Nafarroako ekonomiari buruzko txostena

Nafarroako ekonomia 2022aren hasieran iritsiko da pandemia aurreko mailara

Laboral Kutxaren arabera, ekonomia %6,4 haziko da aurten, eta 2022an %6,7. Joseba Madariaga ekonomistak ohartarazi du hornidura arazoek luze irauten badute susperraldia baldintzatuko dutela

Joseba Madariaga Laboral Kutxako Ikerketa zuzendaria, atzo, Iruñeko Tres Reyes hotelean, egungo egora ekonomikoari buruz azalpenak ematen. IÑIGO URIZ / FOKU.
joxerra senar
<i>Iruñea</i>
2021eko urriaren 23a
00:00
Entzun
Gutxi falta zaio Nafarroako ekonomiari pandemia aurreko egoerara ailegatzeko. Atzo Laboral Kutxak aurreratu zuenez, 3,4 puntuko tartea geratzen zaio barne produktu gordinari 2020ko otsaileko mailara itzultzeko. Datorren ostiralean kaleratuko da hirugarren hiruhilekoko hazkundearen datua, eta Elma Saiz Ekonomia eta Ogasun kontseilariak zehaztu zuen tartea are gehiago estutzea espero dutela —beste 1 edo 2 puntu inguru, zehazki—. Hala, 2022an gaindituko du Nafarroak mugarri hori; hain zuzen, urte hasieran gainditzea espero da.

Horrek ez du esan nahi ekonomiaren gainean hodeitzarrak pilatzen ari ez direnik. Izan ere, nazioarteko testuinguru ekonomikoa «konplikatua da», eta ez dago argi etorkizunak zer ekar dezakeen. Hala nabarmendu zuen atzo Joseba Madariaga Laboral Kutxako Ikerketa zuzendariak, Iruñeko Tres Reyes hotelean. Egungo egoeran eragiten ari diren zergatien berri emateaz gain, etorkizuneko nondik norakoak azaldu zituen. Galdera-erantzunen txanda iritsi zenean, Elma Saiz eta Mikel Irujo Nafarroako Gobernuko kontseilariak eta Javier Kortajarena Laboral Kutxako lurraldeko zuzendariak parte hartu zuten. Gonbidatuen artean, lurraldeko enpresaburuen ordezkaritza bat izan zen.

Ekonomia ez da makina bat

Adituek espero zuten konfinamendutik atera ahala suspertuko zela ekonomia. «Krisi hau aurrekoaren desberdina da. Osasun larrialdi batek eragin du, eta, krisiak oro har txarrak badira ere, baikorrak ginen. Pentsatzen genuen pasatu ahala azkar suspertuko ginela. Ez da horrela izan», aitortu zuen Madariagak.

Errealitateak erakutsi du ekonomia ez dela piztu eta itzal daitekeen makina bat, eta, neurri handi batean, pandemiaren ondorioek eragin dute. Iazko udan eta udazkenean azaldu ziren arazoak, konfinamendua atzean utzi eta jarduera bere onera itzuli zenean. Indarrez suspertu zen eskariari erantzun nahi izan zieten enpresek, baina, biltegietako stockak agortu ahala, munduko hornidura katea ez zen gai izan haien beharrak asetzeko.

Iragan urte amaieran hasitako eskasiak gaurdaino iraun du, eta ez dago argi noiz amai daitekeen. Madariagaren arabera, txertaketaren inguruko desorekek zeresana dute, besteak beste: herrialde garatuetan pauta osoa hartua dute herritarren %60k —Hego Euskal Herrian txertatuta daude %80tik gora—, baina garabidean diren herrialdeetan %20 inguruk. Desberdintasun horiek nazioarteko hornidura kateko inbutu efektuak sortu dituzte.

Eskasiaren adibide argiena erdieroaleen krisia da. Nafarroako industria pandemia aurreko egoerara itzuli da, eta, 2019ko jarduerarekin alderatuta, %2,2 gehiago handitu da. Haatik, autogintza %25 beherago dago, Volkswagenek aurten hainbat egunez gelditu egin behar izan baitu produkzioa —urrian, kasu, lau egunez—. Asteon bertan langile batzordeak azpimarratu duenez, arazoa konpondu ordez handitzen ari da. Horregatik, Madariagak uste du krisi hori 2022an ere nabarituko dela, nahiz eta Alemaniako auto industriaren txosten batek iragarri urte amaierarako konponduko dela.

Erdieroaleen krisia alde batera utzita ere, hornidura arazoak dituzte enpresek, batik bat mineral eta metal lehengaiak behar dituztenek. Mikel Irujo Garapen Ekonomikoko kontseilariak uztailean izandako bilera baten xehetasunak kontatu zituen; hartan, industriako enpresek helarazi zioten «kezka handia» zutela: «Zamaontzietako edukiontzi batek 1.000-2.000 euro balio zuen lehen, eta, orain, berriz, 20.000 euro balio du, edo, zuzenean, ez dago ontzirik eta hegazkinez egin behar da. Mundu mailako arazo bat da. Txinak munduko altzairuaren bi heren esportatzen zituen, eta inportatu egiten ditu. Eskasia erabatekoa da. Los Angelesko portua, adibidez, erabat kolapsatuta dago».

Eskasiak lehengaien eta energia kostuen garestitzea eragin du, eta horrek inflazioa igotzea ekarri, Europan eta Ameriketako Estatu Batuetan. Era berean, Madariagak ohartarazi zuen salneurrien tenkatzearen ondorioz kontsumoa apaltzen hasi dela uztailetik: ekonomia moteltzen hasi da.

Norantz joko du, baina, ekonomiak? Madariagaren ustez, egungo mundu mailako hornidura arazoak bizpahiru hiruhilekotan konponduz gero, 2020 erdialderako, ekonomiak abiada hartuko du berriz; aldiz, lehengaien eskasiak eta inflazioaren arriskuak luze irauten badute, susperraldia baldintzatu dezakete.

Horregatik, Laboral Kutxako Ikerketa zuzendariaren arabera, inflazioaren gorakada ikusita, diru politikaren kontrola duten banku zentralek egoera zail bati aurre egin beharko diote. «Diru politikaren aldaketa albiste txarra da. Etorri, etorriko da, baina ez dut uste berehalakoan helduko denik, EBZk oraindik ere erantzuteko tartea baitu». Izan ere, %1,8koa da egun euroaren eremuko azpiko inflazioa —prezioetan berehalako eragina duten elikagai eta energia kostuak aintzat hartzen ez duen datua—, eta EBZk prezioen kontrolerako %2ko muga jarri ohi du xede gisa. Bestetik, pandemiaren ondorioz estatuen zorra erosteko programa martxora artekoa da.

Martxotik aurrera, adi egon beharko da. Gakoa da inflazioaren mehatxua behin-behinekoa edo iraunkorra ote den. Iraunkorra balitz, ekonomia gehiegi berotzeko arriskua dago, eta baliteke EBZk interes tasak igotzea eta zorra erosteari uztea. Dena den, Madariagak uste du EBZk «malgutasunez» jokatzeko aukera duela.

Oraingoz, uztaileko aurreikuspenei eutsi egin die Laboral Kutxak. Aurten Nafarroako ekonomia %6,4 eta datorren urtean 6,7 haztea espero du. Abenduan berrikusiko ditu datuok; orduan ikusiko da egoerak zenbateraino eragin duen.

Gobernua, baikor

Dena den, Elma Saiz kontseilaria baikor dago. «Datuek erakusten dute susperraldia ez dela desio bat, errealitate bat baizik». Nafarroan, iaz epe berean baino %19 gehiago bildu da zerga bidez, eta 2019an baino %7 gehiago. Langabezia, berriz, «2020ko otsailekoaren antzekoa da», eta aldi baterako erregulazio espedienteen kopurua nabarmen apaldu da. Saizek onartu zuen gobernua kezkatua dagoela inflazioarekin, eta esan zuen hori aintzat hartuko dutela parlamentuan orain eztabaidatzekoak diren zerga neurrietan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.