Amarik gabeko urtebetetze eguna

Maria Lizarraga eta Iñigo Gutierrez euskal presoen alaba Izadik bihar beteko ditu 3 urte. Kartzelatik atera beharko du orduan, Espainiako espetxe legediak hala aginduta, eta amarengandik bereizi. Gutierrez atzo atera zen espetxetik, hirugarren graduan.

Izadi haurraren alde joan den azaroan Burlatan egindako jaialdi bat. IDOIA ZABALETA / FOKU.
maddi ane txoperena iribarren
2022ko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
Hiru urtez amarekin egon da egunean 24 orduz, eta, egun batetik bestera, harengandik bereizi, eta, dena ongi badoa, ikusten ahalko du ia bakarrik urtean 24 orduz». Zuritik beltzerabat-batean, eta zer eta bere urtebetetze egunean. «Urtarrilaren 23an beteko ditu 3 urte, eta, legediak markatzen duen bezala, egun horretan utzi beharko du espetxea, ama bertan utzita». Maria Lizarraga Merino eta Iñigo Gutierrez Carrillo euskal presoen alaba Izadiren kasuaz mintzo da Itxaso Torregrosa burlatarra (Nafarroa), Izadi Gurasoekin Etxera plataformaren izenean. Izan ere, Espainiako espetxe legediak arautzen duen gisan, preso dauden emakumeen seme-alabak 3 urte betetzen dituzten arte egon daitezke espetxean euren amekin, baina, hortik aitzina, atera egin behar dute, amengandik bereizita. Izadik aita ere preso du: atzo arte hirurak zeuden Aranjuezko espetxean, Madrilen, eta haurrak bi gurasoengandik berezi beharra zeukan. Baina atzo atera zuten Gutierrez espetxetik, azkenean: hirugarren graduan. Aitarekin bederen elkartzen ahalko da umea, beraz.

Bihar izanen da Izadiren hirugarren urtebetetzea, hain justu, eta amarengandik orduan gertatzekoa den banantzea nola edo hala ekidin nahi du Izadi Gurasoekin Etxera plataformak: «Zehazki nola gauzatzen den berdin zaigu, baina eskatzen dugu edozein irtenbide bereizketa hori ez dela gertatuko bermatuko duena». Taldearen beraren izenak dioen gisan, horixe baitute helburua: Izadi haurrarekin batera, guraso presoak ere atera daitezela espetxetik; eta, kasu honetan, ama.

Albiste on bat jaso du berriki plataformak, atzo erdizka gauzaturikoa: Espainiako Espetxe Erakundeek joan den abenduaren 30ean jakinarazi zuten Lizarraga eta Gutierrez Euskal Herrira ekarriko zituztela, eta Gutierrezi, gainera, hirugarren gradua emanen ziotela. Atzo etorri zen Gutierrez Euskal Herrira, baina ez, ordea, Lizarraga: «Uste dute igandera arte behintzat Aranjuezen egongo dela, hemen ez dagoelako familia modulurik. Gure esperantza da umea atera orduko mugituko dutela». Plataformarentzat, «pauso» bat da bi presoak Euskal Herriratzea eta Gutierrezi hirugarren gradua ematea, baina ez «nahikoa», halere: «Modu batean edo bestean, aitarekin egoteko aukera izango du Izadik, eta ez ditu bidaia luzeak egin beharko, baina ama ere behar du».

Bereizketa gerta ez dadin, protesta eginen dute bihar Algortan (Bizkaia), han biziko baita Izadi aurrerantzean —Gutierrez hangoa da—. Burlatatik ere autobus bat antolatu dute, Lizarragaren herritik, eta Torregrosak azaldu du kalejira eta ekitaldi bat eginen dituztela Algortan. 12:00etan abiatuko dute mobilizazioa, Txiki eta Otaegi plazan. Plataformako kideak jakinarazi du, nolanahi den, igandetik aitzinera ere segituko dutela lanean, bi gurasoak eta haurra elkarrekin egon daitezen: «Mariak kasik eginak ditu zigorraren hiru laurdenak, eta bestela ere abokatuek esan ziguten aukera duela hirugarren gradua lortzeko. Ez gara eskatzen ari ezinezkoa den zerbait, borondate kontua da».

Eusko Jaurlaritzari ere egin dio deia Torregrosak, orain Araba, Bizkai eta Gipuzkoako espetxeen eskumena duenez gero: «Euskal Herrian egun ez dago ez tutoretzapeko etxerik, ez amen modulurik, ez familia modulurik. Airean dago ama izateko eskubidea». Halako egoerei «irtenbidea» emateko eskatu du.

Urte gorabeheratsuak

Hiru urte bete arte amarekin kartzelan egoteko eskubidea duten arren, umeak ez daude preso, eta, beraz, teorian eskubidea dute tarte horretan guzian kanpora ateratzeko. Izadiren kasua ez da erraza izan, ordea, koronabirusa egokitu zaiolako tartean. Torregrosa: «Gaixoak kasik denetarik pasatu behar izan du». Azaldu du irteerak egiten hasi bezain pronto ailegatu zela birusa, eta, beraz, kartzelan eduki zutela umea: «Urte eta erdi edo gehiago bisean bisekorik gabe eta kalera ezin ateraz pasatu du». Horrek «estimulu falta» eta kanpoarekin harremana eduki ezin izatea ekarri dizkio: «Espetxeak ez daude inorentzako pentsatuak, heldu batentzat ere ez, baina pentsa modulu normal bat urte bat edo bi urteko ume txiki batentzat! Gaur da eguna non Izadik oraindik ez dituen lehengusu batzuk ezagutzen, eta bere birramama aurreko astean ezagutu zuen lehenengo aldiz, ia hiru urterekin». Zehaztu du eskolan ere orain hasiko dela: «Ezin izan du hasi gainontzeko umeek bezala. Hurbilago egongo balitz, igual ahalko zuen».

Abenduan utzi zioten umeari kanpora ateratzen, azkenean, baina gero ezin izan zuen berriro espetxera sartu, joan den astera arte: «Egon zen ez zekiela noiz ikusiko zituen gurasoak berriro». Egindako lorpen guziak «borrokaren ondorio» izan direla uste du Torregrosak: erraterako, aitarekin elkartu ahal izatea. Baina kexu da: «Gurasoekin egoteko eskubidea behin eta berriro ukatua izan zaio». Eskubide gehiago ere bai, plataformako kidearen ustez: elikadura osasuntsu bat izatekoa, egonkortasunarena... «Profesionalek esaten dute norberaren nortasunean eta garapenean adinik inportanteena 6 urte bitarte dela, batez ere 3 urte arte, eta batez ere lehenengo urtea; eta horretan atxikimenduak kristoren garrantzia dauka». Bada, Izadiri aita eta ama diren «atxikimendu figura» horiek «ukatu» dizkiotela salatu du Torregrosak. Orain haur motxiladuna izatera pasatuko da Izadi, gainera, eta egoera berean dauden haur eta nerabeak izan ditu gogoan burlatarrak: «Ume pila bat dago pandemia hasi zenetik ez dakitenak aita edo ama edo biak noiz ikusiko dituen: ez dago bisean bisekorik espetxe gehienetan orain».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.