Jose Ramon Alonso. Neurobiologoa, ikerlaria eta dibulgatzailea

«Neurozientzian hardwaretik softwarera pasatzea falta zaigu»

Alonsok esan du gizakien iragana, oraina eta etorkizuna burmuinean daudela. Konplexua bezain interesgarria iruditzen zaio ikertzeko. Gai asko izan ditu hizpide: autismoa, depresioa, usaimena, dibulgazioa... Neuroaniztasunaren aldekoa da.

BERRIA.
Iker Tubia.
2023ko martxoaren 10a
00:00
Entzun
Neurozientzien alorrean ikertzen du, eta, nazioarteko zientzia aldizkarietan argitaratzeaz gainera, blog bat eta hitzaldiak baliatzen ditu bildutako jakintza gizarteratzeko. Jose Ramon Alonso (Valladolid, Espainia, 1962) neurobiologoa da, Salamancako Unibertsitateko katedraduna eta Gaztela eta Leongo (Espainia) Neurozientzia Institutuko ikerlari nagusia. Gaur, hitzaldia emanen du Zientzia Kutxa jardunaldietan, gaztelaniaz: Banpiroarekin neurozientziaz solasean. 18:00etan izanen da, Donostiako Tabakalerako Ruiz Balerdi aretoan, eta Internet bidez ere ikusgai izanen da lotura honetan: tiny.cc/Zientziakutxa.

Zergatik da interesgarria banpiro batekin neurozientziaz hitz egitea?

Dracula filmari keinu bat egin diot. Beldurrezko istorio horretan guretzat garrantzitsuak diren gauza asko agertzen dira: hilezkortasunaren eta heriotzaren arteko zalantza, maitasuna... Gauza horiek burmuinean ditugu. Burmuinean gure iragana dago, gure memoria eta oroitzapenak; gure oraina, izateko manera eta sentimenduak; eta gure etorkizuna, nahiak, esperantzak eta proiektuak.

Hilezkortasuna nahi du gizakiak?

Gainerako animaliekin alderatuta, gizakiak baditu berezitasunak. Esaterako, lotsa: esparru publikoa eta pribatua bereizi ditugu. Hilko garela dakigun espezie bakarra ere bagara, ustez. Horrek irauteko grina sortzen digu, arrastoa uzteko gogoa.

Hilkortasunaren kontzientziagatik pizten dute larritasuna gaixotasunek?

Antzinako beldurrak dira. Beldurra diogu beste batek gu jateari, sugeei edo gaixotzeari. Orain, sendatzeko aukerak ditugu, baina medikuntza XX. mendetik aurrera izan da benetan baliagarria. Gaixotasunak interpretatzeko orduan, ezberdinaren kontra jo izan dugu: etorkina, beste arrazako batekoa... Gai horiek hor diraute, eta horren inguruan hausnartu behar dugu.

Maitasunaren mekanismo neuronalei buruzko liburu bat duzu. Maitasuna burmuinean dago?

Kamisetetan ni eta bihotza paratu beharrean, ni eta burmuina paratu beharko genituzke. Maitasuna burmuinean dago, zalantzarik gabe. Gai garrantzitsua da, gure bizitzaren alor askotan eragiten duelako, bakoitzak bere ideiak izan arren.

Plastikotasun neuronala da zure ikergai nagusia. Garapenaren nahasmenduek eragindako kalteei erantzuteko burmuinak duen gaitasuna, alegia. Nola gertatzen da hori?

Kalteei erantzuteko, baina baita ohiko funtzionamendurako ere. Solasean hasi garenetik, gure burmuinak aldatzen hasi dira; segundoero milioi bat konexio sortzen direla uste dugu. Imajinatu hegaldiaren erdian berreraikitzen den hegazkin bat, piezak eta zirkuitu elektrikoak aldatzen dituena. Hori da gure burmuina; egokitzeko gaitasunak egiten du liluragarri. Prozesu horren oinarrian dagoena da plastikotasuna: geroz eta eraginkorragoa izateko eta gure beharretara erantzuteko egiten dituen aldaketak.

Galdera asko daude burmuinaren egokitzapen horren inguruan?

Esaten denez, giza burmuina da unibertsoko azpiegiturarik konplexuena. Pentsa, minbizia kontrolik gabeko zelula bakarra da, eta ez dugu konpondu arazo hori. Burmuina 86 milioi zelula dira, abiadura azkarrean aldatzen.

Burmuina kaltetua dagoenean, zein dira hori konpontzeko bide nagusiak?

Maila askotan aldatzen da burmuina: aldaketa genetikoak daude, molekuletakoak, zeluletakoak... Adibidez, duela gutxi jakin dugu helduen burmuinean neurona berriak sortzen direla, eta badakigu egunero galtzen ditugula neurona batzuk. Gauza horiek egunerokoan eragiten digute. Zahartzaroaz gainera, badira gaixotasunak edo bestelako aldaketak ere. Autismoa asko interesatzen zait niri. Zer gertatzen zaio haur horren burmuinari jokamoldean halako aldaketak izateko? Oso garai interesgarria da hau, lehenbiziko aldia baita tresna hobeak dituguna; orain arte jorratu ezin izan ditugun gaiak jorratzeko gai gara.

Zergatik erakarri zintuen hainbeste autismoak?

Historia izugarria duelako, agian. XX. mendeko hipotesi nagusietako baten arabera, amaren errua zen, haurra aski ez maitatzeagatik. Hori izugarria da, eta gezurra. Burmuinari buruzko gaietan informazio asko dago, baina baita desinformazio handia ere. Zentzurik gabeko teoriak aurkitu ditut. Bestalde, neurobiologo gutxiren interesekoa da gaia; psikologoek landu dute nagusiki, eta oso ongi gainera.

Zer ekarpen egin dezakezue neurobiologoek?

Autismoaren kausak zehaztea: geroz eta argiago dago harremana duela genetikarekin. Inplikatutako neuronetan gertatzen diren aldaketak ikusteko baliagarria da zelula biologia. Neuroirudi tekniken bidez ikusten badugu aldaketa horiek haurra sortu aurretik gertatzen direla eta bide horretan gaude zentzurik gabeko teoriak baztertu ditzakegu. Ezinbestekoa da autismoaren izaeraren oinarriak ezartzea. Prozesu horiek ulertuta etorriko dira zentzuzko gerturatzeak, aurrerapausoak, terapia berriak eta tratamendu berriak.

Zertan da autismoari buruzko ikerketa?

Burmuinari lotutako gaiak oso konplexuak dira. Berdin alzheimerra, parkinsona eta esklerosi anizkoitza. Duela hogei urteko egoerari begiratuta, izugarri aurreratu dugu; baina, eguneroko beharrei begiratuta, asko ikertu behar dugu oraindik ere.

Depresioari buruz ere idatzi duzu: gaixotasun ikusezina deitu izan duzu. Gaur egun gehiago hitz egiten da horri buruz. Gehiago ikusten da?

Ari gara buruko gaitzen estigma kentzen, baina, norbaitek diabetesa duenean, ez du arazorik lankideei esateko; depresioa duenean, ordea, ez da hain erraza. Urrats handia da onartzea gaixotasun bat dela, badaudela tratamenduak eta jende asko erabat osatzen dela; baina, era berean, gaixotasun krudela da, pertsonek ez dutelako sentitzen eguneroko kontuez gozatzen dutenik, gogo aldarte apala dute, arazo fisikoak dituzte, insomnioa, ongiez orokorra, eta, askotan, pentsatzeko gaitasunik eza. Milioika lagunei eragiten die gaixotasun horrek, eta aurrera egin behar dugu.

Gaur egun depresio kasu gehiago daude lehen baino, edo kasu gehiago atzematen dira?

Zaila da hori jakitea; seguruenik, biak dira egia. Diagnostiko gehiago daude, eta badirudi herrialde garatuei lotuta dagoela. Badakigu estresak bultzatu dezakeela gaitza, eta gizarte hauek gure aitatxi-amatxienak baino estresagarriagoak dira. Era berean, kontzientziazio handiagoa dago. Uste dut garai batean jendea urteetan egon zitekeela izugarri sufritzen laguntzarik jaso gabe.

Zein dira ezagutzen diren kausa nagusiak?

Bi faktore nagusi daude: genetikoak eta ingurukoak, baina gizakietan zaila da batzuetan bi horiek banatzea, inguru beretan bizi baitira familiako kideak.

Usaimenaren gaia ere landu duzu. Zergatik?

Kanpoan dauden neuronak dira. Hipotesi baten arabera, alzheimerra usaimen sistematik sartzen den bakterio batek eraginen luke. Gizakiak ikusmena erabiltzen du nagusiki, baina, usaimenean arakatuz, oso gauza interesgarriak daude. Amei ninien hiru pijama emanda, esaten dute ez dakitela zein den haien niniarena, baina kasuen %90ean baino gehiagoan asmatzen dute. Badago ezagutze prozesu bat. Usaimenak lotura estua du plazerarekin ere, eta oroitzapen gehien pizten dituen zentzumena dela esaten dute.

Zientzia aldizkari berezituetan argitaratzeaz gainera, dibulgazioan buru-belarri aritzen zara.Inportantea da bietan aritzea?

Biak dira beharrezkoak. Zientzia argitalpenak eskatzen dizkigute, aldizkari onetarako, ingelesez... baina mundu hori nahiko mugatua da. 30 urte baino gehiago daramatzat ikerketan, eta 162 artikulu atera ditut nazioarteko aldizkarietan. Esanen nuke 5.000-8.000 lagunengana ailegatuko nintzela. Blogean neurozientziaz hitz egiten dut, eta urtean hiru milioi bisita izaten ditut. Dibulgazioak oihartzun askoz ere zabalagoa du. Nire soldata espainiar guziek ordaintzen dute, zergen bidez; ingelesek dioten bezala, zerbitzari publikoa naiz. Jendeak zientzia ezagutzea nahi dut. Pandemian ikusi dugu zer garrantzi duen zientziak gure bizitzan. Pentsa, Espainian bizi itxaropena 83,55 eta 84 urte artekoa da orain, hor nonbait; 1906an, Santiago Ramon y Cajali Nobel saria eman ziotenean, 34,7 urtekoa zen.

Gaixotasunei aurre egiteko, garrantzitsua da horiek ulertzea?

Bai, baina onartu behar dugu ez ditugula erantzun guziak. Carl Saganek dio zientziaren eta teknologiaren menpekoa dela gizarte hau baina ia inork ez dakiela zientziaz eta teknologiaz. Errezeta horrek erabateko porrotera garamatza. Zuzen dabilela uste dut. Jakin behar dugu nola funtzionatzen duen txerto batek, sakelako telefono batek edo elektrizitateak. Oinarrizkoa da. [Gaurko] Hitzaldian zinemaz ariko gara, eta film batez gehiago gozatu dezakegu zientziaz jakinda. Francis Ford Coppolak Bram Stokerren Dracula eleberriaren irakurketa oso errespetagarria egin zuen, baina baita iradokitzailea ere. Orain, zientzialari batek beste interpretazio bat eginen du zinemagileak eleberriaz dioenari buruz. Hurrenez hurren dauden geruzak dira.

Alegia, zientziak eta arteak korapilatutako adarrak dira?

Bai, noski. Iruditzen zait kultura bat eta bakarra dela, eta hor dena sartzen dela. Zenbat eta aberasgarriagoa izan, ikuspegia zenbat eta askotarikoagoa izan, orduan eta interesgarriagoa da. Stokerrek interes handia zuen zientzian, eta horrek haren eleberria indartu zuen, ezagutza zientifikoak erabili zituelako zenbait gauza planteatzeko. Adibidez, sorterriko lurra gainean eramatearen kontua lotuta dago infekzioekin, babesarekin eta immunitatearekin.

Neurozientzietara itzulita, eta jakinda gaia konplexua dela labur azaltzeko, zein dira egungo erronka nagusiak?

Neuroaniztasuna asko interesatzen zait. Sinplea da: denek ditugu burmuin ezberdinak; beraz, horrek azaltzen du batzuk ezkerrak izatea eta besteak eskuinak; edo batzuentzat beren sexu berekoak izatea erakargarri eta beste batzuentzat, berriz, beste sexukoak. Hori ere gure burmuina da. Luzaz, norma bat onartu da , eta gainerakoak ziren nahasmendu, gaixotasun, aldaketa eta urritasun gisa hartu dira, besteak beste. Begirada berri horrek lagunduko gaitu gogoan hartzen neuroaniztasuna planetaren aberastasunaren parte dela.

Eta beste gairen bat?

Badago ikerketagai bat, agian konplexuena, baina baita interesgarriena ere. Asko dakigu neurotransmisoreez, hartzaileez, sinapsiaz... baina ez dakigu nola bihurtzen den hori pentsamendu edo sentimendu. Alor batzuetan, asko aurreratu dugu: badakigu memoriak nola funtzionatzen duen zelulei dagokienez, eta badakigu memoria bat baino gehiago daudela, ezberdinak, eta diferente funtzionatzen dutela. Baina gauza bat falta zaigu: burmuinetik adimenera pasatzea; hau da, hardwaretik softwarera. Hori da mende honetako gai nagusia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.