Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila ikasleak onartu eta eskolatzeko prozedura eta irizpideak arautzen dituen dekretua aplikatzen hasiko da2023-2024 ikasturtean. Horren arabera, diru publikoa jasotzen duten ikastetxe guztiek, Hezkuntza Sailak adierazitako irizpideen arabera, ikasle zaurgarrientzako ikaspostuak erreserbatu beharko dituzte. Ustez, neurri horren bitartez Hezkuntza Sailak haien hezkuntza politikaren ondorio den eskola-segregazioa ekidin nahi du.
Zailtasun handiz, ia hogei urte igaro ondoren eta ikerketa anitzek horrela frogatu dutelako, Hezkuntza Sailak onartu behar izan du segregazioa hezkuntza sistema publiko-pribatuaren ondorio zuzena dela. Behin arazoa identifikatuta, egiturazkoa den sistema segregatzailea amaitzea izango litzateke logikoena, haien eskumen zuzenekoa den euskal eskola publikoa sistemaren ardatz bilakatuz, ituntze unibertsa amaituz eta publifikazio bide erreal bat irekiz. Baina hori egin beharrean, Hezkuntza Sailak erabaki du hezkuntza sistema dual kohesionatzailea asmatzea. Ukazio fasetik asmakizun bitxien fasera igaro gara oraingoan.
Hezkuntza Sailak, onarpen eta planifikazio aginduetan aldebakarrez moldaketak eginez, sekula inon funtzionatu ez duten algoritmo matematiko eta ingeniaritza planifikatzaileak aplikatuz eskola-segregazioa konponduko duela sinetsarazi nahi digu, hezkuntza legearen kontrako ahotsak apaltzen saiatzen diren bitartean. Ikasleak alde batetik bestera mugitzea eta bururatuko zaizkion bestelako bitxikeriak aplikatuta ere, errealitate honen sintomari baino ez diote heltzen, arazoaren kausari heldu beharrean. Izan ere, arazoari ezin zaio aurre egin hezkuntzako patronalei aurre egin gabe, eta hori da hain zuzen ere saihestu nahi dena, ez dezagun ahaztu hezkuntza etekin handiko enpresa bilakatu dela azken urteetan.
Begi-bistakoa da neurri horrek ez duela gaur egun dugun egoera konponduko, ikasleen arteko oreka xelebreak eginez, gu guztiok entretenitzeaz gain, sistema publiko-pribatuaren zuritze ariketa bat besterik ez da egiten, jaiotza-tasa jaisten ari diren une honetan. Gizarte orekatu eta kohesionatu baten aldeko egiturazkoak diren aldaketak egiten ez badira, hezkuntza sistema merkantilistaren inertziak eta gizartean berez ematen diren bazterkeria logikek beti topatuko dute zirrikitua, tranpa edota salbuespenerako bidea, segregazioa sortuz eta areagotuz.
Beraz, seguruenik beste asko sortuko badira ere, hona hemen gaur gauden tokitik argitaraturiko agindu eta dekretuek sortuko dituzten arazo batzuk:
- Neurri horrek ikasleen estigmatizazioa eragingo du, eta, zaurgarritzat hartutako ikaslearen irautea ikastetxe pribatu zehatzetan jasangaitza izan ohi denez, ikasle horiek hezkuntza publikora bueltatzen dira maiz. Maila sozioekonomiko baxuko ikasle horiek ikastetxe pribatuetan bizirik irauteko, sailak ordaindu beharko ditu gainkostuak, gutxienez neurgarriak direnak; jangeletako menu elitista, garraioa, biolin klaseak, NASArekin konexioak, padel klaseak... Gastu horiek gu guztion artean ordainduko ditugu eta itunpeko ikastetxeek diru gehiago jasoko dute ikasle zaurgarri bakoitzeko. Steilasen ez gabiltza asmakizunetan, neurri hori Katalunian aplikatu zenean halaxe gertatu zen, jakin badakigu horrelako asmakizunek dagoeneko porrot egin dutela beste tokietan.
- Aipatu ikasle zaurgarrientzako plaza erreserba 2 urteko geletan aplikatuko da soilik, beraz, beste ikasmailetan eragina izan arte printzipioz urte asko itxaron beharko lirateke, betiere hurrengo ikasturteetan zaurgarritasun tasa hori modu errealean mantentzen bada.
- Argitaratutako onarpen aginduaren bitartez, berme batzordeek zuten eraginkortasun txiki hori galduko dute, Hezkuntza Sailaren esku geldituko baita. Horren adibide argiak dira ikasleen banaketa baldintzatuko duten eragin eremuen gainean eginiko aldaketak. Steilasek egindako alegazioei jaramonik ez egiteaz gain, udal eta ikastetxe askoren kontrakotasunari ere ez dio zilegitasunik eman Hezkuntza Sailak. Beraz, alegazio eta desadostasunen gainetik iritsi dira eragin eremuen zaurgarritasun-tasak ikastetxeetara, eta gehienetan ez dute bat egiten guk egunerokoan ikusten dugun errealitatearekin, ezta ikastetxeetan dauden bekadun kopuruekin ere. Gauzak horrela, eremuak handitu egin dituzte, eta horrek, besteak beste, ikasle garraiatu gehiago egotea izango du ondorio, edo hainbat herri txikitan eskaintza publikoaren beharrik ez egotea, eragin eremuaren barruan bestelakorik badago eta. Kontuan izan behar dugu horrek LOMLOEren 109. artikuluaren kontra egiten duela.
- Eremuen barruko zabalera konpentsatzeko Steilasen betiko aldarrikapen bati garrantzia eman zaio: baremazioan ikastetxearekiko gertutasuna gehiago puntuatuko da; baina ez dago inon jasota gertutasun horren gainetik beti D ereduko ikaspostu publiko bat eskainiko zaiola horrela eskatzen duen orori. Berriro ere, egiturari dagokionez, erabaki okerrekin topo egiten dugu.
- Maiz esan dugun moduan, euskara ezin da hautazkoa izan, ezta ikastetxeen hizkuntza proiektuaren baitan eman ere. Euskal Hezkuntza Zerbitzuaren sorrerak berak, bi sareak berdintzen dituenak, euskararen desarautzea ekarriko du, titulartasun pribatuko ikastetxeek hizkuntza ereduarekiko eskumena baitute. Horri ikasle zaurgarriek euskararekiko izan dezaketen jatorrizko atxikipen falta gehitzen badiogu, non gelditzen da hezkuntzaren funtzioa euskalduntzearekiko? Ez dezagun ahaztu azken 30 urteotan euskal eskola publikoa izan dela gehien euskaldundu duena.
Edonola, asmakizunetan gabiltza ikasle zaurgarrien zaletasunei dagokienez, momentuz ez baitakigu zeintzuk izango diren ikasle zaurgarria definituko dituen aldagaiak. Jakina da beste erkidego batzuetan ikastetxeetako zaurgarritasun-tasak aplikatu direnean ikasle zaurgarrien diagnostikoak bikoiztu egin direla.
Beraz, Steilasen argi dugu ikasleak onartu eta eskolatzeko prozeduren neurri horiek Hezkuntza Sailaren trikimailuekin batera etorriko direla, hezkuntza sare publikoa lehenesteko borondaterik ez dutelako. Ez dago estrategia berriak asmatzeko beharrik, dagoeneko hainbat tokitan funtzionatzen dutenak aplikatzearekin nahikoa da. Ikasleen onarpenari dagokionez, esate baterako, itunaren markoan hainbeste aipatu den eta gure aldarrikapen zuzena den matrikulazio leihatila bakarra ez da inon agertzen. Beraz, ez dugu kea desagerrarazi arte itxaron behar jakiteko hau ez dela hezkuntza publiko indartsu bat eta, ondorioz, gizarte kohesionatu bat sortzeko behar dugun bidea.
Sistema dual kohesionatzailea?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu