Ismael Manterola
IRITZIA

Zuloaga

2019ko uztailaren 7a
00:00
Entzun
Bilboko Arte Ederren Museoan Zuloagari eskainitako erakusketaren harira, artikulu bat argitaratu zen Argia aldizkarian, Ignacio Zuloaga, pintore ilustre gaitzesgarri bat izenburupean. Ez dut eztabaidatuko Zuloaga pertsonaia gaitzesgarria izan zen edo den, baina artikuluan aipatzen diren datuak testuinguruan jartzea gustatuko litzaidake, batez ere nire lana, arte historialari moduan, artea testuinguruan ulertaraztea delako.

Ez dakit Zuloagak inoiz alkandora urdina jantzi zuen, baina badakit gerra zibila bukatu baino lehen, 1937an Francoren aldekoek Zumaia menperatu ondoren zehatzago esateko, Francoren alde jarri zela, eta hortik aurrera Francoren Arte Ederren Zuzendaritzako propagandaren protagonistetako bat izan zela, 1945ean hil arte. Datu objektiboa izan arren, jarrera horiek testuinguru batean ulertu behar ditugula iruditzen zait. Lehenbiziko datua: Zuloaga errepublikanoa zen gerra piztu zenean. Horrek egoera zailean utzi zuen Francoren tropak Zumaiara hurbiltzen ari ziren heinean. Horregatik, Francoren aldeko militarren buru zen Jose Maria Huartek Zarautzen eskualdeko aginte kuartela ezarri zuenean eta Zumaiako udal frankista berriari herriko errepublikaren aldekoen zerrenda eskatu zionean, Zuloaga eta bere suhiaren izenak bertan azaltzen ziren. Huarte horrekin konforme ez zegoenez, Zuloagaren pinturaren zale zelako, ahaleginak egin zituen Zuloagaren eta suhiaren gerra aurreko aukera politikoak estaltzeko. Ordurako, pintorearekin harremanetan jarrita zegoen erretratu bat eskatzeko —Bilboko erakusketan ikus dezakeguna—, eta, Zuloagaren Zumaiako etxera iritsi bezain laster, pintorea Burgosera eraman zuen. Bertan egiaztatu zen Zuloagaren bando aldaketa. Seguru asko, gerran bizi izandakoak, semearen militantzia falangistak eta, eskuineko intelektual errepublikano askorekin gertatu zen bezala, autoritatearen aldeko jarrerak —bizirik irauteko senarekin batera— jaka aldatzera bultzatu zuten.

Orain nire galdera: Zer egingo genuke 67 urte bagenitu eta gure izena eta gure familiako batena zerrenda beltzean azalduko balira? Zaila egiten zait erantzutea, gerra testuingurua bizi izan ez badut. Jarrera duinagoa hartu behar zuela beste artista askok egin zuten bezala? Heriotza edo erbestea? Erraza da martiriak eskatzea gure etxeko erosotasunetik. Gaur egunetik begiratuta, Zuloagak, kausa zuzenaren alde, bere burua eta bere familia guztiarena immolatu behar zituela pentsatzen dugu. Nik ez diot inori horrelakorik eskatuko, batez ere, eta berriz errepikatuko dut, gerra ez nuelako bizi izan. Zer egin behar zuen Zuloagak? Francori ezetz esan? Ez zuela pintatuko bere erretratua? Posible al zen 1937an Francori ezetz esatea iragan errepublikanoa izanda? Ez dut Zuloagak hartu zuen erabakia justifikatuko, baina zaila egiten zait kritikatzea.

Sarritan pentsatu izan dut Zuloagak bere buruari bekatuak ordainarazi behar izan zizkiola. Francoren aldekoek erospen edo erredentzio hitza asko erabiltzen zuten horrelakoetan. Ohikoa da konbertsoak izatea ahalegin handiena egiten dutenak ideia berrien alde, nabarmen azaldu behar dutelako sinisten ez duten zerbaiten alde, hain zuzen ere botereari erakusteko kausa berriaren bultzatzaile sutsuenak direla.

Azkenik, aipatutako Argia-ko artikuluan Bilboko Arte Ederren Museoan egun hauetan ikusgai dagoen erakusketaren kritika egiten da ikusi baino lehen. Artikuluaren egileak onartzen duen bezala, erakusketa ikusi gabe Zuloagaren eta frankismoaren arteko harremana ez dutela landu ondorioztatzen du, Francori egindako erretratua ez dutelako erakutsi. Artelan bat ez erakusteak ez du esan nahi antolatzaileek Zuloagaren garai frankista ezkutatu dutenik; alderantziz, Zuloagari eskainitako erakusketetatik gaia aztertzen duen lehenbizikoa dela esango nuke. Era argi eta dokumentatu batean azaltzen da Zuloagaren alderdi biografiko eta artistiko zail hori. Horregatik, asko eskertu dut, azkenean, Zuloaga bere tokian jartzea eta artista baten konplexutasun guztiak azaltzea, gustukoak direnak eta ez direnak.

Beste eztabaida bat da pintorearen gaineko erakusketa beharrezkoa zen edo ez. Euskal Herriko artearen hutsune historiografiko handiak kontuan izanda, ikertutako artista baten gaineko beste erakusketa bat antolatzea gehiegizkoa iruditzen zait niri ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.