Sanferminak Iruñean

Debekuak eztanda egin dio Maiari

Enrique Maia alkateak bandera handiak eta bestelako aldarrikapenak txupinazotik ateratzeko dekretua sinatu zuen, baina horrek ez du ikurrinaren presentzia galarazi. Udaltzaingoa eta Foruzaingoa gogor oldartu zaizkie herritarrei.

Zentsura bortitza. Udaltzainak Maider Beloki zinegotzia arrastaka ateratzen. JAGOBA MANTEROLA / @FOKU.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2019ko uztailaren 7a
00:00
Entzun
Uztailaren 6an, sanferminetako txupinazoarekin batera heldu da Enrique Maia alkatearen agintaldiko lehen porrota. Oihal handiak Iruñeko Udaletxe plazan zabaltzeko debekua ezarrita, hiri buruzagiko egongela itxi eta zigilatu nahi izan zien Maiak ikurrinari nahiz bestelako aldarrikapenei. Ez zuen lortu, ordea. Urtero legez, udaletxe plaza adierazpen askatasunaren eta askotariko aldarrikapenen topagune bihurtu da aurten ere, eta, debekuen gainetik, oihal, bandera eta pankarta ugari ikusi dira, marea zuri-gorriaren gainean dantzan.

Irudi hori kosta ahala kosta saihestu nahi zuen alkateak, eta gogotik ahalegindu zen: foruzainak bidali zituen udaletxe inguruko teilatuak zaintzera, 2013an ikurrin erraldoi bat alderik alde zintzilikatu zuten arrantzale bizardunekin gertatutakoa errepika ez zedin. Aurten, baina, arrantzaleak ez zeuden eraikinen gainean, behean baizik: bi kanabera erabiliz, presoen aldeko pankarta handi bat zabaldu zuten plazaren erdian. Maite zaituztegu. Dispertsiorik ez, irakur zitekeen.

Aurreko egunetan, oihal handiei ezarritako debekua «segurtasun neurri bat besterik ez» zela esan zuen Maia alkateak: «Ez da ikurrinaren kontrako jazarpenik ikusiko, baina pentsa oihal handi horietako batek su hartzen duela. Arrisku handiko egoera sor daiteke». Hori dela eta, ikur eta oihal txikiak baimenduko zituela esan zuen. Udaltzainek eta foruzainek, baina, ez zuten hori betetzeko asmorik agertu: Txapitela eta Mercaderes kaleetan, Gure ikurren alde lelopean antolatutako kalejiran parte hartzen ari zen lagun talde bat geldiarazi, eta ikurrinak konfiskatu zizkieten. 150 bat ikurrin atxiki zituen Foruzaingoak. Hala ere, gazteetako batzuek lortu zuten polizia hesia gainditu eta Udaletxe plazaraino ikurrinekin sartzea. Ez ziren bakarrak izan.

11:56an agertu ziren ikurrikhandienak, suziriak eztanda egiteko lau minutu falta zirela. Plaza inguruko arkupeetan dauden lokaletako batetik atera zituzten bi bandera handi —ikurrin bat eta Nafarroako bandera bat—, segurtasun indarren kolpe eta bultzaden artean. Kaleko jantzita zihoazen hainbat polizia saiatu ziren banderei bidea ixten, eta borra luzagarriekin oldartu zitzaizkien gazteei —defentsa mota hori ez erabiltzeko agindua eman zion Joseba Asiron alkate ohiak Iruñeko Udaltzaingoari 2016an—.

Kaleko jantzitako poliziek, azkenik, ezin izan zioten jende oldeari eutsi, eta bandera erraldoiak berehala zabaldu ziren plazan. Horiekin batera, Gaztetxeak bizirik idatzirik zuen pankarta beltz handi bat ere atera zuten zenbait gaztek.

Kolpeak zinegotziei ere

Poliziaren bortizkeria ez zen plazara mugatu. Udaletxe barruan ere, udaltzainak bortxaz oldartu ziren ikurrina erakutsi nahi izan zuten zinegotzien kontra: iletik tiraka, bultzaka eta kolpeka. EH Bilduko Maider Beloki, Amaia Izko eta Eva Aranguren arrastaka irtenarazi zituzten udaletxeko balkoitik, eta baita Geroa Baiko Itziar Gomez ere. Udaltzain eta foruzainen jokabideak Yolanda Barcinaren agintaldia ekarri zien gogora zenbait eleduni.

Joseba Asironek eta Itziar Gomezek salatu zuten gertatutakoa, eta gogorarazi zuten 1977tik ateratzen dutela zinegotziek ikurrina balkoi horretara. Asironek azaldu zuenez, iritsi berritan ohartu ziren EH Bilduko zinegotzien balkoian soilik zeudela udaltzainak uniformez, eta galdetu ere egin omen zieten zergatik zeuden han, baina ez ei zuten erantzunik jaso: «Gu zertan ari ginen begiratzen zuten etengabe. Aldiz, UPNko bi zinegotziak arazorik gabe irten dira balkoira».

Geroa Bai eta EH Bildukoen kasuan, ordea, udaltzainek ikusi zutenean Maider Belokik ikurrin bat ateratzeko asmoa zuela, indarrez eta bultzaka sarrarazi zituen berriz udaletxe barrura. «Une gogorrak eta tristeak» izan zirela salatu zuen Gomezek. «Lotsagarria eta kezkagarria da zinegotziok jasotako tratua. Dena den, badakit udaltzainak aginduak betetzen ari direla. Kezkagarria da Navarra Sumak hiri honetan inposatu nahi duen ikuspegi bakarra».

Navarra Sumako hautetsiek, aitzitik, oso bestelako ikuspegia eman zuten. Maia alkateak Navarra Television katean aitortu zuen ez zela «gertatutakoaz jabetu ere egin», baina zinegotzi abertzaleen jarrera txarretsi zuen: «Asiron alkate ohia nigana etorri da, errieta egitera, eta horrek agerian uzten ditu jende honen jokamolde zakarrak. Tentsioa sortu nahi izan dute, Nafarroakoak ez diren ikurrak inposatuz». Alkateak gaineratu zuen Udaltzaingoaren egitekoa dela «legea betearaztea», eta bide horri eutsiko diotela: «Inposizio horrekin tematzen badira, ez diegu utziko». Navarra Sumako zinegotzi Fermin Alonso harago joan zen, eta «udaltzainei eraso egin izana» leporatu zien EH Bilduko eta Geroa Baiko zinegotziei.

La Pamplonesaren suziria

Alkatearen debekuak eta Poliziaren oldarraldiek eragindako tentsio uneek amatatu egin zuten La Pamplonesa udal musika bandaren protagonismoa. Jesus Garisoainek eta Jose Andres Palaciosek, La Pamplonesaren zuzendariordeak eta presidenteak hurrenez-hurren, ohiko agurra egin zioten festari, gaztelaniaz lehenbizi, eta euskaraz gero: «Iruindarrok, gora San Fermin!».

Ehun urte bete berri ditu La Pamplonesak, eta horren karira, musika bandarekin lotura duten hainbat pertsonari ere aukera eman zieten txupinazo nagusiaren osteko suziriak botatzeko; besteak beste, Jose Vicent Egea zuzendariari eta Carmen Barasoain, Luis Sanmartin eta Mikel Juaniz musikari beteranoei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.