ATZEKOZ AURRERA

Euskaraz jolastea zer den

BAM eremuan euskarazko ekitaldiak egitea bultzatzen du Mintza Lasai festibalak. Matahami argitaletxeak 'Musikaldo' erakusketa ludikoa estreinatu zuen atzo, Baionan.

Musikaldo erakusketa ludikoa, atzo estreinatu zuten. FRANÇOIS BERLAND.
Oihana Teyseyre Koskarat.
Baiona
2020ko irailaren 27a
00:00
Entzun
Zitroin itxura du Aldok. Amatxiren eta aitatxiren etxeko abenturak kontatzen ditu lehen ipuinean. Bakardadeak sortzen dizkion kezkak bigarrenean. Atera berri den azken liburuan, musikaria da Aldo: danborra jotzen du. Gwenola Morizur bretainiarrak asmatu ditu pertsonaiaren istorioak, eta Clemence Itssaga amikuztarrak eman dizkio forma eta kolorea: zitroin hori borobila da. Euskaraz eta frantsesez dira ipuinak, guraso erdaldunek euskaraz eskolatutako umeei irakurtzeko gisan.

Itssagak marrazkiak egiteaz gain, bazuen beste ideia bat buruan: Aldoren inguruko erakusketa ludikoa sortzea. Atzo estreinatu zuen Musikaldo erakusketa, Mintza Lasai, BAM eremuan euskararen transmisioa bultzatzeko festibalaren hegalpean. Atzo bakarrik izan zen ikusgai, baina eskoletara eta mediateketara hedatzea dute helburu.

25, Cordeliers karrika, Baionan. Lehengo Txiriboga ostatua erakusketa gela bilakatu da. Gelaren alde batean siesta egiteko txokoa dago, oihal etxearen azpian: ez du arrakastarik izan. Erdian, marrazkiak egiteko mahaia, arkatz eta margoekin. Kloe Cesek 6 urte ditu, eta Aldoren marrazkia egiten ari da. Pareko telebistan hainbat musikari aurkezten dituen film laburra dago: biolontxeloa, tronpeta, akordeoia, gitarra... Aldo Musikari liburuaren inguruko erakusketa da, eta ipuinean agertzen diren musika tresnei buruzko dokumentala egin nahi izan du Itssaga marrazkilariak. «Erakusketan nahi nituen euskara eta musika entzunarazi. Dokumentalean adin guzietako musikariak aritu dira instrumentuak euskaraz aurkezten». Dokumentalari so dira zenbait begi, eta dantzan hasi dira laster.

Ainhoa Ces Kloeren ama da, eta erakusketara etorri da haurrek «euskara eta jokoa lot ditzaten». Bi seme-alaba ditu Cesek, Baionako Hiriondo ikastolan ikasten dute. Hego Euskal Herrikoa da Ces, eta haren senarrak ez daki euskaraz. «Guk nahi genuen liburu bera bi hizkuntzetan haurrei ipuinak kontatu ahal izateko», azaldu du. Inportantetzat dauka haurrek euskara eskolatik kanpo ere mintzo dela ikus dezaten.

Liburutik jokora

Proiektuaren abiapuntuan, Matahami argitaletxea dago. Liburuak saltzeko mahaiaren gibelean, Julie Mujika, argitaletxearen sortzailea. Haurrentzako liburu elebidunak sortzea izan du helburu hastapenetik, gabezia handia zegoela pentsatzen baitzuen. «Familia askotan bi gurasoak erdaldunak dira, edo bietako bat baizik ez da euskalduna. Alta, haurrak euskaraz eskolatzen dituzte, eta sentitzen dute behar bat haurrei euskaraz ere irakurtzeko».

Matahami argitaletxeko liburu guztietan, euskarazko bertsioaren azpian frantsesezkoa dago. Liburuko azken orrian hiztegitxo bat dute, eta ahoskera gomendioak. «Irria sustatzen du anitz familiatan. Ama batek kontatzen zidan nola euskaraz irakurtzen saiatzen zenean, haurra irriz hasten zen gaizki ahoskatzen zuelako. Azkenean, haurrak irakasten zion amari».

Erakusketako txoko guztietatik pasatu da Kloe, 6 urteko neskatxa. Marrazkiak egin ditu, eta egurrezko Aldori umoreak aldatu dizkio bekainak eta ahoa zentzuz aldatuz: triste, pozik, triste. Eta pozik utzi du azkenean. «Gaur festa egitera etorri naiz», erran du irribarretsu. Liburu bat eskaini dio amak. «Irakurtzen ikasten ari naiz , eta orain pixka bat badakit». Liburua hetsi du. «Zirkua egiten dut euskaraz, eta Pirritx eta Porrotx pailazoak ere ikusten ditut». Euskara, «festa» beraz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.