Zestoako Danbolin aldizkarian iritzia galdetu zidaten Euskal Herriko sortzaileek gazteleraz edo ingelesez kantatzeko duten joera berriari buruz. Horretan akulturizazioa ikusten nuela erantzun nien, kontzientzia nazionalaren galera bat, hizkuntzarekiko atxikimendu falta. Euskararekiko gutxiespen bat, nazioarteko hizkuntza estatusa ukatzen diona.
Baina gaztea izan naiz ni ere, eta orduan ez nukeen halakorik esango. Pentsamendua bizitzan daramagun eboluzioarekin batera aldatzen da, eta denok oro har leku beretik abiaturik ere, hau da, gizartean hegemonikoa den balore-sorta baten sabeletik, arras jomuga ezberdinetara irits liteke gure pentsamendua.
Garaitsu berean Izaro kantariari elkarrizketa interesgarri bat egin zion Jon Pagolak Zazpika aldizkarian. Harritu ninduen lehen gauza izan zen «Estatua» aipatzen dela lau aldiz, horrela, letra larrian, generikoki, ontzat emanez euskaldunon estatua Espainia dela. Eta estatuan sekulako harrera izan duela eta, Izarok dio: «Beti izan da nire helburuetako bat Estatu mailan ere aritzea. Beste edozein artista bezalakoa izan nahi nuen eta oso pozik nago; horrek zoriontsu egiten nau (...)». Izan ere, Izaroren Eason diskoa Estatuko 50 disko salduenen artean egon zen, eta azkena, berriz, Estatuko bigarren diskorik salduena izan da.
Eta hari ere hizkuntzen auziaz galdetu zion kazetariak, zergatik kantatzen duen euskaraz, gazteleraz eta ingelesez. Izarok dio esaldi bat edo hitzen bat bueltak ematen hasi eta horrek hizkuntza batera edo bestera eramaten duela, ingelesa gertuko duela, asko kontsumitu duen hizkuntza, baina bukatzen du esaldi borobil batekin: «Oinarrian, musika bera da hizkuntza». Hala ere, zaleek zer pentsatzen duten horretaz, galdetzen dio kazetariak, eta Izaro deseroso ageri da: «Oso gai astuna da. Seguruenik, nire karrera musikalaren alderdirik goibelena hori izan da. Sormena sormena da. Pena ematen dit kantu bat entzun beharrean gauza jakin bat entzuten egotea. Barruan gelditzen zaidana zera da, 'kantua gustatu zaizu? Bai ala ez?'. Batzuentzat gehiegi abesten dut gaztelaniaz eta beste batzuentzat gehiegi abesten dut euskaraz». Halere, bere hizkuntza-hautaketak mina ekarri dio: «Nik super naturalki abesten dut dakizkidan hizkuntzetan. Konplexuak sortu dizkidate konplexurik ez nuen lekuan eta lan handia egin behar izan dut berriro konplexua kentzeko».
Gaztetan kontzientzia espantsiboa izan ohi da; gazteak nahi du gainditu egokitu zaion esparru soziala, familia, herria, mundurat atera eta han lorratza utzi; bizi duena baino zerbait handiagoa desio du, jauzi egin beste herrialdeetara, beste kulturetara. Eta egokitu zaion herria txikia dela esan diotenez, hizkuntza gutxitua duena, bazterrekoa eta zokoratua, beste hizkuntza batzuen eszenatokiak irabazita uste du garaituko duela patuak ezarritako itxitura mentala. Baina ez edozein hizkuntza, italiera edo poloniera, esaterako, espainola eta ingelesa baizik, mundu ekonomiko eta inperialistaren bi totem nagusiak. Joera hori sentitzen du gazteak bere indibidualismo indartsuan.
Baina markoa zabaltzen badugu, norbanakoaren ametsetatik esparru kolektibora iragaten bagara, paisaia aldatzen da. Espainia eta Euskal Herria, bi nazio horien indar harremanean kokatzen badugu hizkuntzen auzia, espainolez kantatzea klaudikazio bat izan liteke, indar harreman hori hilgarria delako gure hizkuntzarentzat. Testuinguru horretan, euskaraz kantatzea ez da euskaraz kantatzea soilik. Herri menderatu batekin harreman emozionala sortzea da, kolektibo gutxietsi eta zapaldu bati arnasa hartzen laguntzea, historia zahar bati hitz eta doinu berriak jartzea. Euskaraz kantatzea, oraindik ere, askatasun egarri bati ispilu bat jartzea da; espainolez kantatzea, berriz, betiko irabazleen fotokopia txar bat.
Euskaraz kantatzea tradizio oparo batean zure mugarria kokatzea da. Espainolez kantatzea, berriz, imitazio otzan bat, lehen ere garaituak mila bider praktikatu duena irabazlearen onurak amiñi bat eskuratzeko. Ez da berdina. Ez da aukera estetiko hutsa. Izarok ere halako zerbait iradokitzen du, kazetariak galdetzen dionean ea pop musika politikarekin nahastu behar den. «Dena da politika», esango dio, «existitze hutsa politika egitea da. Kontua da norberak zer uste duen dela politika (...)». Pop musikari funtzio garrantzitsua ezartzen dio: «Jende askori heltzen zaion estilo musikala da eta oso bozgorailu potentea da zenbait mezu eta bizi eredu transmititzeko».
Oinarrian, musika bera bada hizkuntza, kantua gustatu bazaizu, guri garai batean ingelesezko kantak piperrik ulertu gabe gustatzen zitzaizkigun bezala, euskaraz kantatzea ez al litzateke unibertsala izanen? Teoria idiliko batean bai, baina ez, ez da hala, indar harremanean galtzaile garelako, eta hizkuntza hegemoniko menderatzaileek galarazten digutelako. Izarok super naturalki abesten badu dakizkien hizkuntzetan, non dago, orduan, arazoa? Bada, kultura ez dela inoiz inozoa eta naturala, kolektibo baten koordenada politikoen emaitza baizik; eta kantaria horren isla.
Eta musika bozgorailu potente bat bada, bertan entzuten den hizkuntza erabaki politikoa bilakatzen da, estetikoaren ordez.
Euskal Herrian egitura ideologiko eta identitario gehienak xehatu egin dituzte, kanpo eraginez, neurri handi batean, baina euskaraz mintzo diren aktibisten bitartez ere bai, eztabaidaren mahaian euskal nortasuna jarri ordez bizikidetza, bakegintza eta aniztasuna ezarri zituzten garaitik. Halere, espainolez eta ingelesez hasten den euskal kantariaren aurrean nolabait erreakzionatzen duen gizarteak badu, oraindik, itxaropen izpi bat. Hargatik, kultur identitatea suntsiturik ikusi duen Izaro bati, ezin diogu ezer eskatu zentzu horretan. Neuk ere zertxobait idatzi dut espainolez gaztea nintzenean, Euskal Herriari idazten niola ulertu nuen arte.
Narratibaren paradigma klasikoa da heroiaren bidaiarena. Proba eta oztopo latzak gainditu ondoren, bere baitan eraldaketa bat gertatzen da, eta erdietsi duen hori partekatzen duenean bere komunitatearen eboluzioa azkartzen du bere lanak. Bere abenturak egoa eta anbizio pertsonala gainditzen ditu, gizartearentzat onuragarri bihurtzeko. Azkenean, heroia bizi-eredu bilakatzen da, eta laguntzen digu gure giza-izaeraren sakoneko altxorra aurkitzen, harekin bat egiten. Eta niretzako euskaraz abiatzen diren kantari guztiak dira heroiak.
Euskaraz kantatu (edo ez)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu