Azken uda dantza (IX)

Muxuak, arrakastaren ikur

Pop eta rock estiloak nahastuz, Gozategi taldeak aire berriak ekarri zizkion trikitiari 1990eko hamarkadan. 'Nor-nori-nork' abestiak eman zion ospea, eta, haren segidan, 'Nirekin' etorri zen. Haren hitz eta doinu goxoek dantzan jarri zuten Euskal Herria.

Iñigo Goikoetxea, Ainhoa Gozategi eta Asier Gozategi, artxiboko argazki batean. ANDER GILLENEA.
Olatz Enzunza Mallona.
2021eko abuztuaren 24a
00:00
Entzun

Emoixtaxux muxutxuek, maitie» esaldia entzun, eta haren doinu eta melodia goxoek oroitzapen jakin batera eramaten dute entzulea, eta, nahi gabe bada ere, gorputza abestiaren erritmora mugiarazi. Gozategi taldeak Ainhoa (Elkar, 1996) bigarren diskoarekin lortu zuen arrakastaren gorenera heltzea; zehazki, kantu hori izan zen eztanda eragin zuena. Urte hartako udako kantua izan zen, eta, trikitiaren ohiko moldeetatik urrunduz, dantzan jarri zituen Euskal Herriko plazak.

 

Lehen diskoa kaleratu aurretik, Nor-nori-nork abestiak eman zien ospea. Eusko Jaurlaritzari kritika egin zioten kantu horretan, eta Manolo Escobarren El porompompero abesti ezaguna hartu zuten oinarritzat. Lortutako arrakasta ikusita, Elkar diskoetxeak disko bat grabatzeko aukera eskaini zien. Era horretara, Gozategi taldeak aurreneko diskoa kaleratu zuen 1995ean, eta trikitiaren arloan ezohikoa zen talde osaketa bat ekarri zuten: hirukotea. Asier eta Ainhoa Gozategik osatutako soinu txikiaren eta panderoaren molde tradizionalari Iñigo Goikoetxea baxu jolea batu zitzaion.

[youtube]https://youtu.be/n1yt5FWADmU[/youtube]

Asier Gozategiren hitzetan, talde izaera «modu naturalean» sortu zen. Baina gogoan du kontrako iritzi ugari ere sortu zituela: «Trikitiaren munduko jendeak esaten zuen hori ez zela trikitia; baina urtetik urtera erakutsi da posible dela musika tresna hori bestelako instrumentuekin nahastea». Ordurako, trikitiak bide berriak bilatu zituen Euskal Herrian: «Boom bat izan zen». Beste talde batzuen artean, Gozategi izan zen talde mota berri horren ordezkarietako bat, eta arin-arin, fandango eta porrusaldekin, pop-rockerako joera erakutsi zuten. Taldea ezagun egin zen berehala, eta haien kantuak irratietan, herriko plazetan eta tabernetan entzuten hasi ziren.

Nirekin abesti arrakastatsuaren hitzak Jon Maia bertsolariak idatzi zituen. «Maia eta ni lagunak gara, eta, garai hartan, biok Gasteizen bizi ginen», gogoratu du Asier Gozategik. Zaborrontzira botatako beste hitz batzuen emaitza da abestia, eta bertsolariak bizkaitar batekin izandako maitasun istorioa du hizpide: «Nik melodia eginda neukan, eta, hasieran, Maiak euskara batuan idatzitako hitz batzuk ekarri zizkidan; handik bi egunera berriz etorri, eta beste batzuk eman zizkidan, bizkaieraz. Magia sortu zen».

[youtube]https://youtu.be/G-Bhui6yu1U[/youtube]

Bizkaieraz idatzitako hitzak izan ziren arrakastaren gakoetako bat, baina beste hainbat faktore ere egon ziren tartean, Gozategiren hitzetan: «Musikari gipuzkoarrak bizkaieraz abesten ikustea pixka bat kontraesanezkoa zen, baina melodia eta hitzak ere oso goxoak ziren». Lortutako arrakasta «sekulako ezustekoa» izan zen taldearentzat, eta, hala, haien abestiak «trikitia entzuten ez zen tokietara» iristea lortu zuten: «Ate asko zabaldu zizkigun, eta, urte horretan, kontzertu pila bat eman genituen». Zuzenekoei esker, are ezagunago bilakatu zen taldea, eta, 1995eko uztailean bakarrik, 33 kontzertu eman zituzten.

Emankorrak izan ziren ondorengo urteak ere. Bost urtean lau disko kaleratu zituen Gozategik, baina triki-poparen sukarra jaisten ari zela ikusita, Egunon (Elkar, 2000) diskoa kaleratu ondoren atsedenaldi luze bat hartzeko hautua egin zuten.

Oraindik ere, gozatzen

Hogeita bost urte inguru igaro dira jada Maiak Nirekin abestia sortu zuenetik, baina oraindik ere «ezinbesteko abestia» da taldearen zuzeneko kontzertuetan. «Kantu hori denek ezagutzen dute, denona da, eta sekulakoa da ikustea jendeak nola erreakzionatzen duen jotzen dugun bakoitzean», nabarmendu du Asier Gozategik.

Hasierako musika estiloa aldatu gabe, trikitia da oraindik ere taldearen ardatz. Eta, batik bat, umorea lantzen segitzen dute beren kantuetan. Ahal den neurrian, behintzat, kritika eta aldarrikapenak eginez: «Busti egiten gara; aldarrikapen txikiak daude abesti gehienetan».

Urte hauetan guztietan Gozategi adinduz joan bada ere, publikoaren artean pluraltasuna da nagusi. Gozategiren hitzetan, adin, jatorri eta ezaugarri askotako jendeak bat egiten du taldearen kontzertuetan: «Zoragarria da betiko jarraitzaileez gainera publiko gaztea ere gure kantuak abesten ikustea; asko baloratzen dugu».

Belaunaldiz belaunaldi jende askoren memorian iltzatuta daude oraindik haien abestiak, eta luzaroan ere hala izango da, ziur asko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.