Baykar Sivazliyan Armeniako intelektual, idazle eta unibertsitateko irakasle bat da. Italiako Armeniarren Batasuneko presidente ohia da, eta Armeniako genozidioaren mendeurrena antolatzen duen nazioarteko batzordeko kidea da. 1953an jaio zen, Istanbulen, eta XX. mendeko lehen genozidiotik bizirik irten zen familia bateko semea da.
«Liskar handiak» aipatzen dituzte komunikabideetan, baina ez dute gerraz hitz egiten. Nola deskribatuko zenuke zuk egoera?
Benetako gerra bat da hura, ez dira liskarrak. Artilleria astuna erabiltzen dute, dozenaka gerra ibilgailu, droneak, eta hildako asko daude. Taktikoki, armeniarrak kontu handiz ibiltzen dira, eta ez dituzte soldaduak arriskuan jartzen; hitz egiten ari garen unean, dagoeneko 85 soldadu hil direla jakinarazia dute. Asko dira. Nire informazioaren arabera, Azerbaijango gazteak ez dira boluntario aurkezten, eta [Azerbaijango presidente Ilham] Aliev herrialdeko gutxiengoetako kideak errekrutatzen ari da, batez ere talyshiak, jatorriz Irangoa den komunitate bateko kideak.
Zer arrazoi ditu Azerbaijango Gobernuak Armeniaren aurkako gerra bat hasteko?
Badira hilabete batzuk Azerbaijan operazio militar bat hasten ahalegindu zela, emaitza ez oso onekin; orduan ez zuen Karabakh Garaiaren aurka jo, zuzenean Armeniaren mugen aurka baizik. Azerbaijanek bat egiten du [Turkiako presidente Recep Tayyip] Erdoganekin. Azerbaijango presidente Ilham Aliev 2003tik dago agintean, eta, beraz, gerra hau garrantzitsua da, bere helburua delako agintaldiaren amaieran dauden bi diktadoreri boterean eustea; horretarako, herrialde txiki bati erasotzen diote, eskualde hartan benetako askatasunaren eta herri demokraziaren bidea aukeratu duena, eta Errusiarekiko adiskidantza sendotu duena, baina bereindependentzian oinarritutako hitzarmen argiekin.
Zergatik esku hartu du Turkiak gatazka honetan horren modu argian?
Erdogan hobeto ulertzeko, zer zailtasun dituen aztertu behar dugu, atzerri politikan izan ditzakeen interesez gain. Uste dut bere erabakiaren arrazoi nagusia dela agintean jarraitzeko zailtasunak dituela; esaterako MHP eskuin muturreko alderdiko presidente Devlet Bahceliren osasun egoera, hiltzen ari baita eta ez baitu ordezkorik. Hura hiltzea kolpe gogorra izango da Erdoganentzat. Inkesta guztien arabera, bihar bozak egingo balira, Erdoganek ez luke agintzeko behar duen gehiengoa lortuko, eta, beraz, harentzat oinarrizkoa zen izaera nazionalistako operazio bat abian jartzea, eta hortik dator haren hitzaldia, «nazio bat, bi gobernu», Azerbaijani erreferentzia eginez, armeniarren esku galdutako lurrak berreskuratzen laguntza behar duen anaia gaztea balitz bezala. Diskurtso horrek indarra du oraindik Turkian.
Horretarako, parlamentuaren gehiengoaren babesa duela dirudi.
Hala da; horri dagokionez, joan den astean parlamentuko ia talde guztiek onartu zuten mozioa; soilik HDP [Kurdistango Herriaren Alderdi Demokratikoa] geratu zen kanpoan. Interesgarria da CHP [Herriaren Alderdi Errepublikanoa] oposizio kemalistak ere gerra bultzatzea. Sintomatikoa da Erdoganek nazionalismorik zakarrenaren irudi nagusiaren diskurtsoa aukeratu izana, Kemal Ataturkena, zeina Batasuna eta Aurrerabidea alderdiaren oinordeko den, eta erantzukizuna izan zuen Armeniako genozidioan. Erdoganek beti gorroto izan du Ataturk, baina oraintxe bertan nazionalismo horren beharra du.
Erdoganen jarrerak arrazoi geoestrategikoak ere baditu.
Bai. Erdogan ohartzen da laster esku hartze gehiago izango direla Kaukasoko eskualde osoan; buruan dauzkadanetako bat da Txinak zetaren bide berria egiteko ezarri duen 120.000 milioi dolarreko funtsa. Iranen ere inbertsio handiak egitea dakar horrek, azpiegituretan eta ipar-ekialderako errepide eta trenbideetan. Armenia eta Kaukasoko adituentzat, Iran eta Kaukasotik igaro eta Itsaso Beltza zeharkatuz zuzenean Europara heltzen den merkataritza bide berri bat zabaltzea da hori. Aukera horrekin, Txinak Turkiaren eta Errusiaren eragina murriztuko luke.Erdoganek pentsatzen du testuinguru horretan bere eragina bermatu behar duela, irabaziak banatzeko negoziazio mahai bat osatuko balitz han egon ahal izateko.
Errusia ere hor dago. Zer aukera eta interes ditu?
Errusiak irabazteko aukera guztiak ditu egoera honetan. Armeniaren ahalmen militarraren berri badu, eta Alieven eta Erdoganen aukerak murrizteko ahaleginetan ari da. Azerbaijanek lortzen ez badu Karabakh Garaiko zati txiki bat ere bereganatzea, argi dago Alievek joan egin beharko duela, eta Erdoganentzat, zeinak nazionalismo panturkiarra piztu duen, hondamena izango da. Errusia zain dago, eta uste dut marra gorri bat jarriko duela egoerak okerrera egiten badu, su-eten baten edo bake prozesu baten aitzakian. Baina, edozein kasutan, Errusia buru-belarri sar daiteke gatazkan, hori komeni bazaio.
Zer iritzi duzu EBren jarreraz?
Europako Batasuna, beti bezala, urrun dago. Zerbait esan duen herrialde bakarra izan da Frantzia, [presidente Emmanuel] Macronekin. Egoera hauetan ez dago Europarik; ez dute jarrera bateraturik gatazka hauetan.
Nola uste duzu amaituko dela gatazka armatu hau?
Uste dut Armeniak gerra hau galtzen badu aurreko etapa politikora itzuliko dela, Errusiarekiko menpekotasuna handia izatera. Zaila da jakitea nola amaituko den egungo egoera, baina argi dago armeniarrek ez dutela euren lurraldearen metro bakar bat ere utziko.
Baykar Sivazliyan. Idazle eta irakasle armeniarra
«Azerbaijanek irabazten ez badu, Alievek joan egin beharko du»
Sivazliyanek uste du Azerbaijanen erasoaldiaren atzean boterean jarraitzeko nahia dagoela, eta helburu horrekin jo duela «askatasunaren eta herri demokraziaren bidea» aukeratu duen estatu baten aurka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu