Lana badago; langileak, gero eta gutxiago. Hala diote enpresarien elkarteek. Ez dela erraza langileak topatzea, besteak beste, tabernetan zerbitzatzeko, obra batean igeltsero aritzeko edo uztak biltzeko. Baina ezta ikasketa, prestakuntza edo esperientzia handiagoa behar izaten den lanpostuetarako ere. «Denetarik behar da», dio Confebaskek. Ez da fenomeno berria, baina bizkortu egin da COVID-19aren ondoren, eta lan merkatuko paradoxa handienetako bat erakusten du. Hego Euskal Herrian 110.000 langabe inguru daude, eta, hala ere, 9.500 lanpostuk hutsik jarraitzen dute.
Langabeen kopurua eta bete gabeko lanpostuak, bi aldagai horiek gurutzatuta sortu zuen William Henry Beveridge ekonomialariak Beveridgeren kurba izenekoa. Horren arabera, langabezia tasa txikia denean eta hutsik dauden lanpostuena handia, ekonomia ondo edo hedatzeko fasean dagoen seinale da. Halakoxea izan beharko luke orain. Langabe kopurua inoizko txikienetariko bat da Hego Euskal Herrian, eta bete gabeko lanpostuena, berriz, handienetako bat. Ziurgabetasunak ziurgabetasun, oro har aurreikuspen ekonomikoak onak badira, zergatik enpresarien kezkak?
Ikusi gehiago:Gazteak: langile ala nagi?
«Beste garai batzuetan gertatu dira horrelakoak, baina orain erabat ezberdina da», azaldu du Carlos Peredak, Confebask Araba, Bizkai eta Gipuzkoako patronaleko enplegu arduradunak. Gogoratu du 1960ko hamarkadan eskulan falta izugarria izan zela Hego Euskal Herrian, industrian bereziki, eta gabezia hori hein handi batean kanpoko langileekin bete zela. Orduko industriak, baina, zerikusirik ez du egungoarekin, Peredak azpimarratu duenez: eskulan ez-kualifikatua behar zen; orain, aldiz, «oso espezializatua». «Hiru enpresatik bik esaten digute arazoak dituztela bilatzen dituzten soslaiak beteko dituzten langileak topatzeko».
Horri beste aldagai bat gaineratu dio: demografia. Hazkundea egon zen 1960ko hamarkadan, baby boom-aren belaunaldiarekin. Oraingo aurreikuspenak, ordea, oso bestelakoak dira. Belaunaldi horren parte handi batek erretiroa hartuko du hamarkada honetan, Hego Euskal Herrian dauden lau langiletik batek, eta lanpostu horiek ordezkatzeko eta sortuko diren berriak betetzeko nahikoa gazterik ez da egongo.
«Ezbairik gabe, arazo demografikoa izango da datozen urteetan hemengo lan merkatua gehien tenkatuko duten arazoetako bat, digitalizazioarekin eta trantsizio energetikoarekin batera», nabarmendu du Javier Ramosek, Lanbideko enplegu arduradunak. Dena den, egungo egoerari buruz ez du Confebaskeko eledunak bezala pentsatzen. «Ez da egia momentu honetan langile defizita dagoela. Zerbait puntuala izan daiteke, sektore jakin batzuetan, garai jakin batzuetan... Baina oraindik 100.000 langabe baino gehiago ditugu».
Eta lan baldintzak?
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako enplegu zerbitzu publikoko arduradunak azaldu duenez, lan merkatuan beti izaten dira hutsik dauden lanpostuak, «baita krisi garaietan ere», baina azpimarratu du kopuruak ez direla kezkatzeko modukoak. INE Espainiako estatistika erakundearen arabera, Hego Euskal Herrian 9.434 lanpostu daude bete gabe, lanpostu guztien %0,75, Europako batezbestekoa (%3) baino gutxiago.
Patronalak emandako argudioarekin ere ez dago guztiz ados. Confebaskek dio haiek egindako inkestetan enpresek hautagaien kualifikazio falta argudiatzen dutela, hori dela «arazo nagusia, lehenengoa», eta soldatak hamargarren postuan azaltzen direla. «Oro har, langileek ez dute esaten eskaintzen dizkieten soldatek ez dituztela euren nahiak asetzen», azaldu du Peredak. Ramosentzat, berriz, egun gertatzen ari denak lotura estuagoa dauka lan baldintzekin, espezializazioarekin baino. «Pandemiaren aurretik ez zegoen tentsio hori. Bi urtean horrenbeste aldatu dira enpresek bilatzen dituzten soslaiak? Ez dut uste. Zer aldatu da? Datuak argiak dira: 2022an soldaten debaluazioa handi bat egon da, ez dira inflazioa adina igo, eta badago jendea ez duena baldintza jakin batzuetan lan egin nahi. Hori da oraingo errealitatea».
Lanbideko ikertzailearen ustez, baldintzen okertzeagatik «tentsio handia» sortu da lan hitzarmenen negoziazioetan, eta areagotu egingo da datozen hilabeteetan. «Negoziazioa da enpresa edo sektore batzuek oraintxe duten tresnarik eraginkorrena langile defizita konpontzeko. Hein batean, ulergarria da enpresak zuhurrak izatea, krisi energetikoak ekoizpen kostuak asko handitu dituelako. Ziurgabetasun handiko negoziazio prozesuak bizi ditugu, baina enpresek gaitasun ekonomikoa eta bitartekoak —langileak— dituzte oraintxe egoera hori konpontzeko. Beste kontu bat izango da bost urte barru: litekeena da orduko tentsio demografikoek askoz ere gehiago zailtzea egoera, eta orduan bai, orduan arazo estruktural bihurtzea langile falta».
Herrialdeen artean lehian
Iritzi horrekin bat dator Juan Ganboa, Deustuko Unibertsitateko Orkestra Lehiakortasunerako Euskal Institutuko kidea. «Egiturazko arazo bihurtuko da biztanleriaren zahartzea larriagotuz joan ahala, eta talentuari eusteko edo erakartzeko lehia globala handituz joan ahala».
Ikertzailearen arabera, lanari buruzko ikuspegia aldatzen ari da, bereziki gazteen artean, baina ez bakarrik. «Hori gero eta argiago ikusten da egiten ditugun ikerketetan. Familia da bizitzaren alderdirik garrantzitsuena, lanaren aurretik. Bestalde, adin tarte guztiek lehentasuna ematen diote soldata ona izateari, baina baita ordutegi egokia eta kontziliazioarekin eta bizi kalitatearekin loturiko beste elementu batzuk izateari ere».
Ganboaren ustez, langileak erakartzeko edo langileei eusteko ezinbestekoa izango da «baldintza erakargarriak» eskaintzea, eta azpimarratu du alor horretan sektore batzuetan badutela zer hobetu —ostalaritzan, garraioan eta merkataritzan, besteak beste—, eta bereziki enpresa edo negozio txiki eta ertainetan. «Enpresarien elkarteak agerian uzten ari dira lanpostuak betetzeko zailtasunak dituztela, hautagairik ez dagoelako eta inguruko lurraldeetara edo atzerrira alde egiten dutelako. Herrialdeen artean lehia global bat dago langileak eta talentua erakartzeko, eta egoera honetan hemengo enpresek badute ardura, bereziki lan baldintzen alorrean».
Ikusi gehiago:Kamioiek ez dute nork gidatu
Confebaskeko arduradunak ez du hori ukatzen, baina azpimarratu du «Espainia mailan» Hego Euskal Herrian daudela soldata onenak, eta kanpora joaten diren langileak ez direla asko. «Gainera, bitik bat bizpahiru urteren buruan itzultzen da, eta kopuru hori ez dago gaizki. Egia da kanpoan soldata hobeak dituztela, baina prezioak ere handiagoak dira. Normalean, esperientzia bila joaten dira, baina gero itzuli nahi izaten dute».
Edonola ere, aitortu du euskal enpresek badituztela etxeko lanak, eta horretan ari direla azpimarratu du. «Soldatez gain, beste alor batzuk aztertu behar ditugu: kontziliazio neurriak, malgutasuna, karrera planak... Halako ideiak lantzen ari gara, guk diogun enpresa kultura berria sendotzeko. Soldatekin ezin badugu lehiatu, beste alor batzuetan egin beharko dugu. Horrez gain, Euskadi lanerako herrialde gisa erakargarriago bihurtu behar dugu atzerrian, langileak etor daitezen. Beste herrialde batzuetan ari dira, eta ezin gara atzean geratu».
Lanbideko arduraduna neurri batean bat dator horrekin, baina ñabardura batzuk egin ditu. Langileak kanpotik ekarri baino lehen, daudenak alde egitea eragotzi behar da, haren ustez. «Talentua nahi badute, enpresek baldintza onak eskaini beharko dituzte. Baina nahi dutena beste zerbait bada, agian sektore batzuek onartu beharko dute soldata horiek eskainita ezin izango direla lehiatu».
Lana utzi, hobea aurkitzeko
Dimisio handia. Izen hori du 2020ko udatik herrialde batzuetako eta bereziki AEBetako lan merkatuetan gertatzen ari den fenomenoak. Milaka langilek lanpostua utzi dute baldintzekin ados ez zeudelako. Lanbideko arduradunaren ustez, Euskal Herrian gertatzen ari denak ez dauka zerikusirik horrekin. «AEBetako langabezia tasa %3,5 da. Datu horren arabera, lan eskaintzaren eta eskariaren arteko orekan langileek negoziatzeko indar handiagoa daukatela sentitzen dute. Hori ez da gertatzen hemen; langabezia tasa handia da oraindik, %10 ingurukoa. Hala ere, gutxitzen ari da, eta baliteke urte batzuen buruan beste herrialde batzuetako egoerara gerturatzea».
Confebaskeko kidearen ustez ere ezin da dimisio handi bati buruz hitz egin. «Hemen ez dago beste herrialde batzuetan dagoen langile mugikortasuna. Ez gaude ohituta lan bat beste batekin aldatzera edo bizilekuz aldatzera». Kontzeptu horren ordez, beste bat proposatu du: «erretiro handia». Datuak argiak dira: egun lanean dauden lau langiletik batek erretiroa hartuko du hamarkada honetan, eta sortuko diren hamar lanpostutatik lau ordezkapenekoak izango dira.
Erakundeen arabera, enpleguak hazten jarraituko du hamarkada honetan. Confebaskek espero du aurten 10.000 lanpostu sortzea, eta 2030era arte joera horri eutsiko zaiola diote Hego Euskal Herriko enplegu zerbitzu publikoek egindako prospekzioek: hamarkadaren amaieran, gaur egun baino 115.000 lanpostu gehiago egongo direla kalkulatu dute (+%9,4). Dena den, aurreikuspenak zuhurtzia handiz hartu behar direla ohartarazi dute.
Nolanahi dela ere, Lanbideko arduradunak uste du testuinguru «erakargarri» bat sortuko dela lan merkatura sartuko diren belaunaldientzat. «Lanpostu aukera gehiago eta hautagai gutxiago egoteak lan baldintza hobetzera behartuko ditu enpresak». Horrek, halere, «zenbait tentsio» eragin ditzakeela ohartarazi du, lan merkatuan eta beste sistema batzuetan: osasungintzan, hezkuntzan eta pentsioetan, besteak beste. Azken ideia hori nabarmendu du Confebaskeko kideak ere. «Arazo demografiko bat dugu. Lanpostu asko gal daitezke, eta horrek kalitatean eragina izan dezake pentsioen sisteman, barne produktu gordinean, zerga bilketan eta, ondorioz, zerbitzu publikoetan».
«Benetako» beharrak
Eta zein sektoretan dago langile defizitik handiena, eta zeinetan egongo da? Patronaleko kideak azaldu du lanbide guztietan daudela gabeziak, eta bereziki prestakuntza zehatza eskatzen dutenetan, «industriako alor teknikoetan nagusiki, eta informatikaren lotura duten lanpostuetan gehienbat». Lanbideko arduradunarentzat, «oso zehaztugabeak» dira azalpen horiek, baina baita INEren estatistikak ere. «Enpresek langile falta dutela diote, eta estatistikek hori jasotzen dute. Baina ez da zehazten zein lanpostutan dituzten hutsuneak, zer soslai behar dituzten, lanpostu horietarako zenbat langile behar dituzten... Datu horiek findu eta objektibatu behar dira». Helburu horrekin, Lanbidek lantalde bat sortu du, eta aldian-aldian enpresarien elkarteekin eta klusterrekin bilduko da behar horiek ikuskatzeko. Orkestran ere ari dira lan horretan.
Dena den, Ramosek uste du gaur egun patronalak aipatzen dituen soslaiak dituzten adina pertsona badaudela langabezian; hala ere, ez du ukatzen aurrera begira arazoak sor daitezkeela, ikasketa eta esperientzia jakin batzuk eskatzen dituzten lanetarako bereziki. «Egia da enpresetan gaitasun berrien beharra bizkortzen ari dela, eta hezkuntza sistemak ez duela nahikoa gaitasun abiada horretan egokitzeko».
Ganboaren iritzian, «urrats handiak» egin dira hezkuntzan, eta nabarmendu du Hego Euskal Herriko biztanleria aktiboaren kualifikazioa Europako eskualdeen artean handienetako bat dela; hala ere, STEM trebetasunetan —zientzian, teknologian, ingeniaritzan eta matematiketan— gabeziak daudela azpimarratu du. «Alor horretan bokazioak piztu behar dira, eta bereziki emakumeen artean». Horrez gain, beste arazo bat dago, Orkestrako ikerlariaren arabera. «Enpresa askok nahi izaten dute langileek hainbat trebetasun izatea, eta pertsona bakarrarekin edo gutxi batzuekin behar horiek bete nahi dituzte, baina hori lortzea zaila izaten da, batez ere osagai digital garrantzitsua duten soslaietan».
Denek diagnostiko bera egin ez arren, argi dute aurrera begira trantsizio digitalarekin eta energetikoarekin loturiko lanetan sortuko dela aukera gehien, eta azpimarratu dute alor horietan ahalegin berezia egin beharko dela langileak trebatzeko, bai hezkuntzan eta bai enpresetan, etengabeko formakuntzaren bidez.
Lanpostu gehiago eta langile gutxiago. «Negu demografiko bat» datorrela diote, eta ordurako prestatu beharra dagoela.
Langile falta
LANGILEAK, BAINA EZ EDOZEIN BALDINTZATAN
Lanpostu batzuk betetzeko gero eta zailtasun handiagoak dituzte enpresek, hautagaien kualifikazio faltagatik edo eskaintzen dituzten lan baldintzengatik, eta arazo demografikoak alarmak piztu ditu: lau langiletik batek erretiroa hartuko du hamarkada honetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu