Partida arraroa jokatu zuten atzo, Iruñeko Labriten Jaka-Aranguren eta Peio Etxeberria-Rezustak. Aspeko bikoteak irabazi zuen (20-22). Hasiera-hasieratik aurreratu ziren markagailuan Jaka eta Aranguren, baina, zazpi punturen aldea lortu bazuten ere (14-7), amaieran ihes egin zien partidak. Peio Etxeberriaren susperraldiak eman zien laugarren garaipena jarraian Aspekoei. Baikokoak, aldiz, burua altxatu ezinda dabiltza, eta azken postuan jarraituko dute.
Peio Etxeberriak oker ekin zion partidari. Baikoko bikotearen lehenengo lau tantoak Zenotzeko aurrelariak galdutakoak izan ziren, eta partidan sartu ezinda aritu zen. Jaka eta Aranguren ahalegindu ziren Aspeko aurrelaria mugiarazten; ez zioten pentsatzen utzi nahi, eta gozakaitz aritu zen. Baikoek ez zuten partida hasiera bikainik egin, baina, aurkarien hutsak aprobetxatuz, 14-7 jarri ziren aurretik.
Bazirudien Baikokoek bigarren garaipena eskuratuko zutela, baina ez zen halakorik gertatu. Peio Etxeberria gehiago sartu zen jokoan, eta partida zoro bihurtu zuen. Batzuetan asmatuta, eta besteetan huts eginda, baina helburua lortu zuen aurrelariak. Gorriei, nekearekin batera, aurreko partidetako mamuak etorri zitzaizkien gainera, eta, zenbait huts egin eta gero, markagailua berdintzea lortu zuten Aspekoek (19-19), arratsaldean lehenengoz. Zirt edo zart egin zuen orduan Peio Etxeberriak, eta, hasieran huts egindakoen ordainetan, amaieran asmatu zuen.
Iazko finalistetako hiru, gaur
Partida handia jokatuko dute gaur Donostian Laso-Imaz eta Altuna-Tolosak. Iazko lau finalistetatik hiru arituko dira nor baino nor gehiago, eta zaleak aurrelariei begira egongo dira. gaur egungo onenetarikoak baitira. Garaipen bat gehiago dauka Aspeko bikoteak, baina sailkapenean berdintzeko aukera dauka Baikokoak.
Ezin dute mamurik uxatu
Aurretik hasi badira ere, dena alde zutela, 20-22 galdu dute Jakak eta Arangurenek Labriten
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu