PORTUKO KATEBEGI AHULENA

Bilboko portuan behin-behinean diharduten 103 zamaketariek egun bakarra egin dute lan urtarrilean, eta arriskuan ikusten dute beren jarduna. Enpresak kaleratu egin nahi dituela uste dute, eta finko dauden lankideei ere egozten diete errua. Gehienek egun bakarreko 2.000 kontratu inguru sinatu dituzte azken urteetan.

Gorka Torre, Sendoa Gil eta Joanmari Etxeandia Bilboko portuan behin behinean diharduten zamaketariak, haien aldeko banderarekin. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Santurtzi
2022ko otsailaren 6a
00:00
Entzun
Joanmari deitzen den 38 urteko pertsona bat ezagutzea ez da oso ohikoa. 1980ko hamarkada osoan Bizkaian jaiotako 26 umeri bakarrik jarri zieten izen hori. Euskal kutsuko izenen joera hasia zen, eta garai hartan jarritako izen klasiko gehienek historia bat dute atzean. «Osabaren omenez jarri zidaten. Portuan hil zen, lanean. Nire aitak ere portuan egin zuen lan, eta nik ere bai, uzten didaten bitartean behintzat». Joanmari hori Etxeandia da abizenez, eta Santurtzin (Bizkaia) jaio zen. Sendoa Gil ere (1983) bertakoa da. Hark ere zainetan daramatza kresala eta ontzien olioa. «Nire osabetako bat ere portuan hil zen; istripu larri asko egon dira han. Aita ere zamaketaria izan zen. Egunero jaisten zen, ea lanik zegoen ikustera, eta gero leher eginda iristen zen etxera, zikin eginda». Gil ere zamaketaria da, eta harro dago. «Morrontza izateari utzi eta lanbide duin bihurtu bazen, gure arbasoek borroka egin zutelako da, baina azken urteetan atzeraka goaz. Prekaritatea bete-betean sartu da portuan».

Prekaritateaz zerbait badaki Gilek. Baita Gorka Torrek ere (Urduliz, Bizkaia, 1977). «Kale gorrian utzi nahi gaituzte. Enpresak gure artean borrokan ibili gaitezen nahi du, eta ondo lortu du. Gu horiek Bilboko portuko zamaketariak dira, eta Etxeandiak, Gilek eta Torrek behin-behinean dihardute azken hamalau urteetan. Randstad aldi baterako lan enpresaren bitartez deitzen dituzte, eta bakoitza 2.000 kontratu inguru sinaturikoa da, egun batekoak. Portua publiko denetik postuari eutsi dioten 306 zamaketari finkoak aski ez direnean deitzen dituzte. Azken urteetan bizitzeko adina eman die, baina iaz, eta batez ere urtarril honetan, asko okertu da egoera: «Katebegirik ahulena gara. Bilbo Estibak jo digun azken tiroa da, enpresen eta langile finko batzuen laguntzarekin», laburtu du Etxeandiak.

«Berekoikeria»

Baina zergatik diote kale gorrian utzi dituztela? Duela bi urtera arte130 lanegun inguru egiten zituzten urtean; iaz, aldiz, 85 izan ziren, eta aurten, urtarrilean, bakarra. «Eta egon dira gu deitzeko moduko bospasei egun», zehaztu du Torrek. 130 egunekin, oporrak eta kitatze ordainketa banatuz, bizitzeko adina ematen du. 85 egunekin, berriz, diotenez, ezinezkoa da, eta hilean bat eginda, are gutxiago. Eta nola moldatzen da portua? Dobleak delakoak ugarituz; alegia, zamaketari finko batzuk lanaldi bikoitzak —hamabi ordu— egitera deitu dituzte, eta haiek onartu egin dute, orain arte salbuespena zena. «Langile batekin bi lanpostu betetzen dituzu, eta enpresak Gizarte Segurantzan aurrezten du», azaldu du Torrek.

Finkoek dobleak egiten badituzte, nabarmen murrizten da behin-behinekoen lana, eta haien haserrea piztu du horrek. Berekoikeria eta elkartasun falta egozten diete, ez baitaude onartzera derrigortuta. «Doblea egoera oso berezietarako diseinatu zen. Lan garai oso luzeetarako, baina, zabaltzen bada, ahulenari egiten dio kalte», azaldu du Etxeandiak. Haien kalkuluen arabera, 306 finkoetatik 140 bat daude prest dobleak egiteko. «Dena den, nabarmendu nahiko genuke finkoen artean badagoela gure alde dagoen kopuru txiki bat, eta beti egon dira hor», azaldu du Gilek.

2020. urtean, Bilboko portuko zamaketariek bi hilabeteko greba egin zuten, eta asko aztoratu ziren harremanak enpresekin. Finkoek gutxieneko zerbitzuak egin zituzten, eta behin-behinekoek lanuztea babestu zuten, eskaera nagusietako bat haiek finko egitea baitzen. Egun, Bilbo Estibak kudeatzen du Bilboko Portuko zamaketarien joan-etorria: lau zamaketa enpresak —Cosco, Toro y Betolaza, Berge eta S.L.P.— sorturiko kudeaketa bulego bat da.

«Guregatik ere ari zirela sinetsi genuen, baina ez da hala izan», mintzo da Etxeandia, kritiko: «Pentsa, behin-behinekoak geunden lehen lerroan. Erabili egin gintuzten». Torrek ere ez du etsipena ezkutatu: «Zamaketabloke bat zen lehen, baina horigaldu egin da. Bakoitzak bere zilborrari begiratzen dio, Bilboko portuan eta guztietan». Iaz lan eginiko egunak 80ra murriztea Bilbo Estibaren «ezkutuko zigorra» dela uste dute. Enpresekin hitz egiten saiatu dira, baina ez dituzte hartu.

Behin-behinekoak 103 dira, eta noizbait finko izateko nahiak elikatu du haien pazientzia. Bilbo Estibak, baina, ez du kontratu finkorik egin 2008az geroztik, tarte horretan 120 zamaketarik erretiroa hartu duten arren. 2020an, gainera, portuko lurreko lanek —itsasontziekin harreman zuzena ez dutenek— zamaketarien ardura esklusibo izateari utzi zioten, eta biltegi langileak kontratatzen hasi ziren. «Haien lan ituna gurea baino txarragoa da, eta askotan ordu batzuetarako bakarrik deitzen dituzte. Behin-behinekotasunaren lurraldea da portua», salatu du Gilek. Portua azpiegitura publikoa da, Espainiaren menpekoa, baina kudeaketa ia erabat pribatizatuta dago. Hori bai, zamaketariek legearen zirrikitu bat alde dute: itsasontzietan lan egiteko, titulua behar da, eta gutxi dira.

47 orrialdeko lan bizitza

Behin-behinekotasunaren lurraldea deitu dio Gilek; ez al da gehiegitxo? «Ez», gehitu du Etxeandiak. Bere lan bizitza laburtzen duen agiria darama sakelakoan, eta 47 orrialde ditu, «eta 80koa duten lankideak ditugu». Hamabost urte daramatza portuan, eta bost inguru kotizatu ditu. «Urtebeteko langabezia pilatzeko, hiru urte behar ditugu. 61 urteko kide bat dugu, ia hogei urte daramatza portuan, eta, orain erretiroa hartuko balu, 600 euroko ordaina izango luke».

«Ez oporrik, ez bajarik... Egun batean min hartu eta hurrengoan orkatila handitzen bazaizu, ez duzu sendagiririk eskatu», gehitu du Torrek. Etxeandiak hainbatetan gertatu den kasu bat azaldu du: «Seme edo alaba bat izango baduzu, lanegun batean jaiotzea komeni da; bestela, ez duzu aitatasun baimenik. Lehen, asteburuetan ez genuen lanik egiten. Hobeto ordainduak daudenez, finkoek betetzen zituzten. Eta gertatu izan da emazteari apur bat eusteko eskatu dionik, astelehenean erditu eta horrela aitatasun baimena hartu ahal izateko».

Behin-behinekoak, izan ere, bezperan jakiten du hurrengo egunean lan egingo duen ala ez. Zerrenda alfabetiko bat dago, eta haren arabera banatzen da lana. «Arratsaldeko 18:30ak aldera mezu bat jasotzen dugu, eta orduan jakiten dugu lan egingo dugun. Orain, gutxienez sakelakoa dago; nire aitak egunean birritan jaitsi behar izaten zuen portura zerrenda begiratzera», azaldu du Gilek. «Beti telefonoari begira, erabakitzen du hurrengo egunean zerbait egin ahal izango duzun», gehitu du Torrek.

Hiru zamaketarik, baina, lan harreman hori salatu dute, eta EAEko Auzitegi Nagusiak arrazoia eman dio aurrenekoari. Gil oso eskertua zaie: «Ekinbide pertsonala izan zen. Ausardia ekintza. Salaketara gehitu diren gehienek beren poltsikotik ordaindu dute pausoa. Guztiek, LAB sindikatuaren babesa jaso duten lauk izan ezik». Zamaketariek susmoa dute ebazpenak eragina izan zuela enpresaren erreakzioan, baina era berean erreminta indartsua dela dakite.

Baina, zergatik kexatu dira orain? Zergatik itxaron dute hainbeste? Gil: «2016an ere egiteko zorian egon ginen. Langile batzuk berriz ez deitzearekin mehatxatu zituzten. Finkoak negoziatzen ari ziren. Orain, berriz, kale gorrian daude; ez dugu ezer galtzeko». Torrek promesak izan ditu gogoan: «Gauza batzuk hitzeman zizkiguten. Gero esaten ziguten: 'Kontuz, bestela ezingo zara sartu', eta denok nahi dugu egonkortasuna». Etxeandiak ere hortik jo du: «Zerbitzu publiko bat ematen dugu, gizarteak behar duena. Lan gogorra da, arriskutsua da, eta egonkortasuna nahi dugu, besterik ez».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.