Uxue Razkin.
PLAY ETA ENTZUN

Elkarrizketaren artea

2021eko otsailaren 14a
00:00
Entzun
Barruan gaude podcastaren berri izan nuen duela gutxi. Elkarrizketa generoa jorratzen du saio bakoitzean Oier Aranzabalek: pertsona bat elkarrizketatzen du, protagonistaren etxean. Bere babeslekuan. Bere bunkerrean. Gonbidatuaren erosotasuna bilatu nahian, esatariarena kondenatuz bidean. Bat, bi, hiru, probatzen. Entzuten al da?

Bai, entzuten da. Entzuten dira aktoreen, kazetarien, musikarien, idazleen, futbolarien eta abarren hitzak: Eneko Sagardoi, Iratxe Fresneda, Ilaski Serrano, Harkaitz Cano, Arantxa Iturbe, Izaro Andres eta Itziar Ituño, besteak beste. Kartel horrekin, ni ere barruan nago.

Oso zaila da elkarrizketak ongi egitea, solasean aritzea baino gehiago delako, jakina. Batzuetan kazetariek gehiegi hitz egiten dute, elkarrizketatuari hitza kentzen diote edo sakontasunik gabeko galderak bururatzen zaizkie, irteerarik gabeko kale batean sartu izan balira bezala. Kazetariak gonbidatuak entzun behar ditu, eta gaitasuna izan behar du euren esperientziak eta pentsamenduak ateratzeko. Esan gabe doa elkarrizketatuak ere baduela garrantzia sokatira horretan, elkarrizketak ongi egiteko gutxienez bi pertsona behar baitira.

Aranzabal hari ikusezin bati tiraka ari zaio une oro. Agian entzulea ez da jabetuko, eta baliteke gonbidatua ere ez ohartzea, baina mugiarazi egiten du aurrean duena. Elkarrizketa trinkoa lortzen du, galderak eta erantzunak norabide berean doaz. Bat egite hori lortzea ez da batere erraza.

Xehetasunetan daude istorioak, eta anekdotatik sor daiteke kontakizuna, satorrak bat-batean burua lurretik aterako balu bezala. Kasu honetan, istorioetara iristeko galdera egokiak egiten ditu, nahiz eta hasieran inozo samarrak diruditen. Alabaina, kirrinka egin zidan galderak hirugarren pertsonan aditzeak; protagonista aurrean izanda, arraro xamar gelditzen da.

Bereziki gustatu zitzaidan Arantxa Iturberi egindakoa. Metaelkarrizketa izan zen. Iturbek birritan galderak egin baitzizkion Aranzabali, rolak aldatuz horrela. Oso aproposa iruditu zitzaidan, keinu hori Euskadi Irratiko Arratsean saioko aurkezlea ezagutzeko modua ere izan zelako.

Orokorrean, elkarrizketatuari ibilbidea erakusten dio Barruan gaude podcasteko esatariak. Ez du presarik; etorriko dira protagonistaren izaeraren zipriztinak, etorriko da ezarian-ezarian kontakizuna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.