Koronabirusa. Zahar etxeak

Berandu erreparatutako fokua

Adituek diote erraza dela COVID-19a adinekoen egoitzetan hedatzea, zentroon ezaugarrien ondorioz, baina birusari aurre egiteko neurri eta baliabide egokirik ez dela jarri berretsi dute zenbaitek

Donostiako Berra zaharren egoitzan 25 gaixo hil dira martxoaren 20az geroztik, ELAren arabera. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Maite Asensio Lozano.
2020ko apirilaren 17a
00:00
Entzun
Asaldura eragin dute zahar etxeetan COVID-19az gaixotutako eta hildako adinekoen inguruko kopuruek. «Eta sentsazioa da erakundeak ez direla ari datu guztiak ematen, saiatzen ari direla errealitatea eztitzen. Guk ditugun zenbakien arabera, kasuak gehiago dira», ohartarazi du ELA sindikatuko kide Txomin Lasak. Baina zer gertatzen ari da zentro horietan? Zergatik erasan die hain gogor koronabirusak? Langileek eta egoiliarren senideek urteak daramatzate egiturazko gabeziak salatzen, eta uste dute abiapuntu ahul horrek eman diola bide egunotako sarraskiari. Hala uste du Enrique de la Peñak, Bizkaiko familiarren Babestu elkarteko presidente eta lehen arretako medikuak: «Ezer gertatzen ez bada, sistemak funtzionatu egiten du, baina, halako krisi batek tentsioa eragiten badu, hautsi egiten da».

«Denbora beharko dugu jakiteko zehazki zer gertatzen ari den», adierazi du Maria del Rio Zuzenbidean doktoreak; «Europa osoan antzera gertatzen ari da: krisia larrien jasaten ari den kolektiboa da adinekoena, eta heriotzen portzentaje handiak egoitzetan izaten ari dira, %50aren bueltan». Euskal Herriko eta Europako datu horietako batzuk biltzen ari da Joseba Zalakain Donostiako SIIS ikerketa zentroko zuzendaria, baina ohartarazi du goiz dela ondorio argiak ateratzeko. «Hipotesiak baino ez ditugu. Baina argi dago zahar etxeak leku aproposak direla birusaren ezaugarrietarako: leku itxiak dira, espazioak konpartitzen dira, adineko jendea bizi da, eta askok gaixotasunak dituzte. Baina guztietan ez da gauza bera gertatzen ari».

Haren ustez, hainbat aldagaik eragin dezakete zentroetan kutsatzeak hedatzea edo izurriari eustea: «Faktoreetako bat da kokapena: transmisio komunitarioetatik babesteko, ez da gauza bera egotea intzidentzia asko edo gutxi izan den eskualde batean. Egoitzaren azpiegitura da beste faktore bat: zer egitura arkitektoniko duen, banakako zenbat gela, espazio txikiak edo handiak dauzkan eta, horren arabera, zer elkarbizitza dagoen... Baita nolako populazioa duen ere: egoiliarrek mendekotasun handiak dituzten edo autonomoagoak diren». Eta faktore horien artean kokatu du zentro bakoitzak emandako erantzuna: «Noiz hasi ziren egoitzak ixten eta neurriak hartzen, langileak kutsatu diren, baliabide nahikoak dituzten, lortu al duten gaixoak bakartzea...».

Hain justu, hainbat eragilek erreakzioa desegokitzat jo dute. «Egia da bat-batean etorri dela krisi soziosanitario hau, baina prebentzio neurriak berandu hartu dira, protokoloak ez dira egokiak izan, eta ez da baliabide nahikorik jarri», adierazi du Del Riok. Adinekoen egoitzak kudeatzeko ereduari erreparatu dio De la Peñak: «Honen guztiaren oinarria ideologikoa da». Sektorearen pribatizazioaz mintzatu da: «Mendekotasun legeak eremu publikoaren eta pribatuaren arteko elkarlana jasotzen du bere printzipioetan, baina horrek eragin du edadetuen zaintza ia guztia eremu pribatura bideratzea; toki publiko apurrak ere kudeaketa pribatukoak dira. Eta horrek arazo bat dakar: enpresen helburua da etekin ekonomikoak ateratzea zerbitzu baten truke. Halako krisi baten aurrean, gai al dira adinekoen ongizatea etekinen aurretik jartzeko? Kostatuko zaie».

«Kontrol zorrotzik ez»

Erantsi du sektoreak ondo funtziona dezakeela «ondo araututa eta kontrolatuta badago», baina ez du uste hala denik: «Menuen eskaera neurtzen dute, baina ez dute neurtzen zenbat egoiliarrek duten desnutrizioa; langileen ratioa neurtzen dute, baina ez dute neurtzen zenbat denbora duten arretarako; neurtzen dute zein tamaina duten leihoek, baina ez egoiliarrak zenbatetan erortzen diren, zenbatetan lotzen dituzten, edo presio ultzerak al dituzten. Eta hori neurtu ezean, ezin da kontrol zorrotzik egin, eta arreta hondatu egiten da». Kudeaketa eredu horrek «bizitza merkaturatzea» ekarri du, Lasaren arabera: «Adinekoen bizitzari prezio bat jarri diote, eta emakumeak esplotatzen dira sistema sostengatzeko eta irabaziak mantentzeko. Kapitalismoaren aurpegi bortitzenetakoa da sektore hau».

Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Zerbitzuetako Sailean Plangintza, Inbertsio eta Prestazio Ekonomikoetako zuzendari izan zen Del Rio EH Bilduren agintaldian, eta gerora ere aztertua du eremua: «Sistemaz ez, sistemez hitz egin beharko genuke: lurralde bakoitzean eredu eta irizpide desberdinak daude. Baina, oro har, sektore prekarizatua eta feminizatua da» Halere, nabarmendu du erakundeek eskumenak dituztela alorrean: «Egoitzak publikoak ez izateak ez die ardurarik kentzen, ez aldundiei, ez Eusko Jaurlaritzari ere. Azken batean, legez eskubide subjektiboak dira zaintza horiek».

Sektorea, gatazkan

Koronabirusak utzitako kopuruen harira ozentzen ari da eredua berraztertzeko aldarria, baina Del Riok oroitu du eskaera hori aspaldikoa dela: «Krisi hau hasi zenean Gipuzkoako egoitzetan greban zeuden, eta aurretik Bizkaian ere izan zen gatazka luze bat; senideek esana zuten egoera jasanezina dela, baita adituek ere. Bagenekien zer gertatzen ari zen». Greban zegoen sindikatuetako bat da ELA; lanuzteak bertan behera utzi zituzten. «Ordurako ikusten ari ginen Gasteizko zahar etxeetan bazeudela kasu asko, eta esan genuen birusa egoitzetara sartzen bazen egoera larriak izango zirela: lantaldeak oso eskasak dira, azkar egin behar dute lan, eta zaintzean zaila da segurtasun distantziak mantentzea, erabiltzaileak garbitu eta mugitu behar direlako». De la Peñak ere adierazi du ez zela abiapuntu egokiena larrialdi bati aurre egiteko: «Arazoa denean estrukturalki langile nahikorik ez dagoela, oso zaila da halako krisi batean azkar jardutea».

Horren seinale dira azken asteetan egoitzetatik iritsitako mezuak: babes ekipamendurik gabe aritu dira, eta azken egunotara arte ez dira hasi dira koronabirusaren probak masiboki egiten; ordurako birusa aise zabaldu da zahar etxeetan, bai egoiliarren bai langileen artean. «Ez dira neurriak jarri», deitoratu du Lasak; «Protokoloak gaizki egin dira, oinarri hartuta materialik ez zegoela, eta ez pentsatuta zein neurri hartu behar zen kutsatzeak eragozteko. Gaizki planteatu da, beste alde batera begiratu da, ez da esku hartu, eta utzi egin da, ea ez zen birusa sartzen. Eta sartu denean sarraskia izan da».

Aitortu du kutsatze eta heriotza guztiak saihestea ezinezkoa zatekeela baliabide gehiago izanda ere, baina gaineratu du kudeaketa pribatuak joera jakin batzuk dakartzala: «Batetik, enpresek ez dute zerbitzu publikoa lehenesten, eta saiatzen dira ardurei uko egiten, kontrataziorik ez egiten, materiala ez erosten; hau da, aurrezten. Eta, bestetik, enpresak eta instituzioak elkarri begira daude; halako krisietan irizpideak eta ardurak argi egon behar dira».

Gainera, larrialdiak agerian utzi du zein konplexua den adinekoen osasun zaintza. Legez, egoitzetan sartzeko lehenetsi egiten dira mendekotasun egoeran dauden pertsonak eta «intentsitate handiko babesa» behar dutenak. «Egoiliar askok patologia anitz dituzte, botika ugari hartzen dituzte eta oso osasun hauskorra dute», berretsi du Babestuko presidenteak. Horrek beste eztabaida bat ireki du zentroetan ematen den osasun artaren inguruan. De la Peñak azaldu duenez, zahar etxe txikietan lehen arretako medikuen ardurapean dago, baina egoitza ertain eta handietan kontratupean aritzen dira osagileak: «Berriro sektore pribatuak kudeatzen du adinekoen osasuna bezalako kontu delikatu bat. Eta baliabideak ez dira nahikoak; adibidez, Barakaldon 230 egoiliarreko zentro batean mediku bakarra zegoen, baina gomendioa da osagile bat egotea 120 egoiliarreko, eta erizain bat 25 egoiliarreko». Zahar etxeen «sanitarizazioa» tentuz aztertu beharreko auzia da, halere, Zalakainentzat: «Egoitzak bizitokiak dira; ezin dira ospitale bihurtu».

Egoitzetan bakartzea

Birusa egoitzetan hedatu denean, berriz, kasuan-kasuan aztertuta erabaki dute pazientea egoitzan bakartu, erietxera bidali ala berariaz prestatutako beste egoitza batera eraman. Denak ospitaleratzea oso konplexua dela esplikatu du De la Peñak: «Batzuentzat oso oldarkorra izan daiteke. Egokiena litzateke eriak bakartzeko areto batzuk okupatzea, horretarako gaitasuna duten egoitzetan, baina askoz langile gehiago beharko lirateke, eta trebakuntza. Ez da gauza bera banakako edo taldekako arreta ematea; soilik babes ekipamendua aldatzeko denbora behar dute langileek».

Beharginak hartu ditu gogoan Lasak: «Oso gogorra izaten ari da haientzat. Sentitzen dute salduta utzi dituztela». Funtsezkotzat jo du zaintza sistema berraztertzea: «Instituzioek ezin dituzte sektore hauek enpresen esku utzi. Bizitzaren defentsak izan behar du lehentasuna». Bat etorri da De la Peña: «Herritarrok hausnartu behar dugu zer arreta merezi duten gure adinekoek, eta zer arreta mereziko dugun guk eta gure seme-alabek. Bake sozialaz ere ari gara: denok etorkizun hori bermatuta izango bagenu, larrimin txikiagoa genuke». Ikuspegia zabaldu beharra gaineratu du Del Riok: «Etxez etxeko laguntza zerbitzuei edo etxeko langileen egoerari ere erreparatu behar zaie. Eredua berraztertu behar da, baina ez soilik zahar etxeena, baizik eta zaintzarena orokorrean».

* Dozenaka lagun kutsatu eta hamabi egoiliar zendu dira Iruñeko Erruki Etxean. Proba masiboak berandutu izanak prebentzioa oztopatu duela gaitzetsi dute bertako iturriek: «Datorkiguna ere ez da izango samurra».

* Koronabirusa atzemateko probak «hilabete berandu» egiten ari dira adinekoen egoitzetan, mediku batek BERRIAri azaldu dionez. Birusa hedatu egin da zentroetan, eta langileak «gainezka» daudela salatu du: «Osasun sisteman utzita eduki ditugu egoitzak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.