Txirrindularitza. Euskal Herriko Itzulia

Ikuskizuna, bermatuta

Gaur hasiko da 2023ko Euskal Herriko Itzulia, Etxebarrian. Donostian amaituko da lasterketa, igandean. Vollering eta Van Vleuten dira faborito nagusiak

Demi Vollering iazko Euskal Herriko Itzulian, Mallabiko etapa garaipena ospatzen, aurkariak atzetik jarraika dituela. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Beñat Mujika Telleria.
2023ko maiatzaren 12a
00:00
Entzun

Euskal Herriko Itzuliak hiru etapa izango ditu, eta txirrindulariek 370 kilometro egingo dituzte guztira. Bizkaitik abiatuko da tropela, eta, Arabatik igaro ostean, Gipuzkoan amaituko da aurtengo Itzulia. Zazpi mendateri aurre egin beharko diete: lehenengo mailako bat, bigarren mailako bi, eta hirugarren mailako lau. Partaideen artean World Team mailako zortzi talde arituko dira, eta Kontinental mailako hamahiru. Han izango dira Movistar, Laboral Kutxa, Bizkaia-Durango eta Sopela.

Lehenengo etapan, txirrindulariek hasieratik aurre egin beharko diete maldei. Ez dira oso gogorrak, baina ibilbidearen erdira arte aldapan gora eta behera arituko dira. Orduan igoko dute Itzuliko lehen mendate puntuagarria: Gontzagaraigana (2,6 kilometro eta %6,5eko pendiza). Etapa garaipena, ordea, hurrengo mendatean izango da jokoan, Urkaregin (5,8 kilometro %4,6an). Txapela helburu dutenek han izango dute mugitzeko aukera, baita maldan behera aldea handitzekoa ere. Egun horretako garaileak Markina-Xemeinen (Bizkaia) jantziko du maillot horia.

Ikusi gehiago:Eneritz Vadillo: «Eman baino gehiago, jaso egin behar dut; ikastea dagokit»

Larunbateko etapa Gasteiztik abiatuko da, eta 133 kilometroko ibilbidea egingo dute txirrindulariek, Amurriora (Araba) iritsi arte. Lehen egunean ez bezala, hasiera lasaia izango du tropelak, eta baliteke La Tejeran gora (3 kilometro %6,5ean) sortzea ihesaldia, lehen mendatean. Tarteko esprintak izango dira Amurrion eta Arespalditzan (Araba), eta norgehiagoka bizia espero da sailkapen nagusirako lehian arituko direnen artean. Helmugara iristeko bost kilometro gelditzen direnean maldan behera egin beharko dute, eta, beraz, baliteke multzo txikiago batean iristea.

Gasteizen gertatzen dena gertatzen dela, Donostiako etapan erabakiko da Euskal Herriko Itzulia nork irabaziko duen. Donostiako Klasikoaren kutsua daukan etapan, hain zuzen ere. Donostiako erdigunetik abiatuko da tropela, eta Jaizkibel (7,9 kilometro %5,6an) izango dute lehen mendatea, hiru egunean izango duten lehen mailako mendate bakarra. Irun aldera egingo dute gero, eta, Gurutzeko maldetan gora aritu ostean (2,7 kilometro %5,2an), Donostiara iritsiko dira. Handik abiatuko dira Itzuliko azken mendatera: Mendizorrotz (4,1 kilometro %7,3an). Donostiako Klasikoan erabakigarri izan ohi den bidean, hau da, Murgil bidean arituko dira horretarako, eta ezusterik ezean, Itzulia irabaztea helburu dutenek han piztuko dute sua. Maldan behera, Oriora egingo dute, eta, handik, Donostiako Bulebarrera zuzenean.

Errebantxa kutsua

Aurtengo sasoiak bi izen nagusi izan ditu tropelean: Demi Vollering (Sd Worx) eta Annemiek van Vleuten (Movistar). Herbehereetako bi txirrindulariek lehia estua izan zuten aurreko astean Espainiako Vueltan, eta Euskal Herrian lehia horren errebantxa ikusteko aukera aparta izango dute zaleek. Vollering erakustaldia emanda nagusitu zen iaz, Itzuliko lehen ekitaldian. Txirrindularia hiru etapetan gailendu zen, eta, nola ez, horiz jantzita joan zen etxera. Orduan, baina, Van Vleuten min hartuta zegoen, eta lasterketan egotekoa bazen ere, ezin izan zen Euskal Herriko errepideetan izan. Horregatik, aurtengo lehiak osagai guztiak ditu maila gorenekoa izateko.

Herbehereetako bi txirrindulariek Espainiako Vueltan izan zuten azken buruz burukoa, eta Van Vleutenek irabazi zuen, astebeteko itzulietan erregularrena dela erakutsita. Sasoi osoan, baina, Vollering aurretik izan du egun bakarreko lasterketarik handienetan. UCI World Tourreko lau probatan nagusitu da aurten: Strade Bianche, Amstel Gold Race, Fleche Wallonne eta Lieja-Bastogne-Lieja klasikoetan. Euskal Herriko Itzuliak hiru etapa ditu, eta ikusi beharko da Volleringen joa edo Van Vleutenen erregulartasuna nagusitzen den. Euskal zaleek, baina, bermatuta daukate ikuskizuna.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.