Lurrikarak Ekialde Hurbilean. Mithat Sancar. HDPko presidentekidea

«Herrialdearen historiako lurrikararik okerrena izan da hau»

Kurdistanen krisi mahaia eratu du HDP alderdiak, laguntza kudeatu eta kaltetutako eremuetara iristeko. Aterpeak lortzea da orain lehentasuna Sancarrentzat.

ORSOLA CASAGRANDE.
2023ko otsailaren 7a
00:00
Entzun
HDP Herrien Alderdi Demokratikoa alderdiko presidentekidea da Mithat Sancar. Alderdiak krisi mahai bat eratu du lurrikara batek Turkiako eskualde kurdua eta Siriako eta Irango Kurdistan astindu eta ordu gutxira.

Ikusi gehiago:4.300 dira oraingoz Ekialde Hurbileko seismoetan hildakoak

Zer-nolako egoera aurkitu duzue?

Herrialdearen historiako hondamendi sismikorik larriena da hau. Astelehen goizaldean izandako lurrikarak eta handik ordu gutxira gertatutako bigarrenak eremu zabal bati eragin diote: zuzenean kalte egin die gutxienez hamar hiriri, dozenaka probintziari eta ehunka herrixkari. Hondamena izugarria da.?Gainera, eguraldi oso gogorra dago: elurra dago leku askotan, eta hotz handia egiten du. Asko etxean zeuden lurrikara gertatu denean, eta horregatik izan dira hainbeste hildako eta zauritu. Milaka dira hildakoak, eta askoz gehiago zaurituak, eta, tamalez, gehiago izango dira orduak pasatu ahala.

Zein da egoera Kurdistango hirietan?

Elbistantik [Kahramanmaras probintzian] esan digute bigarren seismoaren ondoren hiriaren erdia suntsituta geratu dela. Horrez gain, bi ospitale erabat hondatuta geratu dira Hatay probintzian, Antakyan eta Alexandretan. Antakya hirian, erreskate taldeek arazoak dituzte eroritako eraikinetara iristeko; merkatua eta eraikin historiko asko suntsituta geratu dira. Gauza bera Alexandretan. Milaka zauritu daude.

Bi alditan ireki behar izan dute Hatayko aireportura daraman autobidea, eta, hala ere, oso zaila da hara iristea; besteak beste, eguraldiagatik. Siirten, pitzadurak ireki dira eraikin askotan, baita ospitalean ere. Jendea kalean dago, eta arratsalde erdian laguntzaren zain jarraitzen zuten. Diyarbakirren [Amed], egoera oso larria da. Zazpi eraikin bota ditu lurrikarak.

Eta Siria Ipar-mendebaldeko Administrazio Autonomoan?

Agintarien arabera, sei pertsona hil eta 33 zauritu dira Alepoko Xeikh Maqsud auzoan. Hainbat eraikin erori dira. Kobanen ere gutxienez hiru eraikin erori dira, eta lau pertsona artatu behar izan dituzte. Turkiak okupatutako Xehba hirian, Afringo iheslariak bizi diren eremuan, bost pertsona zauritu dira.

Nola mobilizatu zarete?

Gure zeregin nagusia da hondakin artean harrapatuta dagoen jendea ateratzea. Lurrikararen berri izan bezain laster egin dugu mobilizatzeko deia. Gure egoitzan jarri dugu krisi mahaia, alderdiko kideez eta diputatuz osatua. Gainera, lurrikarak kalte egindako eskualdeetara bidali dugu ordezkaritza, egoera bertatik bertara ezagutzeko asmoz. Osasun Ministerioari ere eskatu diogu laguntza, boluntario taldeak osatu eta koordinatu ahal izateko.

Herritar askok diote laguntzak oso motelak direla.?

Hasieratik jaso ditugu kritikak erreskate prozesuaren kudeaketarengatik, tokiko gobernuekiko harremanei eta egin behar ziren baina egin ez diren gauza askori dagokienez. Baina orain ez da horretaz hitz egiteko garaia. Kritika guztiak jasota geratu dira, eta horretarako garaia heltzen denean aztertuko ditugu. Baina, oraintxe, bizirik atera direnei beharrezko arreta ematea da lehentasuna: aterpea, berogailuak eta janaria behar dituzte. Arrisku eremutik kanpo bizi den jendearen laguntza ere behar dugu, beren etxeak zabal ditzaten.

Nazioarteko komunitateari ere eskari bat egin nahi diogu: gure herrialdeak hondamendi handi bati egin behar dio aurre, eta nazioartearen elkartasuna ere oinarrizkoa da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.