Hamaika arlotako norbanakoak eta eragileak bildu ziren atzo Bilbon. Bakoitza esparru batekoa izanda ere, guztiek iritzi bera agertu zuten: azkenaldiko epaiak eraso «larriak» dira euskararen biziberritze prozesurako, eta «zuzeneko eragina» dute herritarrengan. Euskaltzale guztiak elkartzeko beharra ere azpimarratu zuten.
KIKE AMONARRIZ
Topaguneko lehendakaria
«Epaien helburu bakarra hizkuntzaren biziberritze prozesua galgatzea da»
Larrituta dago Euskaltzaleen Topagunea, eta hala adierazi zuen Kike Amonarriz lehendakariak: «Oso kezkatuta bizitzen ari gara epaitegietatik datozen sententzien errealitatea». Azaldu zuenez, epai horiek «oso oinarri ideologikoak» dituzte; eta helburu argia: «Epaien helburu bakarra hizkuntzaren biziberritze prozesua galgatzea da».
Epaien «eragin zuzena» ere jomugan izan zuen Amonarrizek: «Herritarren hizkuntza eskubideak mugatzen dituzte». Gogoratu zuenez, aspalditik aldarrikatu dute administrazioek herritarren hizkuntza eskubideak bete behar dituztela. «Administrazioa herritarren zerbitzura dago; beraz, zerbitzu horrek elebiduna izan behar du bi hizkuntza ofizial dituen herrialde batean».
Lan egiteko, euskaraz jakin behar da, «modu progresibo batean». Izan ere, Amonarrizek uste du gaur egun hori betetzen dela: «Publikoarekin harreman handiena duten lanpostuetan euskara eskatu behar da; eta beste guztietan ere progresiboki joan behar dugu horretara helduz». Sententziak horren aurka doazela azpimarratu zuen Amonarrizek.
IDOIA UGALDE
Berbaizu euskara elkarteko kidea
«Bada garaia euskalgintza elkartu eta aurpegia erakusteko»
«Asko gara, elkar topatu behar dugu, ezagutu, eta aldarrikapena partekatu», adierazi zuen Idoia Ugalde Berbaizu euskara elkarteko kideak. «Oldarraldi judizialaz» harago, euskararen aurkako erasoak «pila bat» direla esan zuen: «Gizartean gero eta normalizatuago dago euskararen aurkako diskurtsoa». Horregatik, positibotzat jo zuen «asteko egun batean» eta «goizez» hainbeste lagun bildu izana: «Bada garaia euskalgintza elkartu eta aurpegia erakusteko; indartsu agertu behar dugu». Herritarrei ere dei egin zien azaroko manifestazioan parte har dezaten: «Edozein euskaltzalek eta euskararekiko jarrera positiboa duen edozeinek hor egon beharko luke».
IRAITZ LAZKANO
UEMAko lehendakaria
«Euskarak ezin du fronte bat ere baztertu; kaletik erantzun behar dugu»
Euskararen biziberritze prozesuan epaiak eraso «larria» direla argi utzi zuen Iraitz Lazkano UEMAko lehendakariak. Eta hizkuntza politika aurrerakoien beharra azpimarratu zuen. «Legearen interpretazio xelebreak eginda, epaitegietatik murrizten ari dira udaletxeok eta bestelako erakundeok dugun hizkuntza politikarako gaitasuna». Lege babes «egonkorra» exijitu zuen.
Era berean, manifestazioaren garrantzia aldarrikatu zuen: «Euskarak ezin du fronte bat ere baztertu; kaletik erantzun behar dugu». Instituzio eta gainerako eremuetatik ere erantzun behar da. «Espazio bakar bat ere ez dugu galtzeko».
ALIZIA IRIBARREN
AEK-ko koordinatzaile nagusia
«Administrazioaren eta legearen partetik ez dugu babesik»
«Euskararen aurkako erasoak» salatzeko bertaratu zen AEK Bilbora. «Egunerokotasunean pairatzen ditugun zailtasunez gain, beste hauek ere etorri dira orain», adierazi zuen Alizia Iribarren koordinatzaile nagusiak. Eta salatu zuen epaileek haiei ez dagokien lan bat hartu dutela euren gain, «legegilearena».
Sententziek Euskal Herriaren etorkizunean eragingo dute: «Horrek ekarriko du herri honen euskalduntzea gero eta motelagoa izatea». Amonarrizek bezala, Iribarrenek uste du euskaraz jakin behar dela Euskal Herrian lan egiteko: «Euskara gure hizkuntza da; euskaraz lan egin, bizi eta egon nahi dugu». Ez du uste eskatzen dutena «arraroa» denik. AEK-k normalizazio planak egiten ditu enpresetan eta administrazioetan, eta egunero egiten du lan herritarrekin. Baina hori ez da nahikoa: «Administrazioaren eta legearen partetik ez dugu babesik; batzuek borondatez egiten dute lan». Hizkuntzaren biziberritzea ezin da «borondate kontua» izan; babesa behar du: «Legala eta administrazioena».