Minbizia. Nazioarteko eguna

Minbizia: muinera hamar galderatan

«Minbizia duzu». Milaka pertsonak jaso ohi dute diagnostiko hori, eta heriotzen kausa nagusia da. Kezka askoren motiboa izaten da minbizia, eta informazioa ezinbestekoa da ilunean argia jartzen ahalegintzeko.

Ikertzaile bat minbiziari buruzko ikerlan batean lanean. K. GRUNERT / EFE.
arantxa iraola
2022ko otsailaren 5a
00:00
Entzun

Hotzikara eragiten duen hitza da. Pronostiko ilunekin eta tratamendu makurrekin lotzen da sarri minbizia. Medikuek esan ohi dute kontuan hartu behar dela zer minbizi «mota» den, eta gaitzaren «eboluzio fasea»: aldagai asko hartu behar dira aintzat eri bakoitzaren prozesua nolakoa izan daitekeen iragartzeko. Baina Donostialdea Erakunde Sanitario Integratu ESIko onkologo Laura Basterretxeak onartu du diagnostikoaren jakinarazpena, oro har, une aski zaila izaten dela: «Diagnostikoaren aurrean, oso garrantzitsua da mediku taldeari galdetzea zer pronostiko dugun; proposatzen zaizkigun tratamenduetatik zer espero daitekeen». Baina ez da beti gertatzen: «Egun, paziente askok ez dute pronostikoari buruz galdetzen; segur aski entzuteko gai ez diren atsekabe baten beldur dira».

 

Ikusi gehiago:

«'Leuzemia' hitza esatea ere kostatu egin zitzaidan»

«Malkoak barruan gorde behar dituzu askotan»

«Aldarrikatzen dut nire gorputza bular bakarrarekin»

«Pazienteari entzun egin behar dio medikuak»

Eta kezka horren atzean, oro ez dira aurreiritziak. Espainiako Onkologia Medikoko Elkarte SEOMek eman du asteon datua: jaio eta 80 urte bete arte, gizonek minbiziren bat izateko %40ko arriskua dute; andreek, %27koa. Adinen gora egin ahala, arriskua handitu egiten da, nabarmen. Eta heriotzen kausa nagusia dira gaur egun tumoreak. Hegoaldean 2020an izan ziren heriotzen laurdena tumoreen ondorio izan ziren: 7.811 heriotza, INE Espainiako Estatistika Institutuaren arabera. Atzo izan zen minbiziaren nazioarteko eguna. Informazioa funtsezkoa da, eta oinarrizko hainbat galdera erantzuteko ahalegina egin du Basterretxeak.

ZER DA MINBIZIA?

«Minbizi terminoak zelula anormalen garapenaren ondorioz sortzen diren gaixotasun ugari biltzen ditu», azaldu du Basterretxeak. «Ia edozein organo edo ehunetan ager daiteke». Hain justu ere, 200 minbizi klaseren berri badute egun adituek. Minbizi bat dagoenean, zer gertatzen da organismoan? Aurrena, eritu gabeko organismoaren funtzionamendua azaldu nahi izan du onkologoak: «Gorputzak behar dituenean, ugaritu egiten dira zelula normalak; aldiz, hil egiten dira hondatzen direnean, edota gorputzak ja behar ez dituenean». Minbizietan, ordea, bestelakoa da fenomenoa: «Zelulak kontrolik gabe hazten hasten dira; ondorioz, azkarregi bana daitezke gorputzeko edozein lekutan, eta ez dira modu normalean hiltzen». Tumore hitzarekin lotzen dira usu minbiziak, baina badira tumorerik gabeko minbiziak ere: esaterako, odol jatorrizkoak. Bada aintzat hartzeko beste jakingarri bat ere: «Tumore guztiak ez dira minbizi sortzaileak izaten». Minbizi klase batzuk askoz ere usuago agertzen dira beste batzuk baino. Osakidetzak Euskadiko Plan Onkologikoa ondu zuen 2018. urtean —2023 arteko asmoak ditu jasota, eta, han ematen diren diren datuen arabera, gizonetan ohikoenak dira prostatako minbizia, kolon-ondestekoa eta biriketakoa; andreetan, bularretakoa, kolon-ondestekoa eta biriketakoa.

BETI DA LARRIA?

Basterretxearen arabera, handitzen ari da «minbizia izateko arriskua». Eta datuetan agerikoa da igoera; Osakidetzak jasoa du azken urteotan gizonen artean %0,3 ugaritzen ari direla urtez urte minbizi diagnostikoak; emakumeen artean, berriz, %1,7. «Baina minbiziak eragindako heriotza arriskua nabarmen jaitsi da azken bi hamarkadatan», zehaztu du. Hala ere, ezin da ukatu: prozesu oso zailekin lotuta dago oraindik sarri. «Minbizia diagnostikatu dieten gaixoen %50 inguru diagnostikoa jaso eta bost urtera bizi badira ere, minbizi aurreratuak dituztenek, adibidez, askoz ere bizi esperantza laburragoak izaten dituzte». Minbizi klaseen arabera, aldea handia da. Datuak horren erakusgarri, berriro: Osakidetzak 2002-2012 hamarraldian jasotakoak, adibidez. Gizonetan, prostatako minbiziaren diagnostikoa izan eta bost urtera erien %89,9 bizirik zeuden; pankreako minbiziarekin, berriz, %6,4. Andreek tiroideetako minbiziarekin izan zuten eboluzio onena: %91 bizirik zeuden bost urtera; pankreakoarekin, %10.

ZER DA METASTASIA?

Beldurra eragiten duen beste hitzetako bat izaten da metastasia: gaitza zabalduta dagoela adierazten du. «Minbizia inguruko ehun eta organoetara zabal daiteke inbasio prozesu baten bidez».

ZEIN DIRA TRATAMENDURIK OHIKOENAK?

«Minbizia tratatzeko era asko daude», azaldu du Basterretxeak. Paziente bakoitzaren egoeraren arabera erabaki behar da zer egin. «Kirurgia, kimioterapia, erradioterapia, immunoterapia, terapia zuzendua eta hormonekin egindako terapiak». Hortxe zerrenda. «Zenbaitetan, horietako bakar batekin aski izango du pazienteak; beste hainbatek, berriz, bat baino gehiago behar izango dituzte». Badira berri onak, aurrerapausoak: «Iraultza nagusietako bat doitasunezko medikuntza izan da: erabaki terapeutikoak modu pertsonalizatuan ezartzea dakar, paziente bakoitzaren tumorearen ezaugarri genomiko eta molekularren arabera».

TRATAMENDU DENAK DIRA MAKURRAK?

Usu ahapeka aipatzen dira minbiziaren aurkako tratamenduak, kezkaz, eragiten dituzten albo ondorioen gainean usteak eta susmoak —bizipen asko ere bai, benetakoak— handiak direlako. Basterretxearen arabera, zenbait tratamenduk albo ondorioak dituzte, baina ez dira beti uste bezain bortitzak: «Kimioterapiaren albo ondorioen tratamendua, adibidez, asko hobetu da azken 20 urteotan». Eta adierazi du tratamenduan dauden pertsonen gaineko hainbat aurreiritzi apurtzera egin behar dela: «Askotan, adibidez, ilea galtzea tratamendu oso bortitzekin lotzen da, baina ez du zerikusirik». Botika batzuk dakarten albo ondorioa da, baina ez du esan nahi beti pertsona hori tratamenduek abailduta dagoenik. Areago, tratamenduaren zenbait fasetan «ariketa fisikoa» bera guztiz gomendagarria da, Basterretxearen aburuz.

GUZTIZ SENDATZEN AL DA?

«Jakina, gero eta gaixo gehiago sendatzen dira», argi eman du mezua Basterretxeak. Tratamendu motaren bat —edo bat baino gehiago— jaso, bolada batean ezarritako kontrolak egiten jarraitu, eta «guztiz» osatzen diren gaixoak badira. Aukeretako bat da: «Minbizia tratatzean, hainbat egoera plantea daitezke: gaixotasunak aurrera egitea, egonkor jarraitzea, tamaina txikitzea, edo desagertzea». Kontsultetako albiste onak gero eta ohikoagoak dira. «Azken 40 urteotan biziraupena bikoiztu egin da». 

BIZI OHITUREK ZER ERAGIN DUTE?

«Oro har, kanpo faktoreek minbizien %90en sorreran eta garapenean eragiten dute, eta horien erdiak arrisku faktoreek eragiten dituzte», azaldu du Basterretxeak. Osasunaren Mundu Erakunde OMEren arabera, minbizien %30-50 inguru saihestu egin daitezke. Bost arrisku faktore aipatzen dira, bereziki: «Tabakoaren eta alkoholaren kontsumoa, gorputz masa indize handia, fruta eta barazki gutxi hartzea, eta ariketa fisikorik ez egitea».

ETA GENEEN ERAGINA ZEIN DA?

«Minbizia duten pazienteen %15-20k aurretiko familia aurrekariak dituzte», onartu du Basterretxeak. Eta zenbaitetan gene jakin batzuek duten eragina ezaguna da: «Kasuen %5-10ean, gene jakin bateko alterazio bat hauteman daiteke, familiako kideen minbizien garapena azaltzeko». Era horretan, pertsona horiei aparteko kontrolak egiteko era izaten da egun, alterazio hori baduten jakiteko, eta, gaitza agertzen bada, ahalik eta lasterren tratatzeko. 

ETA INFEKZIOENA?

Infekzioek ere eragina dute minbizietan. «Mundu osoko kasu berri guztien %10-13 infekzioen ondorio dira», zehaztapena egin du Basterretxeak: «Birusek minbizia izateko arriskua handitu egin dezakete». Giza papilomaren birusa lotzen da, adibidez, umetokiko lepoko minbiziarekin; B hepatitisaren eta C hepatitisaren birusak, gibeleko minbiziarekin; GIB birusa, besteak beste, Kaposiren sarkomarekin.

HASIERAN DIAGNOSTIKOA EGINDA, BETI HOBETO?

Oro har, bai: «Diagnostiko goiztiarrenek tratamendu aukera gehiago emango dizkigute». Baina Basterretxeak gogora ekarri du gai honetan ere badirela aintzat hartzeko beste aldagai batzuk: «Hain zuzen ere, pronostikoa tumore motaren eta paziente bakoitzaren ezaugarrien araberakoa da izaten da». Alde horretatik, egun badira martxan gaixotasuna «klinikoki» agertu aurretik minbiziak atzemateko baheketa programak. «Helburua izaten da tratamendua goiz hasi ahal izatea, pronostikoa hobetzeko». Badira horien eraginkortasuna auzitan jartzen duten ahotsak ere, baina errotuta daude osasun sistemetan. Osakidetzak martxan ditu bularreko minbizia, kolonekoa eta umetokiko lepokoa atzemateko programak; Ipar Euskal Herrian ere martxan daude, eta Osasunbidean lehenengo biak ezarrita dituzte, eta hastekoak dira hirugarrenarekin.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.