Koronabirusa

TESTAK EGIN ETA EGIN, GAU ETA EGUN

Krisiaren hasieratik esan da garrantzitsuak direla testak; birusa nork duen jakiteko modu bakarra dira, izurriari hazten ez uzteko tresna ezinbestekoa. Horregatik, osasun sistemek indartu egin behar izan dute testak egiteko laborategietako lan martxa. Egun osoko jardunean ari dira, lanez gainezka.

Grafikoaren goiko aldean agertzen diren marra horiek positiboen adierazpideak dira. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
arantxa iraola
Barakaldo
2020ko abuztuaren 30a
00:00
Entzun
Orain dela hilabete gutxi batzuk arte, hauek guztiak ez zeuden hemen: hau dena COVID-19a da». Gurutzetako erietxeko (Barakaldo, Bizkaia) Mikrobiologia Laborategiko korridore luzean barrena ari dira azalpenak ematen Elena Urra eta Maitane Aranzamendi; ospitaleko Mikrobiologia Zerbitzuko atalburua da lehena, zerbitzu horretako fakultatibo espezialistetako bat da bestea. Hizpide duten hau dena korridorean pilatutako kaxak dira, COVID-19ak hilabeteotan eragin dien lan erantsiari aurre egiteko ekarri behar izan duten materialaren arrastoak eta gailuak, eta eraikinean bertan lanerako gaitasuna handitzeko egin behar izan dituzten moldaketak. Izan ere,laborategietan egiten dira birusa atzemateko testak —PCR ezagunak, esaterako—, berebiziko garrantzia dute azterketa horiek izurriaren kontrolerako, ugaritu egin dituzte osasun sistemek, eta hilabeteotan lana asko handitu zaie horietan. Biek adierazi dute krisiaren hasieratik antzeman zutela aurrez beren laneko jardunean inoiz ikusi gabeko zerbait zetorrela. Aurki lan zamari erantzun ezinik sentitu ziren: «Lanetik oso berandu irteten hasi ginen; oroitzen dut egun horietako batean, gau batean metroan, elkarri begiratu eta esan geniola: 'Hau ez da gripe bat. Beste zerbait da'».

«Berregituratu egin behar izan dugu zerbitzua», esplikatu du Urrak. Langileak kontratatu behar izan dituzte, eta trebatu; izan ere, lehendik egiten zituzten lanei eutsita, izurriak ekarritako erauntsiari ere erantzun behar izan diote.«Esaterako, laborategia eguneko 24 orduetan martxan egoteko prestatu behar izan dugu». Lan bolumenari buruz ematen dituzten datuak adierazgarriak dira egoera ulertzeko; epidemia heldu aurretik, udazken-negu partean, lan handiko egunak eragiten zizkien zenbaitetan gripeak. «100-120 PCR test egin behar izateko egunak izaten genituen», adierazi du Aranzamendik. «Egun, 2.000 inguru egiten ari gara». Bidea ez da samurra izan.«Presio handiarekin ari gara; esfortzu ikaragarria da».

PCR testak

PCR. Berehala azaldu da sigla ezaguna Aranzamendiren azalpenetan, ezin bestela. PCR testei buruzko albisteak hedabideetako ohiko goiburua bihurtu ditu izurriak, eta testak egiten diharduten profesionalen lan jardunaren zati handi bat hartzen du horiek egiteak, epidemiaren kontrolerako gako ezinbestekoak baitira. Propio patogenoak atzemateko teknika mota bat dira, 1980ko hamarraldian garatutakoa. «Hain justu, ingelesezko akronimo bat da: polimerasaren kate erreakzioa, hori du esanahia», lezioa hasi du mikrobiologoak. «Lagin biologikoak hartu, eta lehenengo urratsa horien genoma garbitzea izaten da; ahalik eta puruen utzi behar da. Ondoren, atzeman nahi den patogenoaren genomaren itu esanguratsu batzuk hautatzen dira,genomaren RNA arrastoak; horiek errepikatu egiten dira, etaaztertzen ari garen laginean agertzen diren ikustea izaten da testaren helburua». Kointzidentziak ikusten dituztenean, orduan atzematen dituzte positiboak.

Doitasun eta trebezia handia eskatzen du test horiek egiteak. «Sukaldeko errezeta antzekoak izaten dira PCRak, eta urrats asko bete behar dira, protokolo zorrotzak, burua oso argi izan behar da halako testak egiteko, mila xehetasuni erreparatu behar baitzaie», azaldu du Aranzamendik. «Alde horretatik, benetako txokea izan da orain heldu den lan guztia», onartu du. «Egokitu» egin behar izan dute, esaterako, DNA/RNA purifikatzeko prozesua, eta txanda bakar batean 96 lagin batera prozesatu ahal izateko eran atontzea lortu dute; aldaketa handia izan da. Hainbat lantalde batera ari dira laborategietan, eta «biorobot automatizatuak» ere badituzte testak egiteko. Makinekin ez da aski, ordea; eskuz egin beharrekoak dira pauso asko, eta, alde horretatik, langileen trebakuntza izan da hilabeteotako kezka bat: «Izan ere, biologia molekularrean oso trebatuta ez zegoen jendeak ere sartu behar izan du lan honetan».

PCR teknika bat da. Egiteko modu asko daude, eta egitea ahalbidetzen duten tresna asko daude merkatuan; bakoitzak bere berezitasunak ditu. Merkatuan produktu horien gaineko eskari handia dago orain, eta lan zamari erantzuteko zortzi bat sistema ezberdin erabili behar dituzte, adibidez, orainOsakidetzan prozesuotan ari diren profesionalek; «zaildu» egiten die horrek lana. Merkatuan dauden eskaintzez harago, EHU Euskal Herriko Unibertsitateko talde batek ere aurkeztu zuen apirilaren hasieranhalakoak egiteko sistema bat, eta egunean 500-1.000 test egiteko gaitasuna zutela adierazi zuten haren sustatzaileek. Aldarriak berehala ozendu ziren sistema hori erabili eta PCRak egiteko gaitasuna handitzeko, eta kritika ugari ere egin zitzaizkion Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari hautu hori ez egiteagatik. Azkenean, apirilaren amaieran EHUk eta Osakidetzak test horiek erabiltzeko akordio bat izenpetu zuten, baina laborategietan testak egiteko eguneroko martxan ez daude txertatuta.«EHUk bere borondate on guztiarekin, eta duen esperientzia guztiarekin diseinatutako protokolo bat da. Eskuz egiteko lan handia du; antzeko teknikak egiten ditugu guk ere», azaldu du Aranzamendik. «Diagnostiko sareak zera erabaki zuen, guk darabiltzagun ekipoek erantzun dezaketen heinean, aski dela horiekin», onartu du Urrak.

Presio handia

Garai zailak izan dituzte. «Otsailetik ari gara lanean presio handiarekin; aste bakar batzuetan urritu zen lana, baina, oro har, iraunkorra izan da: oso azkar egin behar da lan, eta oso ondo koordinatuta», azaldu du Urrak. Nahi baino esku gutxiagorekin: «Langilez ere justu gaude. Indartu dira taldeak,teknikari gehiago hartu dira, baina fakultatiboak lortze aldera, zailtasunak egon dira».

Lan zamaz gain, izurriak ekarritako egoeren ondoriozko «inplikazioez» ere ohartarazi du Aranzamendik. Izan ere, usu positiboen ondorioak ez dira edonolakoak: dendak eta tabernak ixtea, jendea bakartzea, edo erietxe bateko unitate oso bateko funtzionamendua etetea edo antzaldatzea ekar dezakete, adibidez. «Tentsio handia dakar horrek. Positibo baten ostean, deitu izan digute: 'Positiboa da? Positiboa da benetan?'». Bilbon, Gasteizen, Donostian, Galdakaon eta Barakaldon ditu Osakidetzak halakoak egiteko guneak. Jardun ona ziurtatze aldera, kontrol asko dituzte; akatsak salbuespenak dira, baina oihartzuna dute. Asteon, adibidez, Sestaon (Bizkaia) hainbat positibo faltsu eman dituztela onartu du osasun sistemak. Kalitatea neurtzeko dituzten neurriei esker erreparatu diete akatsei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.