Koronabirusa

Autonomoak estualdian

Koronabirusak eta haren inguruan ezarritako neurriek ia erabat gelditu dute ekonomia. Langile autonomoetako askorentzat soldatapekoentzat baino zailagoa izaten da bat-batean halako geldialdiei aurre egitea.

Jarduera eteteagatik edo galera handiengatik laguntzak eskatu dituzte 54.000tik gora autonomok Hego Euskal Herrian. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Irune Lasa.
2020ko apirilaren 22a
00:00
Entzun
Merkatarien %15ek ez dute jateko dirurik izango hil honetan», ohartarazi zuen Bizkaidendak federazioko presidenteak, Jose Luis Cebrecosek, Bizkaiko Hitza-ren azken alean. Krisiaren lerroburu ekonomikoetan txandakatuz doaz datu txar kezkagarriak. Langabeziaren igoerak, erregulazioak, enpresen erreskateak, baita negozio txiki asko eta askoren egoera larria ere. Autonomo asko larri dabiltza, estutasunean, eta gero ere larri ibil daitezke.

Langile autonomo askorentzat, esaterako, egun batetik bestera diru sarrerarik gabe gelditzea ekarri du konfinamenduak. Martxoaren 14tik Hego Euskal Herrian eta 17tik Iparraldean, mota bateko eta besteko negozio askok zuzenean itxi egin behar izan dute. Batzuk behartuta itxi dute dira, hala agindu zaielako. Eta beste askok, berriz, ekonomia eta kontsumoa amildu direnean, eta jarduerarekin jarraitzeko ezohiko moduak saiatuta ere, enkargu eta bezero gehienak galdu dituzte.

Autonomoek izan ohi dira halako bat-bateko gainbeherari aurre egiteko zailtasun handienak izaten dituzten langileetako batzuk. Askotan, diru sarrerak bai, desagertu zaizkie, baina ez, ordea, lanaren gastuak; hor jarraitzen dute kostu finkoek, lokalen alokairuek, hipotekek, maileguek, gizarte segurantzako kuotek eta bestek, jada erositako eta saldu ezineko generoaz gain.

Itxialdiak ia erabat gelditu dituen sektoreetan, gainera, autonomo asko daude. 2015eko datuekin egindako Lanbideren txostenaren arabera, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako langileen %18,6 ziren autonomoak; baina eraikuntzako afiliatuen %38 ziren, merkataritza eta auto konponketako beharginen %30, eta ostalaritzako langileen %24.

Apustuak Europan

Hondamendi soziala eragotzi nahian, eta suspertzeari begira, krisi honetan Europako administrazio publikoek aparteko laguntzak ezarri dituzte, bai soldatapeko langileentzat, baita autonomoentzat ere, haiek errenta manten dezaten inoiz ez bezalako gastua apustua eginez. Soldatapeko langileentzat, Alemaniak 2008ko krisian arrakastaz ezarritako ereduari jarraitu dute herrialdeek, aldi baterako aparteko erregulazio espedienteetarako eta antzekoetarako dirua jarriz.

Autonomoekin, ordea, lau laguntza eredu desberdin daude koronabirusaren harira, Bruegel think-tank-ak aztertu duenez. Aukera bat izan da autonomoei ordain bakarreko kopuru zehatz bat ematea; hautu hori egin dute Frantziak eta Italiak. Belgikak eta Herbehereek, berriz, kopuru zehatza ezarri dute, baina hileroko ordainketekin. Kopuru finko horiek, hori bai, murritzagoak dira soldatapekoei aitortutako laguntzekin alderatuta.

Espainiak, Danimarkak eta Erresuma Batuak hirugarren aukera baten alde egin dute, eta aurreko sarreren araberako laguntzak eman dizkiete autonomoei, soldatapekoentzako laguntzen ehuneko berdinekin —kotizaziorako oinarriaren %70 Espainian—, eta alarma egoeraren iraupenaren arabera.

Alemaniak, berriz, beste eredu bat hautatu du: orain arte ez bezala, soilik krisiak irauten duen artean, autonomoek ere langabezia saria izango dute.

Hego Euskal Herrian, gainera, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak ordainketa bakarreko laguntzak iragarri dituzte.

Kotizazio txikiak

Laguntzetako asko, dena den, ez dira iritsiko autonomo guztietara, nahiz eta krisiak kaltetuak izan. Hego Euskal Herrian, zenbait jarduera erabat eten zaizkien edo sarreratan %75etik gorako galera izan duten autonomoentzako dira jarduera eteteagatiko prestazioa eta beste laguntza. Autonomo elkarte gehienek eskatu dute gutxienez fakturazioaren %50tik gora galdu duten autonomoeiere zabaltzeko jarduera eteteagatiko prestazioa. Ipar Euskal Herrian, esaterako,1.500 euroko sari bakarra jasotzeko galerek %50etik gorakoak izan behar dute.

Kotizazioen araberako prestazioak, gainera, gehienetan laguntza txikia dakar prestazioa jasotzen dutenentzat, autonomo gehien-gehienek gutxieneko oinarrian kotizatu ohi baitute. 2019ko abenduan, Gizarte Segurantzak Hego Euskal Herrian 107.200 autonomo zenbatu zituen, pertsona fisiko bezala —sozietateetako kideak aintzat hartu gabe—. %77k gutxienekoa kotizatu zuten.

Egia da azken urteetan kopuru hori jaitsi egin dela, ezer baino gehiago, autonomoen batez besteko adina handituz joan delako—ia hirutik batek ditu 55 urtetik gora—. Kotizazio oinarriaren igoera batez ere laugarren tartean gertatu da: hala ere, autonomoen %10ek soilik ordaintzen dute Hego Euskal Herrian tarte hori, bi edo hiru aldiz gutxieneko kotizazio oinarria.

Jarduera eten duten edo fakturazioan %75eko murrizketa izan duten autonomoentzako prestazioen lehen ordainketa egin berria da. Mutualitateen datuen arabera, Hego Euskal Herrian laguntza hori eskatu dute 54.646 autonomok —sozietateetakoak ere barne daude—; hots, autonomo modura afiliatutakoen %29,9k. Aurkeztutako eskaeren %96,8 onartu dira, eta batez besteko prestazioa 763 eurokoa izan da.

Etorkizun beltza

Urruntze sozialerako neurrien eraginez, epe ertainerako are panorama gogorragoa dute aurrean sektore jakin batzuetako autonomoek; adibidez, turismoari, ekitaldi jendetsuei eta ostalaritzari lotutakoek. Sailkapenak egitea zaila da, dena den, kasu desberdin ugari izan baitaitezke.

Diru sarrera mailan ere lehendik oso egoera desberdinak zituzten autonomoek. Europan egindako azterketen arabera, diru sarrera handiak edo txikiak izaten dituzte euren kontura aritzen diren langileek; erdi mailako diru sarrera dituztenak, konparazioan, gutxiago dira. Eurostaten arabera, 2018. urtean autonomo ertain batek soldatapeko ertain batek baino %18 gutxiago irabazten zuen Europako Batasunean.

EBko autonomoen laurden bat menpekotasun ekonomikoko, autonomia txikiko eta finantza zaurgarritasuneko egoeran zeuden 2017an, eta, Eurostaten datuen arabera, langile autonomoek pobrezia eta bazterketa soziala pairatzeko probabilitate bikoitza dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.