SOSLAIA. Eneko Andueza

Eibarko eskolaren emaitza

gotzon hermosilla
2021eko urriaren 31
00:00
Entzun
Historikoki, euskal sozialismoak bi gotorleku garrantzitsu izan ditu: Bizkaian, Bilbo, Ezkerraldea eta Meatzaldea; Gipuzkoan, langile jatorriko eta ezkerreko tradizioko zenbait herri, bereziki Eibar. Eta bakoitzak bere ezaugarri propioak izan ditu. Seguru asko, PSE-EEn bi arima daudela esatea gehiegi esatea da, baina egia da alderdiaren lema eraman dutenak Bizkaikoak edo Gipuzkoakoak izateak askotan lorratza utzi duela alderdiaren bidean. Orain, Eneko Andueza Lorenzo (Eibar, Gipuzkoa, 1979) PSE-EEko idazkari nagusi izendaturik, ardura hori Gipuzkoara itzuli da ia 25 urte geroago, Ramon Jauregik kargua utzi eta Nicolas Redondo Terrerosek hartu zuenetik 1997an.

Anduezak Politika eta Administrazio Zientzia ikasi zuen, EHUn, eta 17 urte zituela eman zuen izena JSE-Egaz gazte erakunde sozialistan. Oso goiz hasi zen ardura politikoetan: 2004an Ordiziako zinegotzi izan zen (Gipuzkoa), eta, Espainiako Gobernuak Paulino Luesma Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ordezkari izendatu zuenean, haren aholkulari izan zen.

Baina 2006an Eibarrera itzuli zen, eta esan daiteke Eibarko eskola izan dela Anduezaren trebalekua bere ibilbide politikoan. Iñaki Arriola zen orduan Eibarko alkatea, eta haren itzalean hazi zen Andueza. Redondo Terreros, Patxi Lopez, Rodolfo Ares, Jose Antonio Pastor eta Bizkaiko sozialismoaren gainerako buruzagiekin alderatuta, bestelako irudia ematen zuen Anduezak: gazteagoa, irekiagoa, eta euskal hizkuntzarekin eta kulturarekin sentsibilitate handiagokoa.

Eibartik Gipuzkoako Batzar Nagusietara salto egin zuen Anduezak, eta 2011tik aurrera Talde Sozialistaren bozeramailea izan zen erakunde horretan. Geroztik, urratsez urrats egin du bidea, PSE-EEren hautetsirik ezagunenetako bat bilakatzeraino: 2016an legebiltzarkide hautatu zuten, 2017an Gipuzkoako PSE-EEren idazkari nagusi izendatu zuten, eta 2020ko hauteskundeen ostean, berriro legebiltzarkide izateaz gain, Talde Sozialistaren bozeramailea izan da, Jose Antonio Pastor ordezkatuz.

Dudarik gabe, eta iraganeko buruzagi sozialistekin alderatuta, haize freskoa ekarri du Anduezak: euskaraz natural moldatzen da, GALen aferan inplikaturik egon daitezkeen arduradun politikoek «egindakoagatik ordain» dezatela eskatu du inoiz, eta udaletan Eibarko Udalean, esaterako PSE-EEren eta EH Bilduren arteko adostasun zantzuak agertu direnean, «txalotu» egin ditu.

Haize freskoa bai, baina hausturarik ez. Izaerak izaera, eta itxura guztien arabera, Anduezak jarraitu egingo dio Idoia Mendiak orain arte ezarritako ildoari, eta inork ez du espero zuzendaritza berriak arriskuan jarriko duenik EAJrekin Jaurlaritzan, diputazioetan eta udaletan duten akordioa: «Indar progresisten batasunaren kontzeptua oso polita da, baina horren atzetik proiektu bat behar da», esan zion BERRIAri iazko apirilean egindako elkarrizketa batean.Ahal Dugu-k «proposamenik» ez duela eta ezker abertzaleak «oraindik ibilbide bat egiteko» duela iritzita, EAJ ez beste bazkide batzuk bilatzea ez da oraingoz sartzen Anduezaren lehentasunetan.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako estatus berriaren inguruko eztabaidan, berriz, eta Anduezak aferaz egin dituen azken adierazpenakaintzat hartuta,horretan ere ez du ematen sozialisten orain arteko jarrera aldatuko denik.

PSE-EEren idazkari berriaren zaletasunen artean badago bat behin baino gehiagotan polemikoa suertatu dena: Anduezak oso gogokoak ditu zezenketak, eta, gainera, horien apologista sutsua da. Lau liburu idatzi ditu orain arte, eta horietatik hiruk zezen festa dute ardatz. Los toros desde la izquierda (Zezenak ezkerretik) du izenburua horietako azkenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.