Frantziako Tourra Euskal Herrian. Ikurrin uholdea

Nazio batentzako erakusleihoa

Milaka ikurrin ikusi dira errepide bazterretan, eta Gure Esku-k egitasmoaren balorazio ona egin du. Lasterketa kontrolatzeko beharrezkoa zen ertzain kopurua izatea bermatu du Segurtasun Sailak

Tropela zaleen ikurrinen artean aurrera egiten, Gangurenen. O. M. E. / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2023ko uztailaren 2a
00:00
Entzun
Horia da Frantziako Tourraren kolorea. Horia da liderraren elastikoa, eta horiz margotuta dago probarekin harremana duen amets eta afixa oro. Euskal Herriko hasiera honetan, baina, lehiakide gogorrak agertu zaizkio antolakuntzaren monokromiari. Zuriak, gorriak eta berdeak gaina hartu diote horiari. Izan ere, ikurrinek errepide eta kaleak estali zituzten atzokoan, eta horietako milakatan Gure Esku-ren Euskal Herriak Erabaki leloa irakur zitekeen.


«Euskal Herria zazpi probintziaz osatuta dagoela eta bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea duela ikusi da nazioartean». Josu Etxaburu Gure Esku-ko bozeramailea pozik zegoen etapa irteeran. Erabakitzeko eskubidearen aldeko plataformak hordagoa jo du Tourraren hasieran. Nafarroan ekoitzitako 60.000 ikurrin banatu ditu zaleen artean. Errepide bazterretan, besteak beste, Eusko Jaurlaritzak banaturiko beste 40.000 ikurrinekin bat egin zuten, eta zaleek etxetik eramanikoekin.

Ikurrin uholdeak irudi ikusgarriak utzi zituen.«Egun hauetan, Euskal Herria mundu osoan ikusiko da, eta oihartzun hori baliatu nahi dugu nazioartean herri honen erabakitzeko eskubideaz naturaltasunez hitz egiteko», gehitu zuen. Halaber, keinu folklorikotzat jo dutenei erantzun zien: «Ikurrina ikurra da, haren ikur izaera aldarrikatzen dugu. Balio erantsi hori baliatu behar dugu alde emozionaletik zein politikotik eragiteko».

Frantziako Tourra Euskal Herrian hasiko zela jakin zenetik hasi zen egosten Gure Esku-ren egitasmoa. Kartografia eta logistika ahalegin erraldoia. Ibilbide bazterretakoez gain, ikurrin erraldoiak jarri zituzten larreetan telebista emankizuneko helikopteroak erakuts zitzan. Plentziakoak eta Mundakakoak, esaterako —ikurrina eta Nafarroako bandera jarri zituzten—, ikusi ziren; ez hain garbi Gaztelugatxe albokoa.

Lehen hiru etapetan eta bosgarrenak Zuberoan barrena egingo dituen kilometroetan izango du presentzia egitasmoak. Ikurrina, baina, ez da bakarrik iristen bide bazterrera: zale bat behar du atzean, eta, atzokoan, Bilbon, andana bildu ziren irteeran eta helmugan. Bietan egon zen, esaterako, Borja Lastra bilbotarra: «Aukera aproposa da Euskal Herria nazio bat dela erakusteko. Eta ez bakarrik nazioartean: hunkigarria da Bilboko kaleak horrela ikustea».

Begoña Navas basauriarra ere ikurrina hartuta gerturatu zen San Mamesera. Ostegunean, taldeen aurkezpenean egon zen, eta Gure Esku-ren ikurrin gutxi ikusi omen zituen; atzo, berriz, asebeteago zegoen. «Askoz gehiago ikusten dira gaur. Ondo deritzet halako egitasmoei. Euskal Herria eta euskara maite ditudalako etorri naiz». Sergio Monedero Abanto-Zierbenatik abiatu zen irteerara, eta hark ere Gure Esku-ren ikurrina zeraman. «Ikurrinak ikusaraztea garrantzitsua da. Egitasmo interesgarria da, herri bat garela ikus dadin».


Bilbon milaka ikurrin banatu zituzten, eta hartu zuten hainbatek ez zuten egitasmoaren berri. Florienten kasua zen. Agengoa da (Frantzia): Bilboko Uribarriko etxe batean egin zuen gaua familiarekin, eta ikurrina hartuta irten zen kalera goizean. «Independentziarekin zerikusia duen zerbait da, ezta? Hori esan ziguten atzo». Zertxobait gehiago bazekien Gerardek. Zale kataluniarra lagunekin etorri zen Bilbora, eta senyera ere bazeraman: «Euskal Herrira etorrita, bi aldarrien berri eman nahi genuen. Ea zerbaitetarako balio duen». Era berean, aitortu zuen harrituta zegoela ikurrin uholdearekin.

Ikurrin banaketak gaur eta bihar jarraituko du, eta bandera erraldoiak berriz ere egongo dira ikusgai. Une garrantzitsuenetako bat etzi izango da, tropelak Irun eta Hendaia arteko Santiago zubia gurutzatzen duenean. «Batzuentzat muga dena guretzat zubi bat dela erakutsiko dugu», aurreratu du Etxaburuk: «Tourreko antolakuntzak Espainia amaitu eta Frantzia hasten dela erakusten duenean, guk nazio bera dela ikusaraziko dugu».

Ertzain nahikoa

Ikurrinak albiste izan ziren; ez, ordea, ertzainak. Azken asteetan, Ertzainak Borrokan kolektiboak hainbatetan errepikatu du lan hitzarmena berritu ezean ez zela Tourrik egongo. Mehatxua, baina, ez zen bete, eta, Segurtasun Sailak zehaztu zuenez, lasterketako segurtasuna bermatzeko beharrezkoak ziren agente guztiak joan ziren lanera. Zerbitzu «osoa» bermatuta zegoela nabarmendu zuen, eta trafiko arloan lantaldearen «%100» aktibatu zutela.

Zerbitzua eman zuen, baina, sindikatuen arabera, atzo handitu egin zen osasun arrazoiengatik lanera joan ez ziren ertzainen kopurua. Ertzainek ez dute greba eskubiderik, eta ziur asko protestaren eragina zen. Istiluen aurkako atalean —brigada mugikorra—, esaterako, osasun arrazoiengatik lanera joan ez ziren agenteen kopurua ohikoa baino %50 handiagoa izan zen. Segurtasun Sailak beste atal batzuetako agenteekin bete zituen hutsune horiek. Halaber, deigarria izan zen tropelarekin batera joan zen jendarme kopurua. Hainbat autok eta motok egin zuten ibilbidea. Antolakuntzak hala eskatu zuen.

Jende ilarak Artxandan

Bilboko kaleetan jendetza bildu zen, eta ilara eguna izan zen. Azken asteetan kaleen eta errepideen itxierari buruzko informazio asko eman arren, trafiko arazo txikiak egon ziren. Hala ere, zale gehienek garraio publikoaren aldeko apustua egin zuten. Trenak eta metroak gainezka ibili ziren goizean. Arratsaldean, berriz, pilaketak txikiagoak izan ziren, etaparen ondoren zaleen itzulera txandakatua izan zelako.

Irudi deigarrienak Artxanda eta Pike gaineko inguruetan ikusi ziren. Irteeraren ondoren, zale askok gorako bidea egin zuten, eta ilara luzeak egon ziren Artxandako funikularreko beheko geltokian. Hura da Pike gainera joateko bide logikoena. Hori ikusita, askok Artxandara oinez igotzea erabaki zuten. Horri gehitu behar zaio helmugarantz joateko bidea ez zegoela funikularreko plazatik bereziki urruti, eta bat egin zuten Etxeberria parkean eta Begoñako bihurgunetan toki bila zebilen jendearekin. Festa giroan, baina, dena eramangarriagoa da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.