Gloria Helgueta. Diktadurak desagerrarazi zuen atxilotu baten arreba

«Txile eraldatzen jarraitzeko aukera ematen du konstituzio berriak»

BERRIA.
jon ordonez garmendia
2022ko ekainaren 30a
00:00
Entzun
Martin Helgueta 1974ko uztailaren 15ean atxilotu zuten Dina Txileko zerbitzu sekretuetako poliziek. Ingeniaritza ikaslea zen, eta MIR Ezker Iraultzailearen Mugimenduko kidea. Atxilotu eta desagerrarazi egin zuten. Gloria arrebak 18 urte zituen orduan, eta bizitza osoa darama justizia eske.

Ikusi gehiago:Miguel Littin, zinemagile txiletarra: «Allendek nahiko zukeen konstituzioa da»

Londres 38 memoria elkarteko kidea da orain Gloria Helgueta. MIReko kidea izan zen bera ere. Txileko Auzitegi Gorenean dago orain Martinen auzia.

Badakizu zer bozkatuko duzun irailaren 4an?

Noski. Baietz bozkatuko dut. Batetik, prozesu irekia izan delako. Mugak izan ditu, baina baita bertuteak ere. Orain arte ikusezina izan den herrialdearen zati bat ikusarazi du. Eta, bestetik, Txile eraldatzen jarraitzeko aukera ematen duelako maila instituzionalean. Hori babestu beharra dago. Prozesua ez da hemen amaitzen. Hasi besterik ez da egin. Konstituzioak ez du magia egingo: aldaketak gauzatuko diren esparru bat ezarriko du. Hor asko dugu jokoan.

Artikuluen artetik, zer azpimarratuko zenuke?

Desagerrarazia ez izateko eskubidea jasotzen du, eta, hala gertatuz gero, senideei bilatzeko eskubidea aitortzen die. Gainera, preskripzio erdiaren araua baliogabetu dute: arau horrekin, epaileek zigorra murrizten diete giza eskubideak urratzeagatik zigortutakoei delitua preskribatzeko denboraren erdia pasatu denean, nahiz eta Txilen preskribaezinak diren krimenak.

Memoria eskubidea jasotzen du konstituzio berriak.

Giza eskubideen urraketen memoria azpimarratzen du konstituzioak, eta hori garrantzitsua da, noski. Baina ez da nahikoa. Balio batzuk berreskuratu behar dira, estatu terrorismoaren kontra izan zen oposizioaren balioak. Uste dut Biltzar Konstituziogileak gehiago egin zezakeela. Baina dagoena dago, eta sakondu egingo dugu.

Zer emaitza espero duzu irailaren 4an?

Baiezkoak irabaziko du. Ezezkoak irabaztea ez da sartzen nire buruan. Baina ikusteko dago parte hartzea zenbatekoa izango den eta zer alderekin irabazten duen baiezkoak. Zirriborroa kaleko postuetan dago salgai, eta arrakasta handia izan du. Jendea biltzen ari da eztabaidatzeko. Baina mobilizazioa ez da matxinadaren garaian bezalakoa, eta horren falta sumatzen dut. Espero dut gobernuak eta ezker ofizialak eskuinarekiko jarrera defentsiboa uztea; hori izan zen Kontzertazioaren arazoa [Pinocheten kontrako oposizioaren gehiengo batek sortu zuen koalizioa demokrazia berriro ezarri zenean]. Orain arte kontzesioak eta azalpenak eman dizkio eskuinari, gehiegi. Gobernuak bere ekarpena du jokoan, eta jokatu egin behar du, ez defenditu.

Ikusi gehiago: Lieta Vivaldi, unibertsitate irakaslea: «Konstituzio berriak bizitza jartzen du erdigunean, enfasi handiz»

 
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.