Emakumeen Nazioarteko Eguna

Zaintzaren auzia kalera atera da

Mugimendu feministak mobilizazio jendetsuak egin ditu Euskal Herriko hiriburuetan. Zaintza sistema publiko bat eskatzeaz gain, arrazakeria amaitu dadila eskatu dute milaka andrek

Mobilizazio jendetsuak egin zituzten Euskal Herriko hirietan. Argazkian, Donostiakoa. JON URBE / FOKU.
Lander Muñagorri Garmendia - Ainhoa Larretxea Agirre - Maialen Arteaga
2021eko martxoaren 9a
00:00
Entzun

Milaka andrek Euskal Herriko kaleak bete zituzten atzo, beste behin. Aurreko urteetako Martxoaren 8an pilatutako jenderik ez zen pilatu, manifestazioetan segurtasun distantziak mantendu baitzituzten milaka pertsonak. Pilaketarik gabe, baina jendetza elkartu zen kalean, eta, maskara jarrita edukita ere, ozen entzun zen mugimendu feministaren aldarria. Koronabirusak jotako gizarte honetan zaintza beharrezkoa dela aldarrikatu zuten kalean, eta eskaera nagusi bat egin zuten mobilizazioen deitzaileek: zaintzen sistema publiko bat martxan jarri dezatela, «zaintzaileen duintasuna oinarri izango duena». Zaintza lanak emakume migratzaileek egiten dituzte askotan, gainera, eta, horrek «praktika neoesklabistak» sortzen dituenez, arrazakeria egiturazkoa amaiarazteko ere eskatu zuten deitzaileek. Bi eskaera nagusi horiek gailendu ziren pandemia garaiko Martxoaren 8an, eta egungo krisia «dena aldatzeko» aprobetxatzeko deia egin zuten.

[YouTube]https://youtu.be/jmRZsoyFNWA[/YouTube]

Egun osoan, mobilizazio ugari egin ziren Euskal Herriko hiri eta herrietan, baina iluntzean elkartu zen jende gehien. Oro har, lasai joan ziren denak, eta segurtasun neurriak mantendu zituzten manifestariek. Goizean, ordea, Iruñean tentsio uneak izan ziren. Nafarroako Parlamentuko eraikinean kateatu ziren hainbat emakume, eta istiluak izan ziren manifestarien eta foruzainen artean. Emakume bat atxilotu zuten, agenteen aurkako atentatua egotzita. Atxilotu ondotik, ospitalera eraman zuten andrazkoa, besoan min zuelako. Hamaika telebistaren arabera, gainera, beste pertsona bat ere zauritu zen parlamentu atariko istiluetan.

[YouTube]https://youtu.be/dHAkScGhswA[/YouTube]

Ipar Euskal Herrian, bestalde, greba egiteko deialdia zuten emakumeek. LAB, CGT, Solidaires eta FSU sindikatuek deitu zuten lanuztera, eta mugimendu feministak babestu. Zenbait egituratan erantzun zabala izan zuen deialdiak, eta mobilizazio nagusia eguerdian egin zuten, Baionan.

[YouTube]https://youtu.be/BPurMgaRqBQ[/YouTube]

Mobilizazio andana egin zen Euskal Herrian, eta denetan zaintzen auzia izan zen hizpide. Iluntzeko mobilizazioan Donostian esan zutenez, koronabirusaren garaian handitu egin da zaintzen beharra, eta oinarrizko jarduerak zein diren ere zehaztu da. «Horietan guztietan, emakumeen presentzia handiago da, eta, horregatik, emakume horien lan karga esponentzialki handitu da». Egoera salatzearekin batera, proposamen zehatzak ere egin zituzten mobilizazioetan egindako hitzaldi denetan. Iruñean, esaterako, honela hitz egin zuten: «Ez da zaintzen gaia mahai gainean jarri nahi dugula soilik: mahaia apurtzera gatoz. Zaintzatik eta zaintzarako egituratutako gizarte sistema bat planteatzen dugu». Sistema integral, publiko eta doako bat eskatu zuten andreek.

[YouTube]https://youtu.be/95QH0Jd0NHc[/YouTube]

Gasteizen egindako eskaeran, zehaztu zuten zaintza sistema publiko horrek komunitarioa izan behar zuela. «Publikoa, zaintzaren inguruko negozioa lehenbailehen amaitu behar delako. Komunitarioa, ulertzen dugulako pertsona guztien erantzukizuna dela dagokigun zaintza zatiaren ardura hartzea». Gaur egun ez bezala. Zaintzaren auzia «emakume migratu eta arrazializatuak esplotatuz» konpontzen baita, Donostian salatu zutenez. «Zaintza sistema publiko unibertsalik ez izateak nazioz gaindiko katea iraunarazten du».

Horregatik eskatu zuten arrazakeria instituziona amaitzeko Atzerritartasun Legea bertan behera uztea, «emakume migratuak administrazio irregulartasunera kondenatzen» dituztelako gutxienez hiru urtez. Bilbon iluntzean aldarrikatu zuten legez, «borroka feministak, inoiz baino gehiago, antiarrazista eta dekoloniala» izan behar baitu.

Ekitaldia goizean

Ordu batzuk lehenago, goizean, aldarrikapen hori atzerritarren bulegora eraman zuen Bilbo Feminista Saretzen taldeak. Arrazakeria salatzeko ekitaldi sinboliko bat egin zuten: kutxak pilatuz, murru «antiarrazista» eraiki zuten, Sistema arrazista arrakalatu, mugarik ez lelopean. Ondoren, mugetan eraildako emakumeak oroitzeko, azken urteetan izandako hildakoen datuak idatzi zituzten lurrean. Immigrazio politikak eta lan baldintza kaskarrak salatu zituzten emakume migratuen kolektiboek: «Helmugara heltzean, atzerritarren legeari aurre egin behar diote hainbat emakumek; lege horrekin batera, kapitalaren interesa lehenesten dute, eta, ondorioz, prekaritateak gure bizitzak blaitzen ditu, lan eskubideak sistematikoki urratuz». Horren aurrean, aldarrikapen argia egin zuten: «Zaintza lanen erantzukizun kolektiboa behar dugu: zaintza sistema publiko, doako eta unibertsala». Zaintza ereduaren aldaketa lortzeko, borroka feminista eta antiarrazista beharrezkoak direla azpimarratu zuten.

Ekitaldiaren ostean, udaletxe atarian pentsiodunekin elkartu ziren, «emakume arrazializatuek zaintza lanak sostengatzen» dituztela gogorarazteko. Handik, Bilboko Iberdrola dorrera joan ziren, eta han amaitu zituzten goizeko ekitaldiak, energiaren pobrezia salatuz. «Energia oinarrizko eskubide bat da, eta, aldiz, gutxi batzuk aberastu eta milioika emakume pobretzen eta prekariezatzen dituzte». Goizeko aldarriak arratsaldez ere entzun ziren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.