Katalunia. Diada. Xavier Antich i Valero. Omnium Culturaleko presidentea

«Amnistia zera da: gatazka politikoa demokratikoki konpontzeko abiapuntua»

Alderdi independentisten artean ez da batasun estrategikorik egon orain arte, baina, Antichen arabera, amnistiaren eskakizunaren aferak indarrak batzeko balio dezake.

DANI CODINA.
Carme Porta.
Bartzelona
2023ko irailaren 9a
00:00
Entzun
Gaur egun, Omnium Culturaleko presidentea da Xavier Antich i Valero (La Seu d'Urgell, 1962), baina Filosofia doktorea ere bada, eta Arteen eta Kulturaren Kontseilu Nazionaleko kide izandakoa; beste bederatzi kiderekin batera 2011n dimisioa aurkeztu zuen arte. Kataluniako festa nazionala ospatzeko hiru egunen faltan, hango panorama politikoaren inguruan jardun du. Haren arabera, «anomalia demokratiko handia» dago Kataluniako gatazkaren oinarrian.

Kataluniako gaur egungo jokaleku politikoa ikusita, nola helduko diozue Diadari?

Hasteko, politika ez dagokie politikari profesionalei soilik: herritarrek ere egiten dute politika, botoa emanez, baina baita egunerokoan aktiboki parte hartuz ere. Guretzat, irailaren 11 ez da urte politikoaren hasiera bakarrik: herrialde baten kontsentsu handiak eta anbizioa bistaratzeko eguna da. Anbizio horrek ñabardura asko ditu, eta zenbait gairi eragiten die: autodeterminazio eskubideari, gure etorkizuna erabakitzeko eskubideari, independentzia lortzeko helburuari, eta Kataluniako Errepublika eratzeari.

Hortaz, guretzat, herritarrek politikoki esku hartzeko aukera bat izango da Diada, batez ere orain, uztailaren 23ko hauteskundeen ondoren. Herritarrek ez lukete lau urtez zain egon behar zer pentsatzen duten esateko; aitzitik, indarra eman diezaiekete azken hamar urteetan behin eta berriz plazaratu diren akordio horiei.

Uztailaren 23ko hauteskundeen ondoren, baliteke aldaketa politikoren bat etortzea.

Anomalia demokratiko ikaragarri bat dugu abiaburu: orain dela gutxi, herritarren zenbait ordezkari, politikari batzuk, zenbait hedabide eta abar Bruselan izan gara, entzuteko ea zer proposatzen zuen alderdi bateko lider politikoak: hain justu, PSOEk eta Sumarrek estatuko gobernabidea bermatzeko bidaidetzat hartu nahi duten alderdiko liderrak. Europako edozein demokraziatan, posible izango zen halako debate bat dagokion lurraldean bertan egitea, eta ez da agerian jarri zer-nolako anomalia den hori hala ez izatea. Europa osoan lasai ibil daitekeen norbait ezin da joan eztabaida sortu den tokira, eta, beraz, Espainiako Gobernuko presidenteordeak berak ere lekualdatu behar izan du.

Puigdemontek proposamen bat egin du ERC eta JxCren arteko akordio posibleen inguruan.

Proposamena baloratzeko orduan, gutxienez 2017tik erabili ditugun parametro berak erabiliko ditugu Omnium Culturalekook: demokrazia eta oinarrizko eskubideak. Printzipio demokratiko nagusia, gure ustez, eskubide kolektiboak aitortzea da, autodeterminazio eskubidea aitortzea. 2012an esaten genuen, baita 2017an ere, eta orain ere esango dugu: estatuak eskubide hori aitortzen ez duelako sortu da gatazka politiko hau. Alde horretatik, Carles Puigdemont presidentearen proposamenak modua ematen du Kataluniako eskubide nazionalak aitortzeaz negoziatzen hasteko, eta oso bat gatoz horrekin.

Gure ustez, herrialdean kontsentsu handia dago: herritarren %80 konbentzituta daude herrialdeak bere etorkizuna aukeratu behar duela demokratikoki. Horrez gain, aintzat hartu behar dira funtsezko eskubideak: eskubide horiek defendatzen dituztenak ez daitezela jazarriak izan delitu bat egin izan balute bezala. Europako demokraziaren oinarri-oinarrian dago hori, eta hortik abiatuta egin da amnistia proposamena, zeina Omnium Culturalek ere modu esplizituan babestu baitu 2018tik.

Amnistiak izan behar al du ardatza Madrilgo gobernuaren negoziazioetan?

Amnistia ez da irtenbidea, baizik abiapuntua, gatazka politikoa demokratikoki konpontzeko. Gure ustez, horixe utzi dute agerian uztailaren 23ko hauteskundeek. Azken urteetan, Pedro Sanchez presidentea Europan zehar ibili da han-hemen esanez gatazka konpondua dagoela, baina ez dago inola ere konpondua; are gehiago: ez da hasi ere egin gatazkari modu demokratikoan heltzen, nahiz eta Europako Kontseiluak zenbait ebazpen eginak dituen Espainiako Gobernua behartzeko gatazka politiko bat badagoela aitortzera eta hura modu demokratikoan konpontzera.

Orain arte, argi eta garbi, aldeek ez dute elkar ulertu Espainiako Gobernuarekin eginiko negoziazioetan. Horrek agerian uzten du zein bereizirik dauden independentistak.

Zenbait kontu aldatu egin dira azkenaldian. Orain arte ezin helduzkoak eta gertatu ezinezkoak ziruditen gauza batzuek Kongresuan katalana eta euskara erabili ahal izatea eta amnistia ezartzea, adibidez gertagarriak dirudite orain. Alderdi independentisten artean ez dago batasun estrategikorik, baina estrategia berdintsuak erabili dituzte. Alderdiek sinatu dituzten akordio guztiak ia bat datoz; izan ere, aztertuz gero zer dioten JxC Junts per Catalunyaren, ERC Esquerra Republicanaren eta CUPen proposamenek nahiz eta CUPek orain ez daukan ordezkaririk Kongresuan, ikusten da denek daukatela amnistia ezinbesteko baldintzatzat Espainian gobernabideaz hitz egiten hasteko. Estrategian eta ekintzetan batasunik ez dagoen arren, bat datoz zenbait kontutan.

Hala, Omnium Culturalekook 2018tik erreklamatu dugun hori, ekiteko batasun estrategikoa hain zuzen, posible da orain, ikusita oinarriko estrategian bat datozela oro har. Alderdiak nor bere kasa ari dira negoziatzen oraindik, baina guretzat ezinbestekoa da moduren bat aurkitzea batasun estrategikoa izan dezaten edozein ekinbide politiko abian jartzen dela ere. Batasun horren alde egingo dugu aurrerantzean ere, eta ahalegin handiak egingo ditugu hori lortzeko.

Orain ez al da oso zaila? Proposamenak ez al daude gero eta zatituagoak? Ez al dira gero eta eraso gogorragoak egiten ari aliantza posibleak suntsitzeko?

Pluraltasuna da sistema demokratiko baten bizkarrezurra, horretan oinarritzen baita demokrazia, eta horrek berekin dakar, besteak beste, legitimoa izatea jarrera politiko guztien defentsa. Horretan, estatuak bazterrean utzi du independentismoa. Sistema demokratiko arrunt eta homologagarri bat erreklamatzeak berekin dakar hori guztia. Mugimendu independentistan ere aplikatu behar litzateke hori: aitortu behar lukete helburu komun bat dutela baina estrategiak, taktikak eta proiektu politikoa ez direla berdinak.

Guretzat, hori ez da arazo bat; aitzitik, mugimendu independentistaren aniztasunaren adierazlea da, eta, hain zuzen, horrek ematen dio indarra, herrialdeko espektro ideologiko guztia ordezkatzen baitu. Egiatan, estatuaren zapalkuntzaren eraginez, orain ageriago daude desadostasun guztiak, eta bazter batean geratu da helburu komuna: independentzia. Negoziazioan izandako aldaketa horiek aintzat hartuta, uste dut badela garaia puntu komunak lehenesteko eta desadostasunak alde batera uzteko, desadostasun horiek eragotzi baitute orain arte akordioak egitea.

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak proposamen bat egin du estatua berregituratzeko eta Espainiako Konstituzioa berrinterpretatzeko.

Lehenik, pare bat kontu. Batetik, gaur egun Espainiako Gobernuan ez badago eskuinaren eta eskuin muturraren gehiengorik, hori independentismo katalanari, eta euskal nazionalismoari eta independentismoari esker da hala. Hori bistakoa da, eta estatuan aitortua egon beharko luke. Kataluniak eta Euskadik eragotzi dute haiek gobernuan sartzea, aktiboki, botoen bitartez.

Bestetik, gatazka politikoa demokratikoki konpontzen hasteko modua emango duen edozein jarrera ongi etorria izango da beti. Hori esanda, Omnium Culturalentzat, errespetu osoz, kezka nagusia ez da estatua erreformatzea, baizik eta estatutik ateratzea, eta gure egitasmoak bide horretan egin ditugu. Noski, negoziazio prozesu bat dago abian estatuaren eta Kataluniaren artean baita estatuaren eta Euskal Herriaren artean ere, eta proposamen guztiak aztertu beharko dira aurrera egiten segitzeko.

Iruditzen zaigu ezen Urkulluren proposamenak, nahiz eta gurea bezalakoa ez izan, gatazka politikoari heltzen hastea daukala helburutzat.

Errepresioa ez da bukatu, eta Omnium Culturali zuzen-zuzenean eragin dio, hortxe baitago Jordi Cuixarten kasua. Amnistia denerako da? Alde guztiei eragiten die, bai biktimei eta bai biktimarioei? Zenbaitek exijitu dute kasu partikular batzuk aintzat hartzeko.

Frogatua dago: zapalkuntza ez da bukatu. Epaiketa politikoetara joan beharra dugu oraindik, auzi batzuk irekita daude, eta epaiketa batzuk sententziaren zain daude, edo ebazteko; eta, gainera, badira zenbait ikerketa hasi berriak, edo oraindik epaiketarik izan ez dutenak. Estatuak ez du keinurik egin, eta ez dio soilik botere judizialari eragiten. Horregatik, guretzat inoiz baino garrantzitsuagoa da amnistiari heltzea; izan ere, zuzenbide estatuaren tresna politiko bat da amnistia, edozein estatu demokratikok aitortua eta Nazio Batuen Erakundeak, jurisprudentzia osoak eta Giza Eskubideen Europako Auzitegiak bermatua.

Tresna politiko bat da, ez judiziala, eta parlamentuaren mende dago, ez gobernuaren mende. Zuzenbide estatuaren tresna politiko bat da, bere praktika batzuk zuzentzeko balia dezakeena, eta gauza oso sinple batean oinarritzen da: amnistiak ezabatu egiten ditu kondena eta delitua, eta horregatik du horrenbesteko indar politikoa. Amnistiaren bidez, aitortzen da delitutzat jotako ekintza batzuk oinarrizko eskubideen adierazpena baino ez zirela. Alde horretatik, Espainiako eskuinak proposamenari emandako erantzunak erakusten du oso ondo ulertu duela asmoa: amnistia ezarrita, estatuak aitortu beharko du ez duela ondo jokatu; legitimatu egingo du erreferendum bat antolatu eta mobilizatu izanaeta ezingo zaio inori horregatik jazarri; eta mobilizazioetako protesta eskubidea aitortuko du.

Nola eragingo luke horrek?

Orain arte gertatutako guztiari eta etorkizunari eragingo lieke amnistiak. Horregatik, mundu osoan, amnistiari buruzko debateetatik kanpo uzten dituzte krimenak, odol delituak eta gizateriaren aurkako krimenak. Biktimarioei ez zaie amnistia emango, ez baita bakearen pipa bat, gatazka bateko bi aldeek erabiltzekoa. Amnistia zuzenketa bat da, zuzenbide estatuak erabili behar duena delitu ez diren gertaera batzuk delitutzat jo dituenean eta norbaiti horregatik jazarri zaionean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.