«Europako funtsak Damoklesen ezpata direlako», eta «etorkizuneko bizi eta lan baldintzak» urte bukaerarako Madrilen hartzekoak diren «erabakien araberakoak izango direlako», euskal sindikatuek protesta eraginkorrak egin nahi dituzte. Aldarri multzo bat osatu eta horiek lortzeko, mobilizazio bateratuari ekitea erabaki dute ELA, LAB, Steilas, ESK, Etxalde, Hiru, CGT eta CNT sindikatuek. Lehena abenduaren 1ean izango da: Hegoaldeko hiriburuetan manifestazioak antolatu dituzte.
Ez dute argitu greba orokorrera ere deituko ote duten mobilizazio sorta horretan, baina azaldu dute «garrantzi handiko garaia» dela hau, eta Europako funtsak «Damoklesen ezpata» bilakatzen ari direla. Horren aurrean, elkarrekin aritzea erabaki dute Madrilen erabakitzen ari diren lan eta pentsioen erreformen aurka. «Urte bukaerarako hartu nahi dituzten erabakien araberakoak izango dira etorkizuneko gure bizi eta lan baldintzak. Lan erreforma eta pentsioen erreforma ezinbesteko baldintza dira beltzez jantzitako gizon berriek atea zabal diezaioten Espainiako Estaturako funtsen transferentziaren bigarren zatiari».
Esplikatu dute murrizketak ezarri nahi dituztela erretiro aurreratuan, pentsioen erreformarako lege proiektuaren barruan; ez dela bermatzen 1.080 euroko gutxieneko pentsiorik, ez eta genero arrakala apaltzea ere. «Gutxi dakigu, baina, dakigun horren argitan, orain arteko murrizketak ez dira indargabetuko. Lan erreformaren nondik norakoak are ilunagoak dira, baina ez dirudi Euskal Herrian gure lan hitzarmenak negoziatzeko eskubidea bermatuko denik, edota indargabetuko direnik aurreko erreformen funtsezko puntuak: esaterako, kaleratzeko erraztasuna».
Erreforma horiek «baldintzatzeko» deitu dute manifestazioetara.«Estatuak bere irizpideak inposatzen ditu». Izan ere, sindikatuen arabera, Hego Euskal Herriko erakundeek «ereduaren oinarrizko zutabeak aldatzeko aukera» baztertu dute: esaterako, osasun, hezkuntza eta zaintza sistema publikoari dagokionez. «Premiazko zerga erreformari ekitea ere» baztertu ei dute gobernuek. «Confebaskek eta CENek erabakitzen dituzte politika horiek». Uste dute zerbitzu publikoen pribatizazioa sustatzen duen eredua ezarri dutela. «2008ko krisialdian eta koronabirusaren pandemian ikasitakoa ez dute aintzat hartu nahi». Halaber, uste dute krisi sanitarioaren kudeaketak agerian utzi duela «sistema autonomikoa zein hauskorra den: estatuak bere irizpideak inposatzeko ahalmena dauka».
ELA, LAB, Steilas, ESK, Etxalde, Hiru, CGT eta CNTk beharrezkotzat jo dute bat egitea; esaterako, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak biharko deitutako mobilizazioak babesteko. «Greba orokor baten erreferentzia ere aipatu izan dugu; horri buruz, bakoitzak bere iritzia eman du. Gaur esatera gatoz testuinguru honetan beharrezkotzat jo dugula abenduaren 1ean mobilizazio egun bat antolatzea». Egun horretan, Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan izango dira martxak, eta, arratsaldean, eskualdeetan, erreibindikazio hauekin: «Lan, pentsio eta bizi baldintza duinen alde; lan eta pentsio erreformei, ez; bizi duin baterako burujabetza».
Sindikatuak batu egin dira erreformen aurka, baina grebara deitu gabe, oraingoz
Abenduaren 1erako, martxak antolatu dituzte Hegoaldeko hiriburuetan. Ohartarazi dute etorkizuneko bizi eta lan baldintzak Madrilen hartzekoak diren erabakien menpe daudela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu