Eskuzko lanbideak, esku zimurtuen esku

Gero eta gazte gutxiagok egiten dituzte gremioetako lanbideekin lotutako ikasketak, eta arlo horietako langileek arazo larritzat daukate errelebo falta.

Eraikuntza sektoreko langile bat lanean. ISMAEL HERRERO / EFE.
Igor Baigorri Perez - Xalbat Alzugarai Etxeberri
2023ko abuztuaren 27a
00:00
Entzun
Lana badago, baina langileak falta. Lanbide askotan gertatzen da hori, bereziki lanik gogorrenetan. Arazo hori oso nabarmena da eskulangileen artean: arotz, iturgin, igeltsero eta elektrikari gero eta gutxiago daude. Gazte jendea falta da lanbide horietan, eta sektorean kexu dira, pixkanaka-pixkanaka gehienak adinean gora doazelako eta ez dutelako erreleborik ikusten.

«Zerbitzu horiek derrigorrez bete beharreko lanak dira, ez kapritxoak: jendea ezin da horiek gabe bizi, eta, lehenago edo geroago, etxe guztietan behar dira», ohartu du Peio Plazaolak, Zumarragako Plazaola iturgintza enpresako buruak. «Langileak erretiroa hartzen ari dira pixkanaka, eta bost edo sei urte barru hutsune handia etorriko da».

Ikusi gehiago:«Asko betetzen nau nire sormena egurrean islatzeak»

Lanbideren datuak ere ez dira oso baikorrak. Gremioetan lana bilatzen ari direnen artean, gehienak helduak dira. Igeltsero moduan aritu nahi dutenen artean, ia %70ek gainditzen dute 45 urteren langa, eta %4,5 baino ez dira 30 urtetik beherakoak.

Zurgintzan eta iturgintzan ere joera hori bera nabari da, nahiz eta gazte gutxi batzuk gehiago dauden Lanbideren eskatzaileen poltsan: arotz izan nahi dutenen artean %8 dira 30 urtetik beherakoak, eta iturgin izan nahi dutenen artean, berriz, %13,6.

Ipar Euskal Herrian, asko ez izan arren, errazagoa da eskuzko lanbideetan aritzen diren gazteak aurkitzea. Uztaritzeko Egurberri aroztegian aritzen dira Antoine Mounier eta Alexandre Beherengarai gazteak, eta haiek ere ohartzen dira sektore horretan erreleboa falta dela.

«Eskulana, zuraren lanketa... Inguruan laguntzeko praktikoak dira horrelako lanbideak, eta beharrezkoak ere bai», adierazi du Mounierrek. Beherengaraik ere uste du etorkizunean sektoreko gazteei ez zaiela lanik faltako: «Segur da gure sektorean beti lan anitz izanen dela, eskaera beti hor izanen baita».

Langile falta nondik dator, baina? Agustin Pagola Pagola Eraikuntzak enpresako buruaren hitzetan, «gaztek ikusten dute aitak edo osabak zer bizi eraman duen igeltserotzan, eta inork ez du hori beretzat nahi. Gerriak eta eskuak izorratu egiten dira, eta gaur egungo gazteek lan erraza nahi dute: eserita egon, eta funtzionario izan».

Lanbide batzuetan, igeltserotzan adibidez, lan gogorra arintzeko zenbait neurri hartu dituzte. Orain, esaterako, bizkarrean 25 kilo eraman ditzakete gehienez, eta, lehen, 50 kiloko zakuak ere hartzen zituzten. Hala ere, gremioetako lanak oso fisikoak dira oraindik ere. «Gu gazte ginenean, askoz ere indartsuagoak ginen oraingo gazteak baino, eta edozein gauza aguantatzen genuen», esan du Pagolak.

Horrez gain, Plazaola iturginak aipatu du gazte jendeak ez duela nahi ia oporrik eta ordutegi finkorik gabeko lanposturik. Askotan, iturginek eta elektrikariek bereziki, ez dakite noiz bukatuko duten laneguna: «Berez, ordutegi bat dugu, baina, askotan, ordua iristen denean ezin diogu lan egiteari utzi».

Lanbideren datuek baieztatzen dute eskulangileen eskatzaileak gero eta gutxiago direla. 2021ekoak dira Lanbideren azken datuak, eta, horien arabera, iturginen artean eskariak %19 gutxiago ziren 2021ean aurreko urtean baino, igeltseroen artean %17 gutxiago, eta arotzen artean %10 gutxiago.

Erreleboa nork?

Egoera horrek beste arazo bat ekar dezakeela ohartarazi du Plazaolak: «Gazteak sartzen ez badira, prezioa asko garestituko da, instalatzaile gutxi egongo baitira, eta eskaintza handia».

Sektorea nola dagoen ikusita, gero eta atzerritar gehiago aritzen dira iturgin, igeltsero eta arotz. «Ez dakit zenbateraino sartuko diren atzerritarrak lanbidean, baina zer egoeratatik gatozen ikusita, diruari dezenteko garrantzia ematen diote, oporrei eta egutegiari baino gehiago», adierazi du Plazaolak.

Atzerritarrak lanerako prest izan arren, normalean ikasketak falta zaizkiela gaineratu du Pagolak ere. «Atzerritarrei lagundu egiten diegu, baina formakuntzarik gabe etortzen dira». Hori bai, indartsuago ikusten ditu: «Atzerritarrak eta horren eroso bizi ez direnak gogorragoak dira hemengo gazteak baino».

Aitzitik, Euskal Herrian oraindik ere badira eskuzko lanbideak maite dituzten gazteak. «Lanbide hauek beharrezkoak dira edozein eraberritzetan eta eraikuntzatan, eta niri askoz gehiago betetzen nau igeltsero izateak elkarte bateko misio karguduna izateak baino», adierazi du Mounierrek. Era berean, honela dio Beherengaraik: «Eskulana gustatzen zait, eta beti mugitzea. Ez naiz bulego batean geldirik egoteko egina, eta jendearekin harremana izatea ere anitz maite dut».

Formakuntza

Ikasiz gero lana egon badagoela azaldu du Plazaola iturginak, baina lanbide horietan formakuntza lortzea ez da erraza izaten askotan. Igeltserotzari dagokionez, adibidez, zera salatu du Pagolak: «Lanbide batzuetarako, eskoletan ondo prestatzen zaituzte, baina gure lanbideari buruz pentsatzen da formakuntzarik gabe egin daitekeela lana; gero bezeroak kexatu egiten dira, ez direlako eraikuntzak konpontzen, gaizki eginak daudelako... Zer nahi dute, ba!».

Izan ere, igeltsero gehienek ez dute igeltsero izateko ikasi: Lanbideren arabera, %86,8k «zehaztu gabeko» ikasketak dituzte. Arotzen artean ere, %70etik gora dira zurgintza ikasi gabeak.

Egoera bestelakoa da iturgintzan, ikasketak izatea derrigorrezkoa baita lan egiteko. «Guk instalatzaile lizentziak behar ditugu: ur sanitarioaren txartela, berogailuaren txartela, gasaren txartela... dokumentazio lan handia dago atzetik», ohartarazi du Plazaolak.

Antoine Mounierrek 29 urte ditu, eta, Egurberri enpresara heldu baino lehen, Ingurumenaren Zaintzako gradua bukatu zuen. Baita igeltsero izateko eskola batean sartu ere. Batxilergoa atera ondoren egin zituen gradu horiek, eta eskuzko lanbideak oso erakargarriak egin zitzaizkion.

Alexandre Beherengarairen kasua ezberdina da. Hark 19 urte ditu, eta soilik batxilergoa egin zuen lanean hasi aurretik, Uztaritzen. «Ondoren, osabarekin hasi nintzen obra batzuetan, zurezko zoladurak instalatzen, adibidez, eta zinez hasi nintzen zurgintza maitatzen».

Gazteak izanik, etorkizunerako helburu pertsonalak ere badituztela diote biek. Beherengaraik dio oraingoz lanbideari buruz ikasten jarraitu nahi duela, oso gaztea baita oraindik. Hala ere, geroago bere enpresa propioa irekitzeko nahia azaldu du. Mounierrek, berriz, berdin-berdin jarraitzeko helburua du, badirelako, haren ustez, lanbidea betegarria egiten duten gauza asko: «Intentzioa da berdin segitzea, ene lanbideaz gozatzen».

Emakumeak, oso gutxi

Sektore oso maskulinizatuak dira eskuzko lanbideenak. Gizonak dira langile beterano gehienak, eta gizonak dira sektorean lana bilatzen dutenak ere. Lanbide guztien arteko batezbestekoa eginda, Lanbideren zerrendetan, eskuzko lanbideetako eskatzaileen artean %3 baino gutxiago dira emakumezkoak; igeltsero eta iturginen artean, %1 baino gutxiago. Hala ere, bai Plazaolak baita Pagolak ere aipatu dute pintoreen artean emakume kopurua beste gremioetan baino handiagoa dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.