'Sortaldekoak'

Sortaldetik, maitasunez

Idazlea: Hedoi Etxarte. Argitaletxea: Susa.

'Sortaldekoak', Hedoi Etxarte. BERRIA.
2021eko urriaren 17a
00:00
Entzun
Hedoi Etxarteren hirugarren poema liburuan egilearen aurreko argitalpenekiko berritasuna sumatzen da. Suzko lilia-ko (2008) iruditeria surrealista eta bortitzetik aldentzen da, tonu patxadatsuago baten alde eginez. Akaso Sinplistak-ekin (2012) izan dezake antz handiagoa, poemen egitura aski narratiboari dagokionez. Sortaldekoak-en ildoa, aldiz, beste harena baino lirikoagoa da, samurragoa.

Hunkidurari, minari, maitasunari izkin egiten ez dien epika da poema askoren lehengaia. Hautu kolektiboaren baitan bizitzeak bihurtzen du egunerokoa epiko. Greba orokorraren osteko hanketako mina baino gauza unibertsalagorik ez dago, alegia. Aitarekin egindako azken pankarta dira pankarta guztiak. Indibiduala eta kolektiboa nahasian. Norbere identitatea tradizio baten partetzat —«indartsua, harroa, gorria»— aurkeztu eta oroitzapenak genealogia horren galbahetik iragazita ematen dira, geruza ugaritan. Bi arimak poemak dakar Etxarteren proposamenaren gakoa eta, aldi berean, erronka: «Bi polo ditut,/ biek dute emaria./ Baina bihiztatzean/ ez dute bat egiten». Narratiba intimo eta indibiduala batetik, talde/klase bateko kide izatearen kontzientzia, bestetik. Bi horien arteko tentsioan bermatutako tradizioaren kontaketa da obra, sortalderako bidaia.

Pertsonak eta tokiak, irakurketak, eszenak, objektuak, paisaiak, zaporeak. Bizipenen bitartez josten doa genealogia. Denboran atzera eta aurrera ibiliz, haurtzaroan laketuz gaztarora ostera ere itzultzeko, orainaldiko gorabeheretan kokatuz, iraganaren argitan aztertuz orainaldia, etorkizunari begiratzeko. Galtzaileen historia bat dakarkigu autoreak, futuroz kargaturikoa. Galerek markatutakoa. Izan ere, orbain bihurtutako hiru zaurik zeharkatzen dute liburua. Mina eta maitasuna darie poema handienetako batzuei: 11 aste eta bi egun, Ereiteko bezperak, Kamiseten hautaketa, Plus ultra. Ereserki itxura dute, ostera, Merced karrikatik gatoz edo Dragoiak bezalakoek, asmo erradikal-emantzipatzailez goitik behera zipriztinduak. Tradizioaren parte ere badira han-hemenka agertzen diren askotariko autoreren aipuak, ahots gutarrak, poetaren kideak, burkideak.

Poema gehienetan bi narratiben —indibiduala eta kolektiboa— arteko oreka ondo gobernatzen jakin du Etxartek, batik bat minetik zein epikatik idazterakoan. Bridatzen zailak diren ildo horietan antolaketa formalarekin, hitz egokien hautaketarekin, erritmo eta tonuarekin asmatu du uhala egoki atxikitzen. «Egunerokoaren narratiba intimo eta indibiduala» izan nahi dutenak (bereziki ni poetikoaren gaztaroaz-edo dihardutenak), ordea, lehen aipatutako tentsioak zedarritzen duen batasunetik aparte samar antzeman ditut. Zintzilik agertu zaizkit, liburuaren haria hartu ezinik, besteen distirak menostu balitu bezala. Ezinbestean, seguruenik. Ematen du autorea jakitun dela horretaz (ikus Bi arimak), hots, bizipen pribatuek ezer gutxi dezaketela epika kolektibo handien kontra. Lehenengoak ere badira tradizio, halere. Bata eta bestea uztartzeko hautu zintzoa, beharrezkoa da Sortaldekoak, tartean poema ezin ederragoak utziz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.