Dagoeneko 38 euskal preso daude Euskal Herrian, eta laster 47 izanen dira

Bertze bi Euskal Herriratze, bi hurbiltze eta hirugarren gradu bat iragarri ditu Madrilek. Granadan ez da euskal presorik izanen aurki

Sindikatuek deituta euskal presoen eskubideen alde egindako protesta bat, atzo, Bilbon. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
maddi ane txoperena iribarren
2021eko apirilaren 24a
00:00
Entzun
Euskal presoen hurbiltze eta Euskal Herriratzeak ari dira pixkanaka sakabanaketaren eta urruntzearen mapa aldatzen, eta dagoeneko 38 euskal preso daude Euskal Herriko kartzeletan. Azken hilabete eta asteotako iragarpenen arabera, gainera, bertze bederatzi euskal presok beharko lukete aurki Iruñeko, Basauriko (Bizkaia), Zaballako (Araba) eta Martuteneko (Donostia) espetxeetan: 47k, beraz, orotara. Hala, euskal presoen %18 daude dagoeneko Euskal Herrian; urrutien daudenak baino gehiago: %5 baino ez daude 900 kilometrora baino gehiagora.

Euskal preso gehienak Euskal Herri inguruko kartzeletan daude gaur egun: presoen erdiak. Eta Euskal Herriko edo inguruko kartzela hauek dira euskal preso gehien dauzkatenak: Logroñokoa (21 euskal preso), Duesokoa (19), Zaballakoa (17), Zuerakoa (14) eta Dueñasekoa (14). Logroño eta Dueso Altsasutik (Nafarroa) 170 kilometrora daude —herri horretatik kalkulatzen du Etxerat-ek kartzeletarako distantzia—; Zuera, 245 kilometrora, eta Dueñas, berriz, 310 kilometrora. Bertze espetxeotan ere badira preso asko: Lannemezanen (11), Burgosen (10), Villabonan (10), Martutenen (9) Mansillan (8) eta Mont-de-Marsanen (8).

Euskal presoen gutiengo bat dago Madril inguruko espetxeetan ala urrunago: %32 dira. Horien artean, presoen %20 daude 300 inguru eta 600 kilometro artean (43 preso); 601 eta 900 kilometro artean %8 daude (hamazazpi preso), eta, lehenago erran bezala, %5 daude 900 kilometrora baino gehiagora (bederatzi).

Bigarren graduan daudenak ere gehiengoa dira jada: BERRIAren azken datuen arabera, gutienez presoen %58 daude erregimen horretan; alegia, 126 euskal preso. Hirugarren graduan oraindik bederatzi preso baino ez daude.



Lau mugimendu iragarrita

Ortziralero gisan, atzo ere iritsi zen Espainiako Espetxe Erakundeen iragarpena: atzokoan, iragarri zuten bi euskal preso Euskal Herriratuko dituztela, bertze bi hurbilduko dituztela, eta bati hirugarren gradua emanen diotela. Iñaki Bilbao Gaubeka eta Mikel Arrieta Llopis dira Euskal Herriratuko dituztenak: Bilbao Gaubeka Zueran dago, eta Basaurira ekarriko dute; Arrieta Llopis, berriz, Soriatik (Espainia, 260 kilometro) Martutenera lekualdatuko dute. Bilbao Gaubekak 25 urteko zigorra du, eta 1998tik dago preso —beteak ditu hiru laurdenak, beraz—, eta Arrieta Llopisek 2020ko uztailean bete zituen hiru laurdenak: 35 urteko espetxe zigorra du.

Hurbilduko dituztenak Imanol Miner eta Unai Bilbao Solaetxe dira. Granadan daude biak (Andaluzia, Espainia, 855 kilometro): Dueñasera mugituko dute Miner (Espainia, 310 kilometro), eta Darocara Bilbao Solaetxe (Espainia, 345 kilometro). Bi horiek mugitutakoan, gainera, euskal presorik gabe geldituko da Granadako espetxea, bi horiek baitira kartzela horretan dauden azken euskal presoak. Miner, gainera, bigarren graduan jarriko dute: 2002tik dago preso, eta 30 urteko zigorra du —2024ko azaroan beteko ditu hiru laurdenak—. Bilbao Solaetxe ere 2002tik dago preso, eta 40 urteko zigorra du.

Hirugarren gradu bat ere eman zuten atzo Espainiako Espetxe Erakundeek: Luis Mari Carrasco ezarriko dute erregimen horretan —Zaballan dago, eta Langraiz bidea hartu zuenetako bat da—.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.