«Termometro» bat alzheimerra atzemateko

Alzheimerren gaitza diagnostikatzea osasun sistemaren erronka handienetakoa da. Ikerlari talde batek gaitza listuaren bidez detektatzeko markagailu berri bat garatu du. Lehen arretan erabiltzea nahi dute.

Munduan, 65 urtetik gorako hamar biztanletik batek du dementziaren bat. MARTIN DIVISEK / EFE.
edurne begiristain
2021eko azaroaren 11
00:00
Entzun
Alzheimerra da dementzia gaitzarik ohikoena. Gaur egun, lehen mailako erronka soziosanitarioa da mundu mailan. 65 urtetik gorako hamar biztanletik batek du dementziaren bat, eta 2030erako 76 milioi gaixo egotea aurreikusi da, gehienak diru sarrera apaletako herrialdeetan. Gaixotasun kronikoa da, garuneko funtzioen galera progresiboa dakarrena. Adinarekin lotura zuzena dauka, eta neurodegeneratiboa da. Gaitzari aurre egiteko zailtasun nagusia diagnostikoan dago; hobeki esanda, diagnostikorik ezan. Orobat, dementziarekin lotutako eritasun guztietan da arazo diagnostiko goiztiarra; besteak beste, gaitzaren sintomak oharkabean pasatu edota zahartzaroaren ondorio logikoekin nahasten direlako maiz.

Zaila da kopuru zehatza jakitea, baina kalkulatzen da mundu mailan dementzien %30 inguru soilik daudela diagnostikatuta. Gorka Orive zientzialaria eta EHUko Farmazia irakasle titularra da, eta urteak daramatza alzheimerra ikertzen. Bereziki, gaixotasunaren diagnostikoa ikertzen dihardu, eta ongi daki oso nekeza dela eremu horretan aurrerapauso handiak ematea. «Mekanismo, prestakuntza eta test erraz, ekonomiko eta unibertsalik ez egoteak diagnostikoa zailtzen du», esplikatu du.

Dementzia kasuen %40 atzeratu edo prebenitu dezaketen hamabi arrisku faktore daude gutxienez, The Lancet munduan osperik handienetakoa duen aldizkari zientifikoak jasotzen duenez. Faktore horien artean daude, besteak beste, erretzeari uztea, bizitza aktiboa izatea, obesitatea murriztea, depresioa tratatzea, eta alkohol gehiegirik ez edatea. Aldagai horiek denek gaixotasuna prebenitzeko edo atzeratzeko era eman dezakete. Haatik, Alzheimerren gaixotasunak ez du sendabiderik oraingoz. Eritasunaren sintomak arintzera bideratuta daude egungo tratamenduak, bai botika bidezkoak, bai terapeutikoak, eta hobe da biak ala biak «ahalik eta arinen hastea», Orivek azpimarratu duenez.

Izan ere, diagnostiko goiztiarrak gaixotasunaren garapena moteltzen lagun dezake. «Gaixotasun degeneratiboa da, eta eria, zuzenean edo zeharka, hil egiten da eritasunagatik». Orivek esplikatu du gaixotasunak kostu handia duela, batez ere «soziala» eta «emozionala», eta horregatik dela ezinbestekoa goiz detektatzea. «Diagnostikorako tresna guztien helburua pazientearen ongizatea hobetzea da. Kasu honetan, are gehiago».

Laktoferrina, gakoa

Azken urteotan, zientziak indar berezia jarri du gaixotasun neurodegeneratiboen ikerketan, eta bereziki alzheimerraren diagnostikoan. Ikerketek erakutsi dute eritasunak lotura zuzena duela hanturazko prozesuekin, erantzun immunitarioarekin eta ahoaren osasunarekin. Gainera, jakina da ahoko gaitzen bitartez beste hainbat gaixotasun garatzeko arriskua handitzen dela, eta, besteak beste, buruko gaitzetan duela eragina. «Ikerketa batzuek ondorioztatu dute ahoaren patogeno batzuk garunera joan daitezkeela, inbasore gisa, eta haien aurka egiteko burmuinak defentsa prozesua aktibatzen duen aldiro gaixotu egiten dela».

Ikerketa ildo horretan sakonduta, listuaren bidez alzheimerra detektatzeko markagailu berri bat garatu dute Orivek eta beste hainbat zientzialarik eta ikertzailek. Listuan dagoen laktoferrina proteinan topatu dute diagnostikorako giltza. Proteina hori erantzun immunitarioaren parte da, eta, beraz, dementziarekin loturako gaixotasunei aurre egiteko gaitasuna dauka, antiinflamatorioa delako eta estres oxidatiboari aurre hartzen diolako. «Termometro» baten gisara funtzionatzen du: proteina horren maila apala bada, dementziarekin lotutako arazo bat egon daitekeela esan nahi du, eta kopuru handian baldin badago, berriz, gaixotasuna garatzeko aukerak murriztu egiten dira. «Diagnostikorako tresna lagungarria da», esplikatu du Orivek.

Gasteizen dago Geroa Diagnostic laborategia, eta han patentatu dute laktoferrina atzemateko bio-markagailua. «Babes intelektuala eman diogu proiektuari», azaldu du Orivek. Gaixotasuna atzemateko martxan diren entsegu klinikoetan ari dira erabiltzen markagailua, eta ikerketa fasea ahalik eta pertsona gehienekin ari dira probatzen: alzheimerra duten eriekin, alzheimerra izan aurretik gainbehera kognitiboa dutenekin, eta baita osasuntsu daudenekin ere. Nazioarteko komunitate zientifikoaren babesa ere erdietsi dute, eta agentzia erregulatzaileen onespenaren zain daude, merkaturatu ahal izateko. Oraindik bide luzea dute aurretik, eta, Orivek azpimarratu duenez, ikertzen jarraituko dute, alzheimerraren diagnostikoan«badelako zer ikertua».

Errazak eta merkeak

EHUko irakasleak nabarmendu duenez, osasun sisteman ez dago tresna nahikorik diagnostiko goiztiarrak egiteko. Hil osteko biopsia egitea izan ohi da modurik ohikoena, orduan ikusten baita samurren gaitza dagoen ala ez. Pazientea bizirik denean, berriz, test neurologikoak egin ahal zaizkio, eta batzuetan, bestelako probak ere bai: likido zefalorrakideoa atera ahal zaio gerri ziztada batekin, edo burmuineko eskaner bat egin ahal zaio. Baina biek ala biek dituzte desabantailak. Lehena «mingarria eta deserosoa» da, eta bigarrena, «oso garestia». Orivek uste du tresna horiek egunero erabiltzea ez dela «jasangarria» gizartearen gehiengoarentzat, eta ezinbestekoa dela erreminta «errazagoak, merkeagoak eta unibertsalizatuagoak» topatzea.

Listuarekin erabil daitekeen markagailu berria izan liteke tresna horietako bat, Orivek dioenez. «Pandemiak erakutsi du listu bidezko testek asko erraztu dezaketela diagnostikoa». Eta lehen arretan erabili beharko litzakeela iritzi dio, hori delako dementzia kasuak atzemateko osasun sistemak duen lehen atea. COVID-19aren pandemiak, gainera, areagotu egin ditu herritarren buruko gaitzak, eta osasun sistemak horiek goiz atzemateko dituen baliabide eskasia azaleratu. «AEBetako lehen arretan egin berri den inkesta batek agerian utzi du profesionalek ez dutela nahikoa tresna dementzia kasuekin loturako eritasunak detektatzeko». Pandemiak, gainera, atzeratu egin ditu gaixotasuna detektatzeko ikerketak, baita erien diagnostikoa ere. «Alzheimerra duten pertsonentzat oso gogorra izan da». Orain, osasun sistema ahalik eta tresna gehiagorekin hornitzeko garaia dela uste du Orivek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.