (promotoreen goseak ez du mugarik, eta ahalkerik gabe euskal herriaz baliatzen ari dira sekula ez bezala), euskara ukatua eta euskarazko irakaskuntza sekula ez bezala debekatua, AHTa ere berriz sakatu nahi digute (ez dira gehiago beldur!). Horra nolako aitzinamenduak izan diren azken hamar urte hauetan Iparraldean, eta Hegoaldeko egoera ez da hobetuz joan.

Estrategia aldaketa erabakia izan zelarik, borroka mota guziak baztertu behar zirela erabaki genuen? Ez! Beste estrategia bat asmatu behar genuen, beste borroka molde batzuen gainean oinarrituz, estrategia berri bat eraikiz. Ez ote dugu deus ikasi 50 urteko borrokaren ondotik? Gauza bat baizik ez bada ere, hau da: burua makurtuz ez dela deus erdiesten. Indar harremanik gabe ez da deus lortzen. Burua apaldu, eta ez da sekula aski apala izanen etsaiarentzat.

Beharrik, borroka guziak ez direla isilduak izan. Iragan hilabete hauetan, okupazioak obratu dira Baztan Aroztegian ala Arbonan edo Hazparnen, eta hori da bideetarik bat, beste borroka bide batzuen artean. Desobedientzia dugu hedatu behar gure estrategia askatzailearen zutabe bezala. Parisetik ala Madriletik ez zaigu fitsik etorriko. Beraz, guk gurea egin dezagun. Borrokari esker gara aitzinatu orain arte, eta borrokaren bidez gara askatuko. Jorra ditzagun desobedientziarako bideak askatasunari buruz, alderdikeria guzien gainetik. Nahiz eta jakin bide horrek Paris eta Madrilen bortizkeria ekarriko duela, Katalunian bezala. Desobedientziarako bideak ainitzak dira, herrialde bakoitzean egoera bereziak ainitzak diren bezala. Kontuan har ditzagun Euskal Herri osoaren askatasunaren bidean.

Bai, maite ditugu preso diren euskal militanteak, eta etxean nahi ditugu, orain, eta ez bost edo sei urteren buruan. Presondegitik aterako direlarik ongietorriak eginen dizkiegu, sekula ez bezala, batzuek nahi ala ez!! Bai, maite dugu gure herria eta borrokan jarraikiko dugu bizi dadin, aska dadin, aska dezagun!! Askatasunaren aldeko militante guziak, elkar gaitezen! Borroka da bidea!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.